Nuit Debout: matxinada haizeak Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantziarrean

Apirilaren 9ko arratsaldean, Parisko Errepublika Plaza gainezka zegoela, jendetza ikaragarri bat “Greba Orokorra” oihuka hasi zen, egun horretako asanbladan Frederic Lordon ekonomialariak hitzen egin ostean. Ordutik, Nuit Debout (Gaua zutik) mugimendua gai izan da egunez egun Estatu frantziarrean hazten ari den haserre soziala bildu eta bideratzeko eta instituzio politiko frantziarrek duten legitimitate krisi larria agerian uzteko.

030616 protestas en francia

Mugimendua azkartasun handiarekin zabaldu da eta bere planteamenduek erradikaltasuna adierazten dute. Honen arrazoia, etenik gabe langileen aurka eman diren erasoetan eta “Ongizate Estatua” deritzona gorpuzten zuten politika sozialen suntsipenean dago. Gainera, agerian geratu da aurreko garaietako borroketatik ikasgaiak atera direla. Zalantzarik gabe, sektore askotara greba mugagabe gisa zabaldu ziren haietatik 2010eko greba handietatik ateratako esperientziak eragin handia izan dute giroa prestatzeko oraingoan erantzuna orduan baino haratago irits dadin. Azken batean, oso agerikoa da egungo Gobernuak planteatzen dituen erasoak 2010ekoen jarraipena direla eta zuzenean gehiengo sozialaren aurka doazela.

2010eko esperientzia

2010eko urriko mobilizazioek garrantzia handia hartu zuten. Gobernuaren eta botere ekonomikoaren aurkako enfrentamendua oso urrutira iritsi zen. Une hartan, mugimendu sozialak aurrera egiteko modu bakarra borroka hura arlo politikora eramatea zen, eta greba orokor mugagabearen bitartez Estatu frantziar guztia geldiaraztea. Modu horretan, mahai gainean jarri ahalko zen nork agintzen duen gizartean: bere paper parasitarioa gero eta ageriagoa uzten duten botere finantzarioek edo sistema kapitalistaren aurrean alternatiba iraultzaile batekin antolaturik dauden langileak.

Baina zuzendaritza sindikal eta politikoek ez zuten 2010ean mugimenduak objektiboki aurrera egiteko behar zuen bidea hartu, eta iheska ibili ziren gobernuaren aurka enfrentamendu zuzenik ez edukitzeko. Beren zalantzakerien ondorioz, zuzendaritza sindikal eta ezkertiarrek erraztu egin zuten Sarkozyren Gobernutik ekonomiaren oinarrizko sektoreetan esku hartze militarra aurrera eramateko bota zuen mehatxurekin pixkanaka mobilizazioa desaktibatzea. Azkenean, mobilizazioen arrazoi nagusi izan ziren pentsioen erreforma aldaketarik gabe onartu zuten legegile frantziarrek.

Dena den, nahiz eta bere helburuak ez lortu, 2010eko borroka ez zen alferrikakoa izan. Alderantziz, egun hauetan ikusten ari garen bezala, borroka hark haziak erein zituen eta orain bere fruituak ematen ari da. Iraganeko borroken esperientzia “lasai eta isilean digeritzea”, Leninek 1905eko Errusiako iraultzaren porrotaren ondoren etorri zen erreakzio garaian hainbestetan aipatu zuen bezala, hasi da Estatu frantziarrean lehen emaitzak ematen. Ezbairik gabe, lehen seinaleak dira. Politika kapitalisten aurkako protestetan orain arte ezagutu ditugun mugimendu masiboak baino erantzun handiagoak eta zabalagoak aurreikusten dira.

Estatu frantziarreko M15

Oso esanguratsua da Nuit Deboutaren lehen asanblada martxoaren 31ko gauean gertatu izana, ikasle erakundeek CGT eta beste langile sindikatu batzuekin batera deituriko greba orokor eta manifestazio masiboen jardunaldiaren amaieran. Langile mugimenduaren eta Nuit Deboutaren arteko lotura ia berehalako hori oso modu esanguratsuan adierazi zuten kanpaldia konbokatu zuten taldeetako baten manifestuan. Convergence des Luttes (Borroken Konbergentzia) taldeak honakoa zioen apirilaren 8an:

“Gure mobilizazioa, hasiera batean, lan erreformaren aurka protestatzera bideraturik zegoen. Erreforma hori ez da kasu isolatu bat, izan ere, gure bizilagun europarrek sufrituriko herstura terapien zerrendan baitago, eta Jobs Act italiarraren zein Lan Erreforma espainiarraren ondorio berberak edukiko ditu: kaleratze gehiago, prekarietate gehiago, desberdintasun gehiago eta interes pribatuen indartzea. Uko egiten diogu talka-estrategia hori sufritzeari, bereziki estatu larrialdialdiko libertizidako testuinguru batean inposatu baitute.

Errepublika Plazako asanbladak girotzen dituzten eztabaidek agerian uzten dute bertan dagoen haserrea lan erreformatik haratago doala, eta arazo globalago batera zabaltzen dela: krisian eta arnasarik gabe dagoen sistema sozial eta politikoa zalantzan jartzen da. Ez gara gu izango bere azkenarekin penatuko garenak.

Mugimendu hau ez da jaio Parisen eta ez da bertan hilko. Udaberri Arabiarretik M15 mugimendura, Tahir plazatik Gezi parkera, Errepublika Plaza eta gau honetan Frantzian okupaturik dirauten beste hainbat eta hainbat tokitako haserre, esperantza eta konbikzio beretik datoz: gizarte berri baten beharretik, non demokrazia, duintasuna eta askatasuna ez diren deklarazio hutsalak izango.

Atzerritik jasotzen dugun babesak gure determinazioa animatzen eta indartzen du. Mugimendu hau zuena ere bada. Ez dago mugarik, parte hartu nahi duten guztiena baita. Milaka gara, milioika izan gaitezke. Elkarturik, zutik, esna. Altxa gaitezen batera”.

Bide instituzionalak eta politika tradizionalak krisian

Mugimendu honen pizgarria gobernu sozialistak onartu zuen lan erreforma izan zen, Khomri Legea izenarekin ezagutzen dena —Hollanden lan ministroa den Myriam El Khomrigatik—. Mariano Rajoyren lan erreformaren pausoak jarraituz, kaleratzeak erraztu eta merkeagotzen ditu, negoziazio kolektiboa mugatzen du eta lan prekarietatea are gehiago indartzen du. Estatu frantziarreko Gobernuak martxo hasieran aurkeztu zuen Khomri Legea eta, berehala, horren aurka kalean mobilizatu zen gehiengo soziala. Gazteen parte hartzea bereziki azpimarragarria izan zen. Protesten maila handiak atzera egitera behartu zuen Hollanden gobernua. Ondorioz, legeari aldaketa batzuk egin eta langileentzat agresiboenak ziren alderdi batzuk kendu zizkioten, besteak beste, kaleratzeengatik emandako kalte-ordain topeak eta 35 orduko lanaldiaren indargabetze formala.

Dena dela, gobernu frantziarraren kontzesio txiki horiek ez zuten inolako eragin negatiborik eduki langileen eta ikasleen mobilizazioetan, nahiz eta aitzakia gisa balio izan zien sindikatu erreformistei —horien artean CFDT, Alderdi Sozialistaren gertukoa— modu lotsagarrian borroka bertan behera utzi baitzuten. Aitzitik, indar gehiagoz borrokatzeko balio izan du. Era berean, ez zuen eduki eragin desmobilizatzailerik apirilaren 11n Manuel Valls Lehen Ministroak 500 milioi euro lan bila dabiltzan gazte lizentziatuentzat eta bekadun eta ikasleentzat diru-laguntzetara bideratuko zituela iragarri izanak. Azken batean, hori ere beste saiakera patetiko bat besterik ez zen izan; itxura egin nahi zuen, ministroak esan bezala, “Gobernua gazteak entzuten ari dela eta hauen ardurak ulertzen dituela” sinestarazteko.

“Mugimenduaren eskariak ulertzen” dituztela esaten dutenean, Vallsek eta Alderdi Sozialistak benetan esan nahi dutena da gazteen eta langileen aldarrikapenak hauteskundeetarako erabili nahi dituztela, estatu-boterearen tarta zati handiago bat lortzeko helburu hutsarekin, hauteskunde kanpainan esandakoaren justu kontrakoa egiteko. Hain zuzen ere, 2012ko hauteskunde presidentzialetako eta urte berean egin ziren legegileetako garaipen sozialistak PSFak Sarkozyren pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioetan jokatu zuen paperaren ondorio izan ziren. Bere hauteskunde programan hersturen aurkako borrokaren bandera altxatu zuen. Hollandek bere burua Angela Merkelek eta Europako Banku Zentralak bultzaturiko murrizketa politiken oposizioaren buru gisa aurkeztu zuen eta, horrela, 2010 amaieran Estatu frantziarra astindu zuten mobilizazioez baliatzea lortu zuen.

Baina behin hauteskundeak irabazi zituenean, promesak desagertu egin ziren, eta Hollandek berehala aplikatu zuen aurrekontuetan 35.000 milioiko murrizketa bat eta hurrengo urterako 7.500 milioiko beste bat gehigarri gisa. Orain, langileei eta gazteei eginiko traizio hori gogotik ordaintzen ari da. Ez dio, ordea, berari eta presidente bezala izan lezakeen prestigioari bakarrik eragiten, aurrekaririk gabeko mailara iritsi den arren. Benetan krisian dagoena Estatu burgesaren egitura instituzional guztia eta honen ordezkaritza mekanismoak dira. Orain, politika ofizialaren iruzurra gero eta ageriago geratzen ari da: gutxiengo batek gizartearen gehiengo sozial zabala zapaltzeko tresna besterik ez dela.

Alternatiba iraultzaile eta sozialistaren beharra

Denbora gutxian aurreko borroketako lorpenetara iritsi eta horiek gainditzeko baldintza guztiak daude. Gertatzen ari denak erakusten du mugimenduak asko ikasi duela eta ez dela erraza izango hau desbideratzea. Noski, ezin daiteke baztertu berriro ere beldur eta zalantzekin jokatuko dutela sindikatu nahiz ezkerreko alderdi nagusietako buruzagiek. Baina, 2010ean ez bezala, orain erakunde sindikal eta politiko handienak ez dira langile eta gazteen borroka adierazpide bakarrak. Horregatik, Nuit Debouteko asanbladek mobilizazioaren motor bihurtzeko aukera dute, baldin eta sindikatuetako eta ezkerreko zuzendaritzak, berriro ere, klase kolaborazioko eta bake sozial erlatiboko hamarkadetako ohitura txarretan galtzen badira.

Edonola ere, eta mugimendu asanblearioaren eboluzioa edozein izanik ere, gauza bat segurua da: ezker frantziarreko zuzendaritza nagusietan orain arte gailendu diren politika erreformistek hondoa jo dute, eta ez dira gai mugimenduari aurrera egiteko behar duen perspektiba, programa eta estrategia emateko. Front de Gauchean (koalizio honetan parte hartzen du PCFk) bozeramaile eta presidentetzarako hautagai den Jean-Luc Melenchonek bere miopia politikoa erakutsi zuen Khomri Legearen aurkako borroka Estatu frantziarraren subiranotasun nazionalaren aldeko borroka gisa eta bertako lege sozialak ahuldu nahi dituzten atzerriko botereen aurka planteatu zuenean. “Benetako erreforma aurrerakoiak” eta “krisitik irteteko kooperazio orokorra” eskatu zituen. Planteamendu horrekin kontsekuentea izanik, proposatu du mugimenduaren helburuak ez daitezela joan legearen indargabetzetik haratago. Eta muga hori planteatzen du, hain zuzen ere, kalean asanblada masiboak zalantzan jartzen ari direnean legea ez ezik, baita sistema kapitalista osoa ere! Melenchon bera ere ohartzen da, ordea, zerbait gaizki doala, prentsari esan baitzion ez dela Nuit Debouteko asanbladetara joango “jendeak zerbeza botilak jaurtiko lituzkeelako”. Ezinezkoa da bere proposamen erreformistaren porrota hobeto irudikatzea.

 

Edozein izanik ere gertakizunek hartuko duten bidea, orain, 2010ean bezala, mobilizazioaren etorkizuna marxismoaren programak masa zabalen babesa irabazteko gai izatean datza, hau baita programa bakarra gizarte berri baten nahi orokorra errealitate bihurtzeko. Alternatiba hori eraikitzea ez da izango aste edo hilabete gutxi batzuetako lana. Baina inoiz, historia europarreko azken hamarkadetan behintzat, ez da izan orain Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantzizarrean dagoena bezalako egoera hain mesedegarririk planeta guztian esplotazio kapitalistarekin amaitzeko eta gizarte sozialista baten eraikuntza hasteko bidean lehen urratsak emateko.

Informazio gehigarria