CCOO eta UGTko zuzendaritzen traizio berria bake soziala inposatzen saiatzeko

Maiatzaren 24ko hauteskundeak izan eta gutxira, CCOO eta UGT sindikatuetako arduradunek espainiar patronalarekin aurre akordio berri bat sinatu zuten Lan eta Hitzarmen Kolektiboen gaineko Akordioa berritzeko (LHKA). Horren helburua Estatu espainiarreko langileen lan baldintzak negoziatzeko gida izatea da, eta bi sindikatuek, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako federazioak barne, arrakasta handitzat saldu nahi izan dute. Bestelakoa da errealitatea, ordea. Akordioak aholku batzuetaz hitz egiten du, hau da, ez ditu enpresariak ezertara behartzen; gainera patronalari egindako kontzesioz beterik dago: denbora partzialeko kontratuen alde egiten da, malgutasuna ontzat hartzen da eta soldatak enpresen irabazien arabera egokitzea aholkatzen da, Europar Batzordeak eskatu bezala.

ArgazkiaLangile

 

Akordioaren edukiek eta formek erakusten dute CCOO eta UGT sindikatuetako zuzendaritzek zenbateraino bat egin duten interesetan burgesiarekin. Joan Rosell eta Antonio Garamendi patronaletako agintariekin eta Rajoyren gobernuarekin hauteskunde aurretik atera zuten argazkiak oxigeno gehiago eman zion PPri, langileek eta gazteek bizi duten miseriaren, langabeziaren eta prekarietatearen egoerarekin zer ikusirik ez duen egonkortasun sozialaren irudia eskaini baitzuten. Coca Colako langileen eta Movistarreko tekniko azpikontratatuen borroka eredugarrien adibideekin ikusi den bezala, langile klaseak eta gazteriak borrokarako eta gizartea aldatzeko borondate handia dute, ez daukate CCOO eta UGTko agintariek behin eta berriz erakusten duten itun sozialen aldeko jarrera.

Sindikatuen babesa justifikatzeko, LHKAk gogoeta orokor batzuk ditu: “behin behineko kontratuak finko bilakatzea sustatu beharko da” edo “lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten langileak kontratatzea erraztu beharko da”. Hitz eder hauek ez dute benetako eraginik izango, ez baitute berme legalik. Gainera, garaipen sindikaltzat aurkezten duten soldaten gaineko atala erretorika hutsa da. Esaten denez, soldatak %1era arte igoko dira aurten, eta 2016an %1,5. Horrek aukera guztiak uzten ditu irekirik, ez baitago soldatei mugak jartze dizkien legerik. Horretaz gain, itunak berak esaten du soldata igoerak enpresa edo sektore baten “egoera berezietara” egokituko direla. Antonio Garamendi CEOEko lehendakariordeak akordioa sinatu eta gutxira esan zuen soldatak aurten “minus infinitutik %1era igo” daitezkeela; hala, argi utzi zuen enpresari askoren asmoa soldatak jaisten jarraitzea dela.

Dena dela, Madrilen sinatu zen akordioak ez ditu “lan kalitatearen aldeko” aholkuak jasotzen CCOO eta UGTko agintariek esan duten bezala. Testua patronalari egindako kontzesioz gainezka dago; besteak beste, “kontzeptu erretributiboak berritzen dira, horrela ekoizpenari eta enpresaren etekinei lotutakoak sartzen dira”. Patronalaren aldarrikapen historikoa da soldataren parte finkoa murriztea eta emaitzari lotutakoarena handitzea. Patronalak eta sindikatuek akordioa sinatu eta egun gutxiren buruan, soldatak ekoizpenari lotzeko ideia berbera sartu zuen Europar Batasunak Estatu espainiarrari datozen urteetarako inposatu dizkion neurrien artean, ospitaleetarako eta sendagaietarako gastuen murrizketa berriekin batera.

Gainera, Akordioak esaten duenez, “lanaldi partzial mugagabeko kontratua alternatiba izan daiteke behin behineko kontratuarentzat”, ordutegi malgutasuna eta mugikortasun funtzionala sustatzen ditu; halaber, lan osasunari edo absentismoari loturiko gaietan enpresarien tesia bere egiten du akordioak eta “hitzarmen kolektiboan aurreikuspen sozial osagarria garatzeko sistema kontuan hartzeko” konpromisoa ere hartzen du, hau da, funts partikularren alde egiten da pentsio sistema publikoa indartu beharrean.

Miguel Angel Lujua Confebask euskal patronaleko lehendakariak akordioa EAEn aplikatzeko duen interesak erakusten du langile klaseari ez diola ezer onik ekarriko. Euskal burgesiaren ordezkari gorenak behin baino gehiagotan eman du ulertzera EAErako gisa honetako akordio bat lortu nahi zuela CCOO eta UGTk osatzen duten gutxiengo sindikalarekin, ELA eta LAB sindikatuen gainetik igaroz. Azken hauek ongi salatu dituzte LHKAren edukiak eta Euskal Herrira ekartzen ez dutela lagunduko azaldu dute.

Burgesiaren urduritasuna bistakoa da. M24ko hauteskundeetan eskuinak jasandako porrotak eta borrokatzen duen ezkerraren aurrerakadak asko kezkatzen ditu enpresari espainiarrak, eta CCOO eta UGTko agintariak erabiltzen dituzte bake soziala inposatzeko. Euskal burgesiaren egoera ez da bestelakoa. EAJk Gasteizko gobernuan dela inposatu dituen murrizketa sozialak eta laboralak ez dira besterik gabe pasatu langile klasearentzat eta euskal gazteriarentzat; hauek gero eta prekarietate handiagoa jasaten baitute. Berriki Caritas berak argitara emandako ikerketa baten arabera “EAEn pobrezia kronifikatzen ari da”. Prekarizazio sozialaren testuinguru honetan, ez da harritzekoa Podemos-Ahal dugu bezalako alderdiak indar handiz agertzea. Podemos-Ahal Dugu eta EHBilduren emaitzak batuta ikus daiteke zenbaterainoko potentziala duen ezkerrak Euskal Herrian.

Prekarietatearen gorakadak lan gatazka eredugarriak leherrarazi ditu, besteak beste Moviestarreko langile azpikontratatuena. Bizkaian izan zuten erreferentzia fokuetako bat. Bi hilabete eta erdiko grebaren ondoren, UGT eta CCOOko agintariek Telefonicarekin bake soziala sinatu nahi zuten arren borrokari sabotaia eginez, langileek garaipen garrantzitsua lortu zuten. Bizkaian lan egiten duten kontrata gehienek azpikontratatutako teknikoen soldatak igo behar izan dituzte %25 eta %90 bitartean. Gainera, langileen kontratazio eta lan segurtasun aldarrikapen nagusiak bermatu dira. Garaipena Movistarreko langileen borroka tinkoari eta langile klaseak orokorrean eskainitako babesari esker lortu da, eta ez negoziazio mahaiari esker. Moviestarreko langileek beste behin erakutsi dute langile klasearen eta gazteriaren borroka eta elkartasuna beharrezkoa dela CCOO eta UGTren sindikalismo burokratikoari aurre egin eta lan baldintza hobeak eta lanpostuak defendatzeko.

 

Kapitalismoa ez da gai Euskal Herriko gazte eta langileek sufritzen dituzten langabezia eta prekarietatea konpontzeko; aitzitik, burgesiak bere pribilegioak mantentzeko duen bide bakarra eskubide sozialak eta soldatak murrizten jarraitzea da, eta bere oztopo bakarra langile klasearen borrokak dira. CCOO eta UGTko agintariek EAEn eta Nafarroan LHKAren antzeko akordioren bat sinatzen badu, alfonbra gorria jarriko diete enpresariei langile klasea zapaltzen jarraitzeko. ELA eta LABeko zuzendaritzek ere ekintzekin erakutsi behar dute elkarrizketa sozialaren eta antzeko itunen aurkako jarrera, borrokak elkartuz eta sektore prekarizatuenetara zabalduz zapalkuntzarekin amaitzeko. Moviestarreko langileek erakutsi dute lor daitekeela.

Informazio gehigarria