Ahal dugu-Podemos: Zein da gauzak benetan aldatzeko bidea?

Pasa den urteko maiatzeko Europako hauteskundeetan emaitza onak lortu ondoren, Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko eskenatoki politikoa astintzeko hautagai bihurtu da Ahal dugu-Podemos. Estatu mailan, azken urteetako gertakizun politiko esanguratsuenetakoa izan da. Horko agintarietako batzuek bestelakorik esan arren, ezkerreko milioika gazte eta langileren esperantza bihurtu da, PP gobernutik botatzeko, aurten izango diren Estatu espainiarreko hauteskundeak irabazteko eta orain arteko erasoak atzera botatzeko aukera bezala ikusten baitute.

"Politologo" batzuen arabera Ahal dugu–Podemosen "arrakasta", Pablo Iglesias eta bere ingurukoen "hizkera berria" izan da. Ikuspegi honek, ordea, oinarrizko gauzak ezkutatzen ditu. Ahal dugu-Podemosen arrakasta 2007an hasitako krisi ekonomikoari, gorantz joan den klaseko borrokari eta milioika gazte eta langileren kontzientzia politikoaren garapenari lotuta dago.

Hainbat komunikabide gordetzen saiatu diren arren, baita Euskal Herrikoak ere, azken bost urteetan mobilizazio historikoak ikusi dira Estatu espainiarrean: M15 mugimendua, Duintasun Martxak, Marea herritarrak, meatzarien borrokak, greba orokorrak, lan gatazkak eta ikasle mobilizazio erraldoiak. Ezkerreranzko erradikalizazio politikoa agerian geratu da.

Bestetik, PSOE bizitzen ari den krisia hasi besterik ez da egin. Alderdi honen etorkizuna Greziako PASOKenaren oso antzekoa izan daiteke. Sozialdemokraziaren gainbeherarekin eta herritarren zati esanguratsu baten erradikalizazioarekin, IUk aukera zuen gizartearen haserrea bereganatzeko baina ez da gai izan. Iraganeko hipoteka asko ditu IUk: herdoilduta dagoen aparatu politikoa eta politika instituzional erreformista. Azken urteetan esaterako, PSOEri Andaluzian eta PPri Extremaduran gobernua osatzeko emandako babesak erakusten du IUren zuzendaritzaren politika kaxkarra. IUren Ahultasun hauek parez pare ireki diote atea Ahal dugu-Podemosi.

Euskal Herrian egoera desberdina izan da ezker abertzaleak duen oinarri sozial garrantzitsuagatik. Hala ere, inkesten arabera, Ahal dugu-Podemosek emaitza oso onak lor ditzake Euskal Herrian ere. 

Burgesiak azkar ulertu du Pablo Iglesiasen alderdiak sortzen duen arriskua, edo hobeto esanda, alderdi honek milioika herritarrentzat islatzen duen aldaketa aukera eta borrokarako grina. Horregatik, burgesiak lanak banatzen ditu egoerari aurre egiteko. Ahal dugu-Podemosen aurkako kanpaina etengabea da: ETA, Venezuela, komunismoa... Bestetik, iraganean PSOErekin egin zuten bezala, Pablo Iglesias eta konpainiari eskua luzatzen diete komunikabideetan parte hartzea eskainiz eta joko arauak errespetatzea eskatzen dieten bilera pribatuak antolatuz.

Ez eskuindarrak, ez ezkertiarrak?

Aldaketa sakona bilatzen duten masentzat garrantzitsuena ez da programa politikoetako letra txikia. Ahal dugu-Podemos bandera garbi bat bezala ikusi dute milioika herritarrek, eta "kastaren" eta ustelkeriaren aurka egindako salaketek, kapitalismoaren kontrako kritikek, sektore estrategikoak nazionalizatzearen ideiak eta herritarren parte hartzeari eta kontrol demokratikoari buruzko diskurtsoak erakarri egin ditu.

Honek ez ditu ezkutatzen, ordea, Ahal dugu-Podemoseko agintariek izan dituzten kontraesanak. Eskuindarrak eta ezkertiarrak ez direnaren diskurtsoa adibidez, demagogia oportunista besterik ez da. Hau hala balitz, nola uler daiteke Pablo Iglesiasen taldea Ezker Bateratu Europarraren talde parlamentarioan egotea edo Greziako erreferentea Syriza (Ezkerreko Fronte bezala aurkezten dena) izatea? Alderdi berri honen militanteen eta boto emaileen gehiengo handia ezkertiarra da.

Kapitalismoa demokratizatu?

Denborak aurrera egin ahala beren programak izan duen "moderazioa" argudiatzeko, Ahal dugu-Podemoseko arduradunek “responsabilidades de Estado” delakoa erabili dute. Honakoak esan zituen Pablo Iglesiasek elkarrizketa batzuetan: "Un gobierno no puede decir ‘mire usted, voy a abolir la economía de mercado en mi país’. No se puede, ya me gustaría a mí" (...) “Quien piense que por ganar las elecciones se puede cambiar el capitalismo es un ingenuo” (...) “Hacer un programa para las elecciones europeas cuando eres una fuerza sin representación parlamentaria no es lo mismo que hacer un programa cuando asumes que vas a tener que hacer un gabinete de ministros y gobernar" (...) "Una cosa pueden ser tus valores o el mejor de los mundos imaginables y otra es una realidad enormemente compleja en el que las cosas que se pueden hacer desde un Gobierno son más que limitadas y eso lo prueban todas las experiencias de cambio, que se han dado en la historia" (…) "Si nosotros pensamos que por ganar unas elecciones vamos a poder construir un mundo completamente distinto estaríamos locos" (...) "Las condiciones de posibilidad actuales hacen que a lo máximo a lo que se pueda aspirar es a una suerte de papel redistributivo por parte del Estado, a través de una suerte de reformas, todo lo más que podemos llamar socializantes, que fueran en la dirección de la protección de los derechos sociales y ese es el marco. Quien quiera pensar en arcadias en las que se haya abolido la explotación del hombre por el hombre, bueno… eso está bonito para discutir en las facultades de filosofía". Aberatsei buruz, berriz, honelako gauzak esan ditu alderdi buruak: “Hay que explicarles que a veces hay que hacer sacrificios y hay que apretarse el cinturón por el bien de la nación”.

Estatu espainiarreko hauteskundeak irabazteko gai ikusi denean hasi da esaten Pablo Iglesias honelako gauzak. Noiz eta hain justu ere programa erradikala izan denean milioika pertsona Ahal dugu-Podemosera erakarri dituena. Zer egin behar dute alderdiko buruek? Felipe Gonzalezen gobernuen bide berbera errepikatu? Formula berdinak errepikatu behar dira edo herritarren mobilizazioan eta parte hartzean oinarrituta sustraitik aldatu behar da gehiengoa miseriara kondenatzen duen sistema?

Ahal dugu-Podemoseko arduradunek ondorioak atera behar dituzte iraganetik, 70eko hamarkadako akatsetatik. Sozialismoaren alde ez bada borrokatzen, zeren alde borrokatzen da? Kapitalismo hobe baten alde? Akordio sozial berri bat egin behar da burgesia espainiarrarekin? Hau ez da politika egiteko modu berri bat. Oso aspaldikoa da. Erreformismoak behin eta berriro errepikatutakoa. Hain zuzen ere, bide hauxe hartu zen Trantsizio bezala ezagutzen dugun garaian. Eta zer gertatzen da autodeterminazio eskubidearekin? Ez da batere egokia alderdiko zuzendaritzak gai honekiko hitz eta diskurtso anbiguoak erabiltzea. Ahal dugu-Podemosek argi eta garbi defendatu beharko luke autodeterminazio eskubidea, bai, independentziari bai edo ez esateko eskubidea.

Krisiaren eta sozialdemokraziaren gainbeheraren ikasgai garrantzitsuenetakoa da kapitalismoaren eta sozialismoaren artean ez dagoela erdibiderik. Ez, ez dago. Burgesiaren eta langile klasearen, langabetuen, pentsionisten eta erdi mailako sektore pobretuen artean ez dago erdibiderik. Kapital finantzarioa eta monopolioak dira jaun eta jabe kapitalismoan. Ez dago beste kapitalismo posiblerik.

 Gizartearen aldaketa lortzeko modu bakarra benetako politika sozialista aplikatzea da: botere finantzarioa (bankuak, aseguruak) eta ekonomiako sektore estrategikoak kontrolatzen dituzten enpresa talde handiak (elektrikak, telekomunikabideak, altzairua, zementua...) desjabetzea eta gizarteak sortzen duen aberastasun ikaragarria beharrak eta gabeziak asetzeko erabiltzea. Faxistez betetako gaur egungo estatu aparatua demokratikoki antolatutako herriak zuzenean kudeatutako batengatik ordezkatu, kapitalisten zerbitzura dauden elizako, ejertzitoko, poliziako eta burokrazia politikoko hierarkiari aurre eginez. Nazioen autodeterminazio eskubidearen defentsa eta preso politikoen amnistia. Gehiengoaren, zapalduen eta langileen zerbitzura egongo litzatekeen politika, neurri hauek guztiak aurrera eramateko masen parte hartze aktiboan eta mobilizazio sendoan oinarrituz. Honelako politikak, bidea irekiko lioke gizarte sozialistaren eraikuntzari eta kapitalismoak eragiten dituen izurrite guztien amaierari. 

ArgazkiaPodemos2

Informazio gehigarria