Ikasle Abertzaleaken eta Ikasle Sindikatuaren komunikatuak urriaren 21, 22 eta 23ko ikasle greba orokorrari buruz

Urriaren 21, 22 eta 23rako ikasle greba orokorra deitu du Ikasle Sindikatuak. Aste honetan gai honi buruz Ikasle Abertzaleakek eta Ikasle Sindikatuak ateratako komunikatuak jartzen dizkizuegu bakoitzak bere hausnarketa egin dezan. Goran Ikasle Abertzaleaken komunikatua duzue eta ondoren Ikasle Sindikatuarena.

Euskal Herria Sozialistak, dei egiten die Ikasle Abertzaleaki eta Ikasle Sindikatuari ikasle mugimenduaren borroka batasunaren alde lan egiteko. Horregatik, kasu honetan, uste dugu beharrezkoa dela Ikasle Abertzaleakek ikasle greba orokor hau babestea.

 

IKASLE ABERTZALEAKEN KOMUNIKATUA:

Sindicato De Estudiantesek’ Madrildik egindako ikasle grebaren deialdiaren aurrean:

 

Ikasle Abertzaleak antolakundeari egindako interpelazio eta akusazioei erantzun eta Euskal Herriari gure erabakien zergatiak jakinarazi eta argipen bat emateko asmoz atera dugu honako komunikatu hau. Ikasle Abertzaleok ez ditugu mobilizazio hauek babesten, arrazoi ugariren ondorioz:

-Gure antolakundeak, argi du inposatutako erreformei aurre egin eta Euskal Herrian hezkuntza herritik eta herriarentzat izatea lortu nahi badugu, Euskal Herriko eremu ezberdinen egoeraren araberako estrategiak diseinatu, eta honi erantzuten dion erritmo eta pausoek markatu behar dutela gure agenda politikoa.

-Egoeraren azterketa errealista egin eta ikasleriaren borroka, mobilizazio zurrunbilo antzu batean gelditu ez dadin (Sindicato de Estudiantes-en ohiko planteamendua), beharrezkoa zaigu herrialde eta ikas eremu ezberdinetako dinamiken egoera, nahiak eta beharrak ezagutzea. Dimentsio honetako mobilizazioek pausu esanguratsuak emateko balio behar dute, lanketa serio eta sakona eskatu eta hezigune bakoitzean inbertsio handia egitea exijitzen baitute, helburuak lortu nahi baldin badira behintzat.

-Deitzaileak diren eragileek, orain arte aipaturiko baldintza bat bera ere ez dute betetzen. Ez dute herriz herri antolatzeko apusturik egiten, ez dute ikasleria formatzen, ez dute erreformei aurre egiteko planteamendurik, ez dira herrialde eta eremu ezberdinetan antolaturik dauden ikasleekin agenda adosten saiatzen (CCOO eta UGT sindikatuekin ez ezik) eta hori gutxi balitz bezala, aurretik aipaturiko guztia egiten saiatzen ari garen antolakunde ezberdinei, haien agenda zentralistara ez batzeagatik onartezinak diren akusazioak egin izan dizkigute.

Sindicato De Estudiantes gaur egun dugun hezkuntza ereduaren konplize dela ulertzen dugu. PSOEren interes elektoralistei erantzutera bideraturik dagoen ikasle sindikatu hau, ikasle mugimenduaren izerdiaz probestu da behin eta berriz, negoziatzaile legitimotzat joaz bere burua, ikasleriaren haserrea baretzen saiatu eta gobernuari behar duen egonkortasuna emanaz. Esate baterako, LOMCEren aurretik indarrean zegoen hezkuntza legea (LOE) haiek adostu zuten orduko gobernuarekin. Eta horra hor, komunikabide nagusiek ematen dieten babes eta oihartzunaren edo/eta gobernutik jasotzen dituzten baliabide ekonomiko neurrigabeen jatorria.

Ikasle Abertzaleak erreformen aurrean:

LOMCE-rik EZ!” lema gainditutzat eman genuen Ikasle Abertzaleok, euskal gizarteak erreforma anker honen muina ulertu eta aurkakotasun sendoa erakustean. Helburu hau gauzaturik, honi nola aurre egin planteatzea egokitu zitzaigun. Ikastetxez ikastetxe eta herriz herri erantzutearen beharraz jabetu eta erantzunaren subjektua ikasleria izatetik, Hezkuntza Komunitate osoaren inplikazioaren garrantziaz ohartu ginen. Azken urteotan lortzea posible izan ez dena lortu zen orduan. Erreforma ez aplikatzeko moduak adostu (horren ondorio da LOMCE desobeditzeko Gure Gida), eta hori gutxi balitz hezkuntza propioa eta herritarraren alde borrokatzeko konpromisoa hartu dugu (ikasleriaren presioaz eta komunitateko hainbat kideren konpromisoaz besteak beste). Orain konpromiso horri klasez klase, ikastetxez ikastetxe eutsi eta hezkuntza propioaren bidean pausoak zehaztea dagokigu.

Estatuko gainontzeko herrialdeetako ikasleekin baterajotzeak adostearen (11×12 mobilizazioekin egin zen moduan) hipotesirik ere ez dugu baztertu inolako momentuan gure antolakundean. Espainiar estatuak zapaltzen dituen Herrietako ikasle antolakundeekin harreman egonkorra dugu (Galiziako 2 antolakunde, Gaztela, Andaluzia, Aragoi, Herrialde Katalanak, Asturias…) eta elkarrekin adosten ditugun mobilizazioak eta ematen ditugun pausoak errealitate ezberdinak kontuan hartuta ematen ditugu. Beraz, berekoitzat, arrazistatzat… jo izan gaituzten sektoreak internazionalismoaren esanahiaren inguruko analisia egitera gonbidatzen ditugu, herrien eta eragileen arteko errespetuan oinarrituriko borroken aldeko hautua egin eta mugimenduaren kapitalizazio saiakerak ekidite aldera.

 

Mobilizazio horiei babesa ematen dieten Euskal Herriko eragileei:

 

Europar Batasunak aurrera daraman estrategia neoliberalaren aplikazioa, Espainiako zein Euskal Herriko burgesiak babesten du. Gure eremuan horri aurre egiteko tresna eraginkorrena momentu honetan Hezkuntza Komunitatearen (hezkuntzaren parte garen herri sektoreen) batasuna dela ulertzen dugu eta horren koherentziaren eta eraldaketarako apustuaren bermea, ikasleria. Beraz, lerro hauek zuzendurik dauden eragileei Euskal Herrian lanean diharduen hezkuntza plataformara batu edo bertako partaideekin eztabaidatzeko gonbita egiten diegu eragile hauek dituzten planteamendu eta beharrak zein diren jakin eta gure herriari begirako planteamenduak indartze, eta behar bada, bateratze aldera. Hala egiten ez den bitartean, hemen ematen diren pausoak kritikatu eta Madrilgo bulegoetako erritmoak inposatzen saiatzeak, ikasle eta herritarren artean nahasmena sortzeko asmoa erakusten du.

Euskal Herrian LOMCE eta EU2015 gelditu eta herritik eta herriaren mesedera dagoen hezkuntza irabaztea gure erabakien zuzentasunaren eta gure koherentziaren indarraren menpe dago. Irabazteko estrategia iraultzaile bat diseinatzearen eta aurrera eramatearen beharra dago, eta horretan ari gara. Gainontzeko ikasle antolakundeei internazionalismoaren bideari ekin eta estrategiak bateratzeko lan egitera dei egiten diegu.

 

Aztertuz, astinduz eta sortuz, Euskal Eskola Nazionala!

Gora ikasle mugimendu iraultzailea!

 


IKASLE SINDIKATUAREN KOMUNIKATUA:

 

Ikasle Sindikatuaren komunikatua: urriaren 21, 22 eta 23ko greba orokorra

Ikasle borrokari bai!

Irakaskuntza publiko, doako, duin eta euskalduna batera defendatzeari bai!

Orain da unea!

 

Datozen urriaren 21, 22 eta 23an irakaskuntza publikoarekin amaitu nahi duen gobernu eskuindar españolista honi aurre egiteko gure erabakia eta borondatea erakustera itzuliko gara. Aurre egingo diegu aldi berean praktikan irakaskuntzaren pribatizazioaren alde gobernatzen eta legislatzen eta PPrekin akordioetara iristen diren guztiei. Hau dena gure kalitatezko hezkuntza publiko, doako eta euskaldunaren eskubidearen kontura egin dute EAJ, UPN eta PSOEk ere.

21, 22 eta 23ko mobilizazioa, hiru eguneko greba institutoetako eta unibertsitateko ikasgelak hustutzeko, kaleak gazteriaren indarrarekin betetzeko, aipatu ditugun gainontzeko alderdiekin kolaborazioan PPk jaurtitako eraso basatiak merezi duen erantzun eraginkor, masibo eta antolatua da.

Ikasle Sindikatutik dei egiten diegu beste behin Ikasle Abertzaleakeko kideei mobilizaziora elkartzeko, batera borrokatzeko. Konbentzituta gaude beharrezkoa dela batera parte hartzea gobernu eskuindar eta españolista honen legeen eta kontrarreformen aurka. Arrazoi honengatik, Ikasle Sindikatutik honakoa esan nahi diegu Ikasle Abertzaleaken komunikatua egin duten arduradunei: "PSOEri joko elektorala egitea", "agenda zentralista bat izatea" edo "mobilizazio antzuak antolatzea" bezalako akusazioak erabat faltsuak dira eta erasotzen gaituzten erreakzionarioei bakarrik egiten diete mesede.

PSOEko agintariak Ikasle Sindikatuak deitutako ikasle grebaren aurka daude erabat, eta kontra daude dagoeneko PPren gobernuarekin akordio bat negoziatzen ari direlako. PSOEren zuzendaritzak amorru handienarekin erasotu izan du Ikasle Sindikatua. Gogor erasotu gaituzte hezkuntzaren pribatizazioa bultzatu duten legeetan inplikatu direla salatu dugulako, Boloniako Planarekin egin zutenean bezala adibidez.

Ez Ikasle Sindikatuak eta ezta Euskal Herritik kanpora dauden Sindicato de Estudianteseko gure kideek ere ez dute agenda zentralista bat. Guk beti defendatu izan ditugu Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galiziaren autodeterminazio eskubidea eta irakaskuntza publiko euskaldunaren, katalunieraren eta galizieraren eskubidea, non ama hizkuntzak errespetatuak eta defendatuak izango liratekeen nazionalismo españolistaren zapalkuntzaren aurrean. Ikasle Sindikatuak eta Sindicato de Estudiantesek beti adierazi die elkartasuna eta eman die babesa Ikasle Abertzaleakeko kideei eta euskal gazteriari errepresio polizialaren eta judizialaren biktima izan direnean.

Ikasle Sindikatutik beti egon gara burgesia kataluniarraren eta euskal burgesiaren akordioen aurka, zeren EAJko edo CiUko ordezkariak esplotatzaileak, espekulatzaileak, bankariak dira. Hauek dira etxetik botatzen gaituztenak, irakaskuntza publikoa pribatizatzen dutenak, LOMCE aplikatzen dutenak eta indar errepresiboak bidaltzen dituztenak borrokatzen dugunon aurka, PPk egiten duen bezalaxe. Guk uste dugu gure aliatuak ez direla euskal burgesak eta burges kataluniarrak, EAJ edo CiU, gure aliatuak lurralde guztietako gazteak eta langileak dira. Hauekin interes gehiago dugu komunean zeren denok modu berean esplotatuak eta zapalduak gara, langabeziara eta prekarietatera amorru berberarekin botatzen gaituztelako, eta eskubide berbera kendu nahi digutelako: kalitatezko irakaskuntza publiko eta doakoa.

Seguru gaude Ikasle Abertzaleakeko kide askok ez duela bat egiten komunikatuak planteatzen duenarekin. Horregatik, beste behin, batasunerako deia luzatzen dugu, batera borrokatzeko, batera mobilizatzeko, batera manifestatzeko, martxoaren 27an egin genuen bezala. Ikasle Sindikatutik beti babestu ditugu Ikasle Abertzaleakek planteatutako mobilizazioak. Irakaskuntza publikoa, doakoa eta euskalduna indarrak elkartuta defendatzeko unea da. Eta askoz hobe gure indarrak Kataluniako, Galiziako, Madrilgo, Valentziar Herriko, Andaluziako edo Asturiasko ikasleekin elkartzen baditugu, ikurrinaren edo senyeraren atzean gordetzen diren burgesekin baino.

 

Unibertsitatearen, Batxilergoaren eta LHren pribatizazioari ez!

Kalitatezko irakaskuntza publikoa, laikoa, doakoa eta euskalduna!

Bekak nahi ditugu, ez hipotekak!

Kontrarreforma frankistarik ez!

Wert, Uriarte eta Iribas: dimisioa!

 

 

Denok elkartuta urriaren 21, 22 eta 23ko grebara!

Informazio gehigarria