Catalunya: Estatu espainiarraren errepresioa eskubide nazionalen aurka

Askapen nazionalaren eta sozialismoaren alde!

Beharrezkoa da CUPek Mas eta Convergenciarekin haustea!

 ArgazkiaCatalunya

 

PP, PSOE eta Ciudadanosek Catalunyako eskubide demokratiko nazionalen aurka jarraitzen dute etengabe. Erregimenaren komunikabideek “estatu kolpea” ere deitu diote Convergenciak, Esquerra Republicanak (Junts pel sí) eta CUPek Catalunyako Parlamentean aukeztutako adierazpenari, frankismo garaian erabili ohi zen antzeko hizkera erabiliz.

Legearen errespetuaz, tribunalez edo Konstituzioaz hitz egiten duten hauek, ordea, ez dute arazorik izaten legeak hausteko banku eta enpresa handien interesak defendatzeko garaian. Propaganda erreakzionario hau oinarrizko eztabaida estaltzeko besterik ez da.

Demokrazia eta herri borondatea defendatzea bada auzia, zergatik Estatu aparatuak eta PP eta PSOEko buruek hitza ukatzen diete kataluniarrei? Zergatik kriminalizatzen eta jazartzen da eskubide demokratiko bat?

Frankismoaren oinordekoa den Estatu aparatua

PP eta Estatu aparatua izan dira gatazka honen motorra, nazionalismo españolista atzerakoiena astinduz eta errepresioa erabiliz. Hauen jarreraren ondorioz, azken urteetan zabaldu egin da zapalkuntza nazionalaren sentimendua eta milioika dira egoera honi aurre egin nahi dieten kataluniarrak. Hizkuntza eta erabakitze eskubidearen aurkako erasoak edo Konstituzioko 155. artikulua erabiltzearen mehatxua (autonomia kataluniarra baliogabetzea) probokazio estrategia baten zati dira.

Ohiturari jarraituz, burua hauteskunde orokorretan ipinita, PPk gogor egiten dio independentismoari sektore eskuindarrenen botoa eskuratu nahirik. Frankismoaren semea den Rajoyren alderdiak egoera pozoitu besterik ez du egiten, zatiketa nazionala bultzatuz eta eskubide demokratiko nazionalak ukatuz. PSOEko agintariek ere bide berbera hartu dute berriro, eta ez dute zalantzarik izan eskuinari beren zerbitzuak eskaintzeko. Dirudienez, Catalunyako I27ko hauteskundeen emaitzak eta Ciudadanosen gorakada ikusita, españolismoa erabiltzearen onurez gogoratu dira abenduaren 20ko hauteskunde orokorretarako.

Mas eta Convergencia: errepresioz, murrizketez eta ustelkeriaz betetako politika

Mas eta Convergenciak Estatuaren erasoen biktima moduan azaldu nahi dute beren burua, baina ezin dute gorde beren espediente politikoa. Zainetaraino ustelduta dagoen alderdi burges hau beti jarri da langileen eta gazteriaren eskubideen aurkako erasoen alde: murrizketa sozialak eta etxe-kaleratzeak, M15 mugimenduaren eta greba orokorren aurkako errepresioa, patronala onuratu duten PPren lege guztiak bozkatu eta exekutatu (lan erreforma adibidez), mugimendu sozialen eta eskubide demokratikoen kriminalizazioa bultzatu (Mordaza Legea)…

Burgesia kataluniarra izan zen 1978an Estatu espainiarreko erregimen eredua Catalunyan eraiki zuena, eta aberatsen, bankarien eta enpresari handien interesak defendatu dituena langileen belaunaldi ezberdinak zapaltzeari esker. Langile mugimenduaren etsaiak izateaz gain, Catalunyaren askatasunaren arerioak ere badira.

Orain, CDC eta Mas egoera oso zailean daude eta ahultasun handia dute. Pujol kasua, %3ko komisioen ikerketa… azken 40 urteetan Convergenciak erabilitako ustelkeria azaleratzen ari da; eta honek ondorioak ekarriko ditu. Masek, beste aldera begiratzen saiatzen den arren, ezin du bere iragana desegin: Pujolen gobernuen Consellerra izan zen 1995etik 2003ra, eta ondoren Generalitateko Presidentea 2010az geroztik. Baliabiderik ez zegoela argudiatuz, hezkuntza, osasuna edo zerbitzu sozialak suntsitzen zituzten bitartean, Mas eta bere lagunek diru publikoa lapurtu dute alderdia finantzatzeko, PPk egin duen modu berberean.

Klaseko independentzia eta sozialismoa defendatuko dituen politika

I27ko hauteskundeen ondoren, CUPek egindako adierazpenei esker, ezker independentistak babes handia lortu zuen: Mas inbestitzeari uko egingo ziotela esan zuten, murrizketa sozialen amaiera eskatu zuten eta eztabaidaren erdigunean klaseko aldarrikapenak kokatu zituzten, hauek eskubide demokratiko nazionalekin lotuz.

Horregatik, ondorengo asteetan Mas eta honen alderdikideen eskutik independentziarantz joatea posible dela defendatzea oinarrizko arazoari bizkarra ematea da. Urriaren 27an Catalunyako Parlamentean Junts pel Sí eta CUPek aurkeztutako adierazpena orain arte ezker independentistako kideek defendatutako planteamenduetatik urrundu da. Mugimendu honek arnasa ematen die ustelkeriaz inguratuta dauden Mas eta Convergenciari, gai sozialak eta klasekoak albo batera uzten dituen testu orokor baten truke. Burgesiak ez du arazorik adierazpen eta promesa handiak egiteko, baina egunerokoan, orain arte ikusi dugun bezala, bere politika aplikatzen jarraitzen du indar handienarekin.

CUPek ardura handia dauka: Catalunyako langileak, gazteria eta zapalduak elkartu behar ditu, eta autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotu behar du. Beharrezkoak dira, batetik, alde batera uztea burgesia kataluniarrarekin egindako akordioak, bestetik, agerian uztea zein den kapitalista kataluniarren benetako aurpegia eta, azkenik, erabakitze eskubideari buruz hauek erabiltzen duten demagogia salatzea eta klaseko independentzia eta sozialismoa defendatuko dituen politikan oinarritzea. Hau da une hauetako eginkizuna. 

CUP eta Catalunya si que es pot-ek aktibitate parlamentarioa kaleko borrokarekin lotzea oinarrizkoa da. Funtsezkoa da burgesiaren maniobrak salatzea (bai PPrena eta baita CDCrena), hauen helburua langile klasea zatitzea baita beren politika prokapitalistak aplikatzen jarraitzeko, Troika eta Nazioarteko Diru Funtsaren aginduetara gobernu europar guztiak egiten ari diren moduan. Ez da nahikoa erakundeetara iristea, beharrezkoa da mugimendua antolatzen jarraitzea eta, behingoz, sistema kapitalistaren arau guztiak puskatzea. Hitzetatik ekintzetara pasatuz, mahai gainean jarri behar da langileen eta zapalduen agenda.

Informazio gehigarria