Monarkia eta kapitalismoaren aurkako borroka

Juan Carlos I.aren abdikazioa ez da kasualitatea. Maniobra honen helburu nagusia sistema kapitalista mantentzea da. Monarkia espainiarraren krisiak agerian uzten du kapitalismo espainiarraren eta burgesiaren dominazioa ahalbidetu duten PP eta PSOEren krisia. Ekainaren 2an bertan Estatu osoan izan ziren manifestazio jendetsuek erakutsi zuten frankismoaren oinordeko instituzio honen kontrako jarrera.

 

 

Milioika langile eta gazterentzat monarkia juancarlista murrizketen politikarekin dago lotuta, kapital finantzarioaren interesekin. Luxuzko bizitza du erregetzak, gizartearen gehiengoa sufrimenduan den bitartean. Ustelkeria, eroskeria eta “harremanak” enpresa handiekin. Honi esker, Europako pertsonarik aberatsenetakoa da Juan Carlos I.a 2.300 milioi dolarreko ondarearekin.

Zalantzarik gabe, abdikazioa krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioa izan da, azken urteetako klaseko borrokaren gorakadaren ondorio zuzena. Azken urteetan Estatuan izandako masa mobilizazioen aurrekariak 70eko hamarkadan diktadura frankistaren aurka izan zirenetan aurki ditzakegu, edo 30eko hamarkadako garai iraultzailean. M15, etxe-kaleratzeen aurkako borroka, Gamonal, ikasle greba historikoak, meatzarien martxak, martxoaren 22ko Duintasun Martxa, Canal Nouren okupazioa, Madrilgo osasun publikoaren aldeko garaipena, Can Viesen desalojoak eragindako leherketa soziala, langileen greba mugagabeak, autodeterminazio eskubidearen aldeko mobilizazio masiboak Euskal Herrian eta Katalunian... Klase borroka honek eragina izan du langileen eta gazteen kontzientzia politikoan. Horrela uler daiteke ezkerraren gorakada azkeneko Europako hauteskundeetan.

Burgesiak badaki datozen hauteskundeetan PP eta PSOEk oso emaitza txarrak atera ditzaketela, badakite posible dela PP eta PSOEk gehiengo absolutua ez lortzea ondorengo legegintzaldian. Horregatik erabaki dute monarkiaren aurpegi-garbitzea aurreratzea eta Felipe errege berri bezala izendatzea lehenbailehen.

 

Europako hauteskundeak

 

Maiatzaren 25eko hauteskundeek inflexio puntu garrantzitsua markatu zuten egoera politikoan. Sistema kapitalistaren eta bankarien eta enpresarien ordezkari politikoen aurkako bozkek gora egin zuten nabarmen. PP eta PSOEk kolpe gogorra jaso zuten. PPk ezin izan zuen ospatu bere“garaipena”eta hurrengo egunean Rubalcabak PSOEren zuzendaritzatik aterako zela iragarri zuen. Bitartean, Ezker Batuak eta Podemosek emaitza oso onak lortu zituzten. Zalantzarik gabe, emaitza hauek klase arteko borrokaren gorakadaren isla izan ziren.

Euskal Herrian ere PP eta PSEk erorketa handia sufritu zuten. EHBildu, Ezker Anitza eta Podemosek berriz gora egin zuten. Normalean abstentzioak ezkerrari eskuinari baino kalte gehiago egiten dio, baina oraingoan ez zen horrela izan. Eskuinaren botoek behera egin zuten bitartean ezkerrarenak gorakada nabarmena izan zuten.

EHBilduk 226.000 boto lortu zituen, 170.000 EAEn eta 43.060 Nafarroan. Emaitza hauekin, Hego Euskal Herriko lehen indar bilakatu zen. Gipuzkoan ere lehen indarra izan zen, Araban ere bai lehengo aldiz eta Bizkaian eta Nafarroan bigarren tokian geratu zen. Horrela, Jon Juaristi Europako parlamentari izatea lortu zen.

EHBilduren emaitzek erakusten dute ezker abertzaleak ikaragarrizko ahalmena duela langile klasearen arazoei aurre egiteko. Hala ere, ezker abertzaleko zuzendaritzak EAJri etengabe luzatzen dizkion gonbidapenak, eskaerak eta deialdiak euskal burgesiarentzat oxigenoa besterik ez dira. EAJren aurkako alternatiba behar dugu, ez hau ezker abertzalearen“aliatua” izatea.

Ezker Anitzak eta Podemosek lortutako emaitzek erakusten dute posible dela ezkerreko fronte indartsu bat sortzea eraso kapitalisten aurka. Langile klasea eta gazteria honen zain daude. Eskubide demokratiko nazionalak eta benetako programa sozialista defendatuko lituzkeen ezkerreko frontea behar dugu. Hau aurrera eramateko borondate politikoa eta langile klasearen eta gazteriaren borroka gaitasunean konfiantza behar ditugu. Ezker abertzalearen zuzendaritzak, ERCk bezala, erabaki bat hartu behar du: Euskal Herriko edo Kataluniako burgesiaren eskutik, lehenago edo beranduago, oinarri sozialaren desmobilizazioa bultzatzera behartuta egongo dira, burgesia izango baita erritmoa eta programa markatuko dituena (CiU Katalunian egiten ari den bezala). Klaseko kolaborazioaren politika hondamendira zuzendutako politika da. Gizartea goitik behera aldatzeko alternatiba bakarra benetako programa sozialista defendatzea da.

 

Monarkiaren aurkako borroka

 

Bankariak, enpresari handiak, kapitalaren estrategak, PP, EAJ, UPN eta PSOEko agintari sozialdemokratak oso arduratuta daude azken hauteskundeetako emaitzekin eta egoera orokorrarekin. Kapitalisten pribilegioak mantentzeko helburua duen abdikazioaren ondoren, Feliperen aldeko adierazpenak, editorialak eta programa bereziak asko izan dira, berriro ere Trantsizioaren“espiritua”mahai gainean jarriz. Badakite mobilizazio sozialek eta etorkizuneko hauteskunde emaitzek sistema kapitalista bera ere arriskuan jar dezaketela. Oso ondo dakite Euskal Herriko eta Estatuko egoera krisi iraultzailean bilakatu daitekeela Grezian bezala.

1978an, 40 urte iraun zuen diktadura kriminala borroka gogorraren bitartez bota zen: masa mobilizazioak kaleetan, grebak bata bestearen atzetik, atxiloketak, torturak, ezkerreko militanteen erailketak... PSOE eta PCEko agintarien traizioa izan zen langileen borroka haratago eramatea oztopatu zuena. Felipe Gonzalez eta Santiago Carrillo bezalakoak burgesiarekin eta diktadurako sektoreekin akordiora iritsi ziren. Alde batera utzi zuten sozialismoaren aldeko borroka, eta“demokrazia parlamentarioa”defendatu zuten alternatiba bakar bezala. Horrela, 1978ko konstituzioak, PSOE eta PCEko agintariek hainbeste indar eta gogorekin defendatu zutenak, jabego kapitalista eta merkatu askea, monarkia, aparatu frankistaren inpunitatea eta autodeterminazio eskubidearen ukazioa bermatu zituen. Kapital finantzarioak eta industrialak boterean jarraitzearen truke, askatasun demokratiko batzuk eman zituzten, kasu askotan formalak gaur egun ikus dezakegun moduan. Urte haietan, nolabait esateko, kontrairaultzak forma “demokratikoa” hartu zuen. Trantsizio hartatik beste 40 urtera, sistema krisian dago. Horregatik, klase dominatzailea legitimitate berri bat bilatzen ari da, baina ez zaio erraza izango eskuinaren, sozialdemokraten eta komunikabideen babesa izango duen arren.

 

Monarkiaren aurkako borroka gizartearen gehiengoa langabeziara eta pobreziara kondenatzen duen kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotu behar da. Monarkia, azken finean, kapitalismoaren aurpegi bat gehiago besterik ez da. Horregatik, oinarrizkoa da kapitalismoaren aurkako alternatiba defendatzea. 

Informazio gehigarria