PNV barneko tentsioak eta klaseko independentzia

  • Inprimatu

Garbi dago PNVren barnean zatiketak daudela. Josu Jon Imaz PNVren buruak ere onartu du errealitate hau. Arzalluzek Euskadi Buru Batzarraren zuzendaritza utzi zuenean geratu ziren agerian aspaldiagotik sortzen ari ziren tentsioak.

 

Garai hoietatik zatiketak ez dira desagertu. Beste hainbat gauzen artean, orain dela urte bat adibidez PNVren Epaitegi Nazionalak Javier Vizcaya alderditik kanporatzea erabaki zuen. Javier Vizcaya alderdiaren prentsa burua izan zen 1986tik 2004era Arzalluzekin, eta gainera honen aholkulari garrantzitsuenetakoa izan zen. PNVren epaitegiak zioenez Javier Vizcaya web orri baten bitartez Imazen aurkako “irainak” eta “difamazioak” bultzatzen ari zen. Bestalde, Auzitegi Nagusiak Ibarretxeren aurka eramandako inputazioaren aurrean, PNVren sektore batek, Egibarrek zuzenduta, autoinkulpazioaren iniziatiba hasi zuen eta hau ez zuten gustoko izan Imazen aldekoek. Imazek eta Euskadi Buru Batzarrak ziotenez ekintza hau ez zen alderdiak erabaki bezala hartua izan eta iniziatiba honen helburua Ibarretxe beren sektorerako irabaztea zen. 

Tentsioa ez da amaitu urte hauetan eta datozen hilabeteetan Euskadi Buru Batzarraren zuzendaritza berria hautatuko denez bi sektoreen arteko borroka handitu egin da azken asteetan. Ibarretxek herri galdeketari buruz esandakoari erantzuna emanez Imazek idatzitako artikulu famatuarekin hasi ziren ikusten berriro ezberdintasunak. Lehendakariaren esanetan, herri galdeketa legislatura honetan egin behar da nahiz eta ETAk borroka armatuarekin jarraitu. Baina 2005ko EAJ-PNVren Ekimena dokumentua oinarritzat hartuz Imazek Ibarretxeri erantzuten zion galdeketa ezin dela egin ETAk borroka armatua utzi gabe. Imazen artikuluak zioenez, bere apustua Estatuarekin akordiora heltzea da eta “normalizaziora” heltzeko pauso hauek jarraitu behar dira: akordioa lortu euskal alderdien artean, ondoren hau Estatu Espainiarreko kongresuak onartu eta bukatzeko herri galdeketa egin. 

Nonbait, Arzalluz eta Egibarri ez zitzaien Imazen artikulua gustatu. Ibarretxe Plana gogoratuz, Estatuak autodeterminazio eskubidea aitortzea eskatu eta herri iniziatiba bultzatzea defendatu zituen Egibarrek ondorengo egunetan. Arzalluzek berriz, elkarrizketa batean, Madrilgo Gobernuarekiko PNVren politika gustoko ez zuela eta bera Ibarretxeren ildokoa zela esan zuen.  

 

Arzalluz eta Egibar subiranotasunaren alde?

 

Komeni izan zaien guztietan egin duten moduan Arzalluzek eta Egibarrek beren alde “erradikala” atera zutela esan daiteke zeren Imazek planteatu dituen ideia hauek ez dira berriak PNVren historian. Imazek defendatutakoa 2005eko PNVren dokumentuan biltzeaz gain, Arzalluzen garaiko manifestuetan ere biltzen dira alderdiaren ohitura paktistak. Lehen aipatu dugun Arzalluzen elkarrizketan (pasa den abuztukoa) ez zuen erreparorik esateko bera paktista izan dela eta Aznarrekin ere hasieran ederki konpondu zela. Arzalluzek behin eta berriz erakutsi digu Euskal Herriaren eta bere herritarren askatasuna bost axola zaizkiola eta horretarako gogora ditzagun adibide batzuk.

Arzalluzen PNVk, CIUrekin batera, 1996ean Aznarren inbestidura babestu zuen PPri gobernura heltzea bideratuz eta PPren aurrekontuak babestu zituen behin baino gehiagotan ondorengo urteetan. Hain zuzen ere PPren gobernuari eman zion babesa Arzalluzen PNVk, Batasuna ilegalizatuko zuena, errepresioa handituko zuena, presoen egoera are larriago jarriko zuena... nork eta gure Arzalluz euskal erradikal independentistak babestuta. Babes honen truke Aznarrek, CIUren gobernuari bezala, autogobernu gehiago eman zion PNVren gobernuari.

Autogobernu gehiago lortu zuen Eusko Jaurlaritzak baina hau esatearekin ez da nahikoa. PNVk ez zuen nahi autogobernu gehiago euskal herritarrak askeago izateko, bere interes ekonomiko-kapitalistak hobeto kontrolatzeko baizik. Hau ere ez da berria. Kasu askotan ikus dezakegu nazio zapalduetako burgesiek autogobernu gehiago izatea defendatu dutela, baina hori bai, Estatu zapaltzailearekin puskatu gabe bertako burgesiarekin dituzten lotura ekonomikoengatik. Hori defendatzen zuen PNVren aurreneko urteetan alderdiko Ramon de la Sota multimilioidunak, autonomia gehiago lortzearen aldekoa zen baina Estatu Espainiarretik banatzearen etsaia. Zergatik eman zien bestela Aznarrek autogobernu gehiago? Burgesia espainiarrak eta euskaldunak pertsona berdina osatzen dute ekonomia kapitalistaren defentsan, ez zen Aznarren kontzesioa izan, bi burgesien adiskidetasunaren seinale baizik. Oso lagun ona izan zuen beraz Arzalluzek Aznar faxista. Honako hau esan zuen Arzalluzek PPrekin lortutako akordioez: “hamar egunetan gehiago lortu dugu PSOEren 13 urtetan baino”.

Aznar eta Arzalluzen bilerek zer esan handia eman zuten, luzeak eta gai guztietara zabalduak zirenaren ospea zutelarik. Komunikabideen arabera bien arteko harremanak bikainak ziren. Zertaz hitz egin izan zuten bilera hauetan? Ertzantzaren, Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren harremanak hobetzeari buruz, Kale Borrokaren aurkako legea ezartzeari buruz, langileen bizi baldintzak gehiago zapaldu dituen Euroaren sarrerari eta langile merkatua erreformatzeari buruz... horiexek Arzalluz erradikal euskaldunaren buruhausteak Euskal Herriaren onurarako.

Denok dugu gogoan Aznarren “España va bien” esaldi famatua. Bada gogoratu dezagun baita ere zein zen Arzalluzen iritzia PPren politika ekonomikoari buruz, bere ustetan ezin hobea. PPren politika ekonomiko kriminal kapitalista defendatu zuen: pribatizazioak, errekorte sozialak... Eta Lizarra-Garaziko gaiarekin harremana “okertzen” hasi zenean ere PPk PNV eta CIUren laguntza izan zuen langile klasearen aurkako neurriak aurrera eramateko, Estatu-Markuari babesa emanez adibidez. PNVk PPrekin zuen adiskidetasuna puskatzen hasiagatik Arzalluzek garbi adierazi zion Aznarri “Lasai egon, PNVk konstituzioa onartzen du eta onartuko du”. Nahiz eta diskurtso erradikalarekin ikus dezakegun zenbaitetan, Arzalluzek beti erakutsi du benetako momentuan zein jarrera hartzen dituen. Lemoizko zentralarekin “Zentral nuklearra ez bada eraikitzen euskaldunok azak jango ditugu kandelen argiarekin”, NATOri buruzko erreferendumean “Mundua ondoratuko bada ere nik ‘bai’ bozkatuko dut”, Sozialista Abertzaleak ilegalizatzeko garaian “ez da ezer gertatzen SA desegiten badute. Joaten badira, gehiengo absolutua izango genuke eta hori aurrerapausoa da PP eta PSOEren aurrean”. Hemeroteketan begiratu besterik ez dago horrelako gehiago ikusteko. Eta Egibar?

Oso kritiko azaldu zen Imazen artikuluarekin. Hain politika ezberdinak defendatzen al dituzte Egibarrek eta Imazek? Herri galdeketari buruz Ibarretxek esandakoari babesa eman nahirik Ibarretxe Planaren onurak gogoratu zituen bere adierazpenetan. Azter dezagun beraz labur Estatutu proposamen hau, Egibarrek hain gustoko duena. Egia da sarreran autodeterminazio eskubideaz ere hitzegiten duela baina zer dator ondoren? Irakurtzeko aukera baduzu behin eta berriz ikusiko duzu hainbat puntutan Estatu Espainiarraren eta Konstituzioaren onarpena, hauteskundeen ondoren Lehendakaria Erregeak izendatua izango dela jartzen puntu batean, Estatu Espainiarreko indar armatuak onartzen ditu eta hauen eta Ertzantzaren arteko koordinazioa bultzatu, eta nola ez literalki jabego pribatua eta merkatu askearen defentsa aldarrikatzen ditu. Ibarretxeren Plan horretan aurki ditzakegun puntu batzuk besterik ez dira hauek. Hau al da Egibarren alternatiba Euskal Herria askatzeko? Hau baldin bada PNVren sektorerik soberanistena nolakoa ote da Estatalistena?   

Egibarrek ez al ditu gustoko Imaz Estatalistaren pausoak “normalizaziorako”? Hau da, akordioa lortu euskal alderdien artean, ondoren hau Estatu Espainiarreko kongresuak onartu eta bukatzeko herri galdeketa egin? Ez al da gogoratzen Egibar, Konstituzioaren legalitateari jarraituz, Ibarretxe Plana Madrilgo Kongresuak bota zuela atzera? Non dago horrenbesteko ezberdintasuna? Arzalluzek esan zuen moduan Egibar ere Konstituzioa onartzearen aldekoa al da? Bere diskurtsoetan lehenago esango du independentziaren aldekoa dela baina garbi dago Egibar euskal burgesiaren mertzenario bat izanik Arzalluzen moduan Konstituzioaren aldekoa dela.

 

Klaseko independentzia


Artikulu hau ez da PNVko bi sektoreen arteko tentsioak zergatik eman diren azaltzeko. Artikulu honek azaldu nahi duena hau da: Imazek eta Egibarrek diskurtso ezberdinak erabili arren helburu politiko berdina dute, euskal burgesiaren interesak defendatzea. Hori da Arzalluzek egin zuena PNVren buru izan zen urte guztietan. Horregatik, garrantzi handikoa da ikustea, ez dela inongo konfidantzarik eduki behar PNVrengan Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialerako. 

Beharrezkoa da konfidantza langile eta maila guztietako herritar zapalduetan bakarrik izatea Euskal Herria eta bere herritarrak zanpatzen jarraitu nahi dutenak garaitzeko, burgesia espainiarra, frantziarra eta euskalduna hain zuzen. Marxek Lehen Internazionalean idatzi zuen moduan “langile klasea askatzea langileen eginkizuna izango da soilik”. Klaseko independentzia Marxek, Engelsek, Leninek eta Trotskyk defendatutako erakunde iraultzaileen funtsezko zutabea izan zen. Mundu guztian ikus ditzakegu ezkerreko agintariak burgesiarengan konfidantza izaten. Bide horiek porrotera kondenatuta daude. Nahitaezkoa da klaseko independentzia mantentzea politikari burges guztiekiko eta langileei hauen maniobrak zein diren azaltzea. Ez da nahikoa PNVren joko zikina salatzea, joko zikin horren zergatiak ere azaldu behar dira. Klaseko borroka, mundu mailan, handitzen ari den honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da klaseko independentziaren printzipioa mugimendu iraultzaileek burgesiaren presiopean kontzesioak egin ez ditzaten.