Hauteskunde Frantsesak. Alderdi Sozialistaren eta gaullisten porrota. Melenchonen aurrerakada ikusgarria

Ez Le Pen, ez Macron, antolatu masen borroka eskuina eta eskumaren mutur aurka!

Aurrekaririk gabeko lurrikara politikoa suposatu zuten hauteskunde frantsesen lehen itzuliak: sozialdemokraziaren porrotarengatik (PSF), bozken %6a soilik lortuz, eta eskuma gaullistaren atzerakadarengatik. Azken urteetan Frantziako aginte kapitalistaren sostengua izan diren bi alderdiak ez ziren bigarren itzulira pasa. Milioika gazte eta langile frantsesek argi erakutsi dute hautets ontzietan, murrizketen politikekin nazkatuta daudela.

 

Azkenean presidentziarako lehiara Macron eta Le Pen pasa ziren eta Macronek lortu du garaipena, bankarien eta enpresari handien hautagai kuttunak. Bozken %68,8 lortu du Le Penen %34,2ren aurrean. Kapitalistek behar zuten karanbola lortu dute, austeritate politikak jarraitu eta errepresioa areagotzeko langileen, gazteen, langabetuen eta pertsona migratzaileen aurka. Baina egoera ez da beraientzat ematen duena bezain erraza.

Egia esan, lehen itzuliko sorpresarik handiena Jean-Luc Mélenchonek eman zuen, 7.011.856 bozka lortuta eta historikoa den %19,62 batekin. Bigarren itzulian, zurian edo baliogabeko bozkek Frantzia Intsumisoaren deialdiari jarraituz %12 suposatu dute. Aurrekaririk gabeko marka da, tradizionalki kontatu ere ez zirenean egiten bozka hauek. Abstentzioa batzen badugu 16 milioi dira, 47 milioiren aurrean, bizkarra eman diotenak Le Pen eta Macroni. Macronek inskribatuen %43,6 bozka jaso du eta horietatik %43ak Le Peni bidea mozteko egin du eta soilik %16a izan da bere programan sinetsiz bzkatu duena. Argi dago Macronek oraingoz oinarri oso ahula duela gobernatzeko eta aurrean dituen urteak oso ezegonkorrak izango direla.

Marine Le Pen ultra eskuindarra aldiz, oso urrun geratu da bi itzulietan zeuden aurreikuspenetatik. Lehen itzulian inkestek garaile ematen zuten eta 7.658.990 bozketan geratu zen eta bigarrenean 10,6 milioi bozka lortu ditu, espero zuen %40ra ere iritsi gabe.

François Fillon, eskuma gaullistaren hautagaia, hirugarren tokian gelditu zen lehen itzulian 7.162.632 bozkekin (%19,94). 2012an baino 2,6 milioi bozka gutxiago lortu zituen, eta 2007an baino 4,2 milioi gutxiago. Hauteskunde hauen aurretik eskuin tradizionala krisi sakonean bazegoen, ustelkeria eskandalu askok zikinduta -horien barnean Fillon bera egonik,- emaitza hauek zatiketa berriak eragingo dituzte.

Alderdi Sozialistaren porrot historikoa

Alderdi Sozialista Frantsesarentzat ere etapa berri bat irekitzen da. Bere hautagaia, Benoit Hamon, bostgarren izan zen 2.268.838 boto bakarrik eskuratuz (%6,35). Hollandek 2012an lortutakoa baino 8 milioi gutxiago! Sozialdemokrazia frantsesak jasotako porrot historiko hau PASOK greziarrak jasandakoarekin bakarrik alderatu daiteke. Bi kasuak, azken hamarkadan eman duten ibilbidearen ondorio zuzena dira: buruzagitza kapitalistekin fusionatzea, mirabekeria austeritate politikak aplikatzerakoan eta klase dominatzailearen inperialismoaren defentsa sutsua. Hollanden gobernuak azken garaian aurrera eramandako errepresio legeek eta gizartea militarizatzeko hainbat neurrik krisi hori indartu besterik ez dute egin.

Emaitza hauek ekaineko hauteskundeetan errepikatuko balira, Alderdi Sozialista Frantsesaren historiako emaitzarik txarrenak izango lirateke parlamentuan. Edozein kasutan alderdia erabat zatituta dago. Valls eta Hollandek Macron babesten ari dira. Valls bera aurkeztu da ekaineko hauteskunde legislatiboetan Macronen alderdiko buru izateko.

Fronte Nazionala bigarren itzulian sartu da baina helburuak lortu gabe

Hauteskunde aurreko asteetan argitaratutako inkesta guztiek Le Pen ematen zuten garaile. Ez zioten bozken %25a baino gutxiago ematen baina azkenean soilik 7,6 milioi lortu zituen, %21,4a; 2012an baino 1,2 milioi gehiago. Bigarren itzulian gehiago lortu baditu ere, emaitza hauek Fronte Nazionalaren mugak agerian uzten dituzte.

Le Pen Trumpen ereduan oinarritu zen hauteskunde kanpainarako: etorkinen kontra sakon aritu zen, bere burua frantziar “ahaztuen” defendatzaile bezala agertuz eta argi utziz “anti-establishmentaren” hautagai bakarra  zela. Baina hauteskunde amerikarretan ez bezala, kasu honetan bazegoen hautagai bat ezkerrean: Melenchon, austeritatearen eta murrizketen aurkako programa defendatuz.

Fronte Nazioanalaren igoera azken urte hauetan ez da soilik gertatu botere ekonomikoa galdu duten gizarteko geruza ertainetan. Babes gehien landa eremuko guneetan mantentzen jarraitzen duen arren, langabeziara kondenatutako gazte eta langileen hainbat sektore erakarri ditu diskurtso demagogikoaren eta atzerakoiaren bidez. Fronte Nazionalaren gorakada, sistema kapitalistaren krisiaren aurrean sozialdemokraziak eta eskuin tradizionalak emandako porrotaren emaitza da. Baina horren guztiaren gainetik, milioika langilek badakite Le Pen patronalaren beste tresna bat dela, langile mugimendua eta bere eskubideak zapaltzeko.

Emmanuel Macron finantza altuen hautagaia

Emmanuel Macron bilakatu da dudarik gabe hautagairik sendoena burgesiarentzat. Komunikabide kapitalistengatik bultzatua izan da Frantziako “salbatzaile” bezala. Hollandekin ekonomia ministro izan zen Macronek, ardura handia izan zuen gobernu horren murrizketa politiken diseinuan. Independente bezala egonik, Alderdi Sozialistako gobernua utzi zuenean, bere alderdia sortu zuen hauteskunde presidentzialetarako: En Marche! Konbentzituta dagoen europar bat bezala marrazten dute, ustelkeriatik salbu dagoena eta “politika zaharrei” lotu gabea. Baina hitzontzikeria “zentrista” hauen atzean austeriatearen, murrizketen eta pribatizazio masiboen aldeko kapital finantzarioa dago.

Ez da kasualitatea, eskuin tradizionaletik hasi eta PSFra arte, agintearekin eta ordenarekin errespetuz jokatzen duen orok Macronen aldeko bozka eskatu izana. Beren jarrera "dei abertzale" gisa mozorrotu dute, ultraeskuin anti-europearra garaitzeko.

Mélenchonen aurrerakada historikoa

Ezkerrarentzat garrantzitsuena Jean-Luc Mélenchonen aurrerakada historikoa izan da. “Frantzia Intsumisoa” alderdiarekin 7.011.856 boto lortu zituen lehen itzulian (%19,62), 2012an baino 3 milioi gehiago. Fillonek 115.000 gehiago bakarrik lortu zituen eta Le Penek 550.000. Bigarren itzulira pasatzeko zorian egon da eta 25 urtez azpikoen artean hautagairik bozkatuena izan da. Gainera lehena izan da Frantziako 10 hiri garrantzitsuenetatik 4etan: Marseilla – Frantziako bigarren hiria -, Tolosa, Lille eta Montpellier. Beste hiruetan bigarren tokian gelditu da: Burdeos, Nantes eta Estrasburgo. Aurreraka historiko honek 2015ean SYRIZArekin, Estatu Batuetan Sandersekin edo Estatu Espainiarrean Podemosekin gertatu diren fenomeno berdinei erantzuten die.

Komunikabideak etengabe ari dira errepikatzen gizarte frantsesaren ustezko eskuinerako biraketa eta ezkerraren krisia. Baina apirilak 23ko eta maiatzaren 7ko emaitzek irudi oso bestelakoa ematen zuten: gizartean polarizazio politiko indartsua ematen ari da, sistema bipartidista krisian dago, eta milioika gazte eta langile ezkerrera biratzen ari dira. Horren adibide garbia dira PSFtik ezkerrera sortu diren erakundeak batuz (Frantzia Intsumisoa, Alderdi Antikapitalista Berria eta Lutte Ouvriere) Fronte Nazionalaren bozka kopuru berdinak lortu zituztela lehen itzulian.

Antolatu mobilizazioa eskuinari eta ultra eskuinari aurre egiteko

Bigarren itzuli honetan ulertzekoa da hainbat langile sektoreek Macron-i bozka ematea. Borrokatzen duen ezkerrak ordea ezin dio babesa eman sozialdemokrazia eta eskuinak aplikatzen dituzten errezeta berdinak erabiltzen dituen hautagai bati. Hain zuzen ere hori izan da Fronte Nazionala aurrera egitera eraman duena. Horrela ez da gelditzen ultra eskuina!

Hurrengo ekaineko hauteskundeetarako toki ezin egokiagoan dago Frantzia Intsumisoa. 450.000 pertsona baino gehiagok eman zuten izena internet bidez, erreferente bilakatzeko botere paregabea ematen diona. Milakak egin dute bat boto zuria eta baliogabea emateko deialdiarekin bigarren itzulian.

Orain zeregin garrantzitsuena potentzial hori guztia antolatzean datza. Frantzia Intsumisoa gazteen eta langileen alderdi gisa antolatu behar da kapitalismoarekin apurtuko duen programa sozialista baten baitan. Erresistentzia prestatu behar da eskuinaren eta ultra eskuinaren aurka, bai kaleetan eta baita ekaineko hurrengo hauteskundeetan ere. Borroka indartu behar da mobilizazio masiboak antolatuz hirietan, auzoetan, enpresetan eta ikastetxeetan, eta hauei jarraipena emanez Greba Orokor  handi bat prestatuz.

Informazio gehigarria