Catalunya VI: CiU independentista da?

  • Inprimatu

Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren VI. atala da honakoa:

 

Zergatik joan da CiU "independentismorantz"? Galdera honi erantzuteko, labur izan arren, beharrezkoa da ezagutzea zein zen eskuin nazionalista kataluniarraren egoera biraketa hau eman baino lehen.

CiUk Generalitatea berreskuratu zuen 2010eko azaroan, PP gobernu espainiarrera iritsi baino urte bete lehenago. Lehen unetik osasun eta hezkuntza publikoaren aurkako erasoaldi basatia jaurti zuen. Masen gobernua aitzindaria izan zen ebakuntza-gelak eta osasun zentroak ixten eta osasun kopagoa aplikatzen. Poliziaren errepresioa maila handiago batera eraman zuen: Mossos d’Esquadren errepresio basatia M15 mugimenduaren aurka; 2012ko martxoaren 29ko greba orokorreko manifestazioaren aurkako karga ankerra (74 atxilotu izan ziren Catalunya osoan); ekintza errepresibo berri bat 2012ko azaroaren 14ko greba orokorrean, non Ester Quintana gazteak begi bat galdu zuen Mossos d’Esquadrek botatako gomazko pilota batengatik; poliziaren infiltrazio sistematikoa manifestazioetan errepresioa justifikatzeko ekintzak antolatzeko; hiru hildako urte batean Mossoen "erredukzio" ekintzengatik... Europako Kontseiluak ere "tamalgarritzat" izendatu zuen egoera, Catalunyara egindako bisitaren ondoren ere atxilotuen tratu txarren salaketek jarraitu egiten zutelako.

PPk bezala, CiUk manifestazioen eta ezkerreko taldeen aurkako kriminalizazio gogorra garatu zuen. Eskuin kataluniarra greba eta manifestazio eskubidea murriztearen alde dago, eta hala esan dute aukera izan duten bakoitzean. Murrizketak justifikatzeko, CiUk ongizate estatua deitutakoaren aurkako demagogia osoa erabili zuen. Gogoratu besterik ez daude Osasuneko consellerra izan zen Boi Ruizen hitzak: “la salud es un bien privado que depende de uno mismo, y no del Estado”. Osasun pribatuko patronal kataluniarreko buru izan zenean mutua pribatu batean sartzera gonbidatu zituen kataluniarrak. Bestetik, Esperanza Aguirrek Madrilen egin zuen moduan, Mas-Colell Ekonomia consellerra doako laguntza sozial unibertsalak bertan behera uztearen alde agertu zen.

2011ko hasieran, PP izan zen CiUren sozio nagusia Parlamentean. Inoiz ez zen Catalunyan bien arteko kolaborazio politikoa hain agerikoa izan, jakinik gainera bertan PPren aurpegia aski ezaguna dela: atzerakoia eta españolista. 2011ko maiatzeko udal hauteskundeen ondoren, aliantza hau indartu egin zen Bartzelonako alkatetza lortzeko PPk CiUri emandako babesagatik eta Badalonako alkatetza lortzeko CiUk PPri emandako laguntzagatik (Xavier Garcia Albiol arrazista ezaguna jarri zen alkate). Bien arteko kolaborazioa are gehiago handitu zen Rajoi gobernu espainiarrera iritsi zenean 2011ko azaroko hauteskundeei esker. CiUk PPren eraso guztiak babestu ditu kongresu espainiarrean honek Catalunyan emandako babesaren truke: lan erreforma, amnistia fiskala, aurrekontuen egonkortasun legea, murrizketak osasunean eta hezkuntzan. CiUk PPri egindako kritika bakarrak honen neurriak gogortzeko soilik izan ziren. CiUk, lan erreforma "sakonagoa" eta funtzionarioen soldata murrizketa altuagoa eskatu zituen besteak beste.

 

Catalunyan oso mobilizazio garrantzitsuak izan dira murrizketen eta erasoen aurka. Manifestazio jendetsuak osasuneko murrizketen aurka, M15aren mobilizazio handiak 2011n, 2012ko martxoaren 29an eta azaroaren 14n izandako greba orokorren jarraipen masiboa (bi egun hauetan milioi bat pertsona manifestatu ziren), etxe-kaleratzeen aurka antolatutako mobilizazioak, Sindicat d'Estudiantsek hezkuntzako murrizketen aurka antolatutako greba eta manifestazio garrantzitsuak… Masa mobilizazio hauek guztiak minimizatu egin zituzten Catalunya bertako eta kanpoko komunikabideek, baina mobilizazio hauetako parte hartzea auzi nazionalarekin zerikusia izan duten mobilizazioen adinakoa izan zen.