EAJrekin ezin dira lortu autodeterminazio eskubidea eta justizia soziala! Borroka da bide bakarra!

Ehun egun igaro dira EAJ-PSEren gobernu koaliziotik, eta indioilar bat bezala puztuta dagoen Urkulluk aurrekontuak eta hurrengo legegintzaldiko bide estrategikoa aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean. Ikus daitekeenez, ildo nagusiak dira murrizketak, langileen aurkako neurriak eta autodeterminazio eskubidearen ukazioa.

Rajoy Urkullu

 

EAJ eta PSEren politika: ezberdintasun soziala handitzeko beste errezeta bat

EAEren aurrekontuaren %10a (1.000 milioi euro) bankuen zorraren interesak eta amortizazioa ordaintzera bideratzen badira ere —enplegu eta politika sozialetara bideratzen dena baino askoz gehiago—, Hego Euskal Herrian 334.000 pertsona gizarte-bazterketa sufritzeko arriskuan daude. Gasteizko parlamentuan aurkeztutako datuen arabera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) 63.317 pertsonak jasoko dute EAEn, aurreko urtean baino %2 gutxiagok. Hau da, Eusko Jaurlaritzak, euskal sozialdemokraziaren eta burgesiaren arteko koalizioak, gizarte bazterketa saihesteko errenta hori jasotzeko baldintzak gogortu ditu, hain zuzen ere, argiaren ordainagiria maximo historikoetara igo den negu honetan.

Urkullu eta PSEko agintariek “aurrekontu sozialei” buruz hitz egin dezakete egunero, baina errealitatea konkretua da: konpainia elektrikoak irabazi lizunak dituzten bitartean (2016ko lehen bederatzi hilabetetan Iberdrolak 2.041 milioi euro irabazi zituen, eta beste 1.305 milioi Endesak), pobrezia energetikoak 244.000 etxe harrapatu ditu Hego Euskal Herrian. Aurreko urtean, datu judizialen arabera, 1.150 familia kaleratu zituzten, nahiz eta, teorian, administrazioa pertsona guztiei aterpea izateko eskubidea bermatzera behartzen duen etxebizitzaren legea onartu. Aurkeztutako aurrekontuen arabera, sail horrek 1.991 milioi euro besterik ez ditu (11.059 milioi euroko BPGaren %1,73a). Gainera, EAEn 24 milioi euro baino ez dira bideratzen etxebizitza babestuen alokairura, eta 10 milioi euro bideratzen dira etxebizitzen erosketara; apurrak besterik ez dira benetako behar sozialekin konparatzen badugu.

Osasun eta hezkuntza publikoa oso hondatuta daude urteetako murrizketa sozialen ondorioz, eta ez da hobekuntzarik egongo. Osasungintzan dauden sindikatuek, berriz ere, salatu dute, prekarietatearen eta saturazioaren ondorioz dagoen osasunaren egoera kezkagarria edozein arazo suertatzen denean, txikia izanik ere, azkeneko gripe epidemia adibidez. “Interes pribatuak sustatzera eta gizarte-zerbitzu publikoen merkantilizazio batera bideratzea” bilatzen da, adibidez anbulantzien sektorearekin gertatzen den bezala. Araban greba luzea mantendu dute, bertan soldatak %20 murriztu baitituzte. EAEn Osakidetzak azpikontratatu dituen enpresen puzzle konplexu bat dago; horren adibide dira Urdulizko ospitaleko lentzeria eta sukaldaritza zerbitzuen pribatizazioa eta Lezako garbiketaren pribatizazioa; Eibarko ospitalearen errehabilitazio zerbitzuarekin gauza bera egiteko asmoa dute.

Euskal sektore publikoan 21.400 lanpostu suntsitu dira azken urteetan, eta prekarietatea orokortu da. Gainera, administrazioko langileen herena behin-behineko langileak dira: Osakidetzan %34,8, hezkuntzan %38, garbiketa eta sukaldaritzan %60, administrazio autonomiko orokorrean %35a eta EITBn %25. Eta hori guztia Hego Euskal Herrian 179.943 langabe daudela kontuan izanda. Gainera, hamarretik seik ez du inolako laguntzarik jasotzen. Ordezkapenak lehen egunetatik egingo balira, lanpostu estruktural guztien eta baja begetatiboen lan eskaintza publikoak egingo balira, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta azpikontratazioa geldiaraziz, 35.000 lanpostu sortu ahalko lirateke.

Lanpostu finkoa dutenek ere ezin dute murrizketetatik ihes egin. Negoziaketa kolektiboa geldirik dago (300.000 langile daude hitzarmenik gabe), eta lan erreformak lan prekarietatea ikaragarri igo du. EAE Estatuko bigarren lurraldea da aldizkako lana dutenen kopuruan, %17,8a hain zuzen ere, eta bi azken urtetan soldatak euren erosketa ahalmena 700 eurotan murriztu duten bakarra.

Auzi nazionala eta sozialismoaren aldeko borroka. Nortzuk dira gazteen eta langileen aliatuak Euskal Herrian?

Guztiz negargarri da estatuko gobernuan dagoen PPren antzeko politika atzerakoi hori gobernu aurrerakoi baten politikatzat aurkeztea. Gainera, kontuan hartu behar da gobernuan gutxiengoan egon arren, EAJk bere proposamenak eroso aurrera eramatea nahi dituela, kontzesio minimoekin. PSE gobernuan delarik, oposizioko alderdi guztiek erakutsi dute negoziatzeko nahia. Lehena Alderdi Popularra izan zen. EAJren eta PPren arteko harremana gero eta hobea da. Rajoyren gobernuaren ahultasunak ateak ireki dizkio EAJri, eta hau prest agertu da estatuko aurrekontuak babestuz kontrapartidak negoziatzeko, hala nola AHT, kupoa eta transferentziak.

Hori PPk egitea ulergarria da. Ororen gainetik, burgesia espainiarren alderdia da, eta euskal burgesiarekin lotura handiak ditu; lehena, etekin kapitalisten defentsa. Justifikatu ezin dena da EHBilduk behin eta berriro adierazi izana aurrekontuetan EAJrekin akordioa lortzeko nahia. Gauza jakina da EHBilduko agintari askok EAJrekin ituna sinatzea orientazio estrategikotzat ikusten dutela, ondoren justizia soziala eta autodeterminazio eskubidea eta independentzia lortzeko. Baina, benetan hala da?

Kaleko borroka utzi eta negoziazio eta itunen bidea hartzeak atzerakada eragin du eskubide sozialetan eta arazo nazionalean. Arnaldo Otegik Garak martxoaren 5ean egindako elkarrizketan esan zuenez, “EAJ ez dago prozesu subiranistan, besteak beste, dagoen bezala ondo doakiolako bestelako saltsetan sartu gabe”. Testuinguru horretan, Urkullu Kataluniako prozesu subiranistatik aldendu da, eta 2020 jarri du Estatuarekin akordioa lortzeko epemuga erreferendum bidezko kontsulta egiteko. Hori da guztia. Ez autodeterminazio eskubidea, ez antzeko beste ezer.

Historiak erakutsi du eskubide sozialen eta demokratikoen aldeko borroka bat eta bakarra dela. Halere, borroka hori euskal burgesiarekin batera egin nahi izateak porrot egingo du. Aipatu dugun Otegiren elkarrizketan halaxe dio: “Borroka globaletan bat egin behar dugu. Globalki borroka eginda irabaz dezakegu; bereizirik ezinezkoa da”. Ideia hori zuzena da. Langile klaseak eta gazteriak garaipena lortzeko behar duen baldintza bat da bere etsaiaren, hau da, burgesiaren —zeinahi delarik bere bandera—, aurkako borroken batasuna. Euskal Herrian langileen eta gazteen borrokak lerro nazionaletan bereizteak zaildu eta ahuldu egiten du sistema kapitalistari eta zapalkuntza nazionalari alternatiba eskaintzeko bidea. Klaseko internazionalismoan oinarritzen den programa bat behar dugu, gure indarrak estatuko espainiarreko, frantziarreko eta mundu osoko langileekin elkartu eta zapalkuntza nazionalen eta autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka bere egingo duena.

Ezker abertzaleko zuzendaritzak ez du batu nahi izan estatuko gainerako lekuetan PPren, PSOEren eta Ciudadanosen aurka gazteek eta langile mugimenduak antolatutako mobilizazioetara. Ikasle Sindikatuak errebalida frankisten, LOMCEren eta 3+2aren aurka antolatu dituen grebetan parte hartzea ukatu du; estatu mailan hainbat eragilek, hala nola marea zuriak, marea berdeak eta duintasun martxek antolatutako mobilizazioetan parte hartzeari uko egin dio. Baina langileen borroka garrantzitsuak pizten ari dira, eta mobilizazio horiek, zamaketarien grebak adibidez, babes osoa behar dute eta merezi dute. Are gehiago PPk EAJri mobilizazioa porrotera eramateko laguntza eskatu ondoren.

Borroka globalak bateratzeko ideia hori defendatu bai, baina gero praktikara ez eramatea kontraesana da; eta kontraesana da, halaber, eskubide demokratiko nazionalak lortzeko, adibidez autodeterminazio eskubidea lortzeko, EAJrengan oinarritzea.

Arnaldo Otegik dio Kataluniak eta Euskal Herriak motor bakarra dutela: “auzi nazionala”. Baina ez da hala, bi motor dituzte, auzi nazionala eta auzi soziala, eta biak batera doaz. Biak bereizteak eta bata bestearen aurka jartzeak hondamendira eramaten du. Gazteek eta langileek EAJren aurka eta bizi baldintza duinen alde borroka egin dezaten eragoztea, auzi nazionalean gure aliatua direlako, Urkulluri eta euskal kapitalistei bultzada bat ematea da. Otegik dioenez, “estatu independente bat lortuko bagenu, guri ez digu ardura hegemonia EAJren esku egotea datozen hogei urtetan”. Zintzoki uste dugu euskal langile klaseak eta gazteriak ez duela nahi datozen urteetan EAJk agintzea, urtez urte bere murrizketak eta erasoak jasaten egon ondoren.

Egunero Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde borrokatzen dugunok ez dugu jarraitu nahi erregimen kapitalistan. Euskal herria sozialista nahi dugu, zapalkuntza eta errepresiorik gabekoa, eta justizia soziala eta benetako demokrazia duena! Hori dela eta, bat egiten dugu James Connolly irladarren esanarekin: “Bihar armada ingelesa bidali eta Dublingo gazteluan bandera berdea jartzen baduzue ere, errepublika sozialista antolatzeari ekin ezean, esfortzu guztia alferrikakoa izango da. Ingalaterrak agintzen jarraituko du, kapitalisten bidez, lur-jabeen bidez, herrialde honetan ezarri dituen era guztietako erakunde komertzialez eta norbanakoez, gure amen malkoek eta gure martirien odolek busti duten horiez. Ingalaterrak menderatuko zaituzte hondamendira eraman arte, baita Askatasunaren kausa traizionatu duzuen arren, zuen ezpainek omenaldi hipokrita egiten badiote ere. Sozialismorik gabeko nazionalismoa koldarkeria nazionala da”.

Otegiren elkarrizketa horretan dio Grezian —teorikoki Europar Batasunaren eta kapitalismoaren markoan independentea den herrialdea— Tsiprasek ezin izan zuela Troikak agindutakoa besterik egin, nahiz eta herritarren babesa izan, inork ez zituelako greziarrak mobilizatu. Hori ez da egia. Tsiprasek eta bere gobernuak amore eman zuten Troikaren aurrean, eta langile klasearen eta gazteriaren aldarrikapenak traizionatu zituzten. Ez da egia, inondik ere, Greziarrek ez zuketela Europako langileen babesa izango, baldin eta Europako langileei dei egin izan balie Troikaren erasoei aurre egiteko eta, aldi berean Tsiprasen neurri sozialistak hartu izan balitu banka eta ekonomiaren palanka estrategikoak nazionalizatuz, pertsonak kapital finantzieroaren interesetatik defendatzeko.

Ekintzara pasatu eta masen mobilizazio batua bultzatu behar da

Masen mobilizazioaren beste erasoaldi baterako eta bake sozial faltsu hau apurtzeko baldintzak egon badaude. Jakina, era berean, badira kalera borroka egitera itzuli nahiz ez duten indarrak ere. UGTko eta CCOOeko burokrazia sindikalek bake sozialaren politikaren jarraitzen dute. PSOEko zuzendaritza kolpista PPren morroia da, eta alderdiak bizi duen barne gatazka kontrolatu nahian dabil desesperatuki. Halere, etorkizun beltza dute. Podemosen ikusi dugun klase dominatzailearen saiakera serioena Pablo Iglesias boteretik kentzen ahalegintzea izan da; eta, hain zuzen ere, kontrakoa lortu dute.

Askotan gertatu den bezala, masek eskuinaren eta murrizketen erasoei egindako presiotik lortuko da indarra. Urrian eta azaroan Ikasle Sindikatuak deitutako ikasle grebek garaipen handia lortu dute. Errebalidak kendu izanak erakusten du PPren planak atzera bota daitezkeela borroka plan kontsekuentea, masiboa eta denboran luzatuko dena aurrera eramanez gero. Baina hori ez da adibide bakarra.

Iazko azaroaz geroztik, Andaluzian mobilizazio erraldoi ugari izan dira osasun publikoaren defentsan eta Susana Díazen pribatizazio politiken aurka. Otsailaren 19an Bartzelonan 500.000 lagun bildu zituen manifestazio erraldoia izan zen, errefuxiatuei babesa eskaintzeko eta EBren politika arrazistak salatzeko. Bi adibide horiek esaten duguna berresten dute. Mobilizazio horiei Hego Euskal Herriko beste zenbait gehitu behar zaizkie: martxoaren 9ko, 22ko eta 23ko grebak, Gasteizen martxoaren 18ko manifestazio erraldoia Garoña berriro irekitzearen aurka, apirilaren 1ean Bilbon gehiengo sindikalak deitutako manifestazioa eskubide sozialen alde eta murrizketen aurka, besteak beste.

Esperientziak erakutsi du zapalduok behar dugun aldaketa ez dela etorriko burgesiarekin aliatuta, ezta erretorika parlamentarioa erabilita ere. Langabeziaren, murrizketen, etxe-kaleratzeen, prekarietatearen eta pobreziaren izurritearekin bukatzeko eta autodeterminazio eskubidea lortzeko, beharrezkoa da kapitalismoaren eta bere erakundeen aurka borroka egitea. Hori dela eta, EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek ardura handia dute: mobilizazio batu eta masiboa bultzatu beharko lukete programa antikapitalista batekin. Batasuna nahi dugu, bai, baina borrokatzen ari garenon batasuna, sistemaren injustiziaren aurka borrokatzen duten langile eta gazteekin, nonahikoak direla ere.

 

Ezin ditugu eskubide demokratikoak lortu, gure eskubide sozialak defendatu gabe. Euskal Herriarentzat ez da askatasunik izango sozialismorik gabe.

Informazio gehigarria