Hauteskundeetan eta eremu guztietan eskuina garaitzeko

Programa sozialista defendatu eta kalea hartu!

PPren azken legegintzaldia langile klasearen eta eskubide demokratikoen aurkako erasoez beteta egon da, baina gizarteko korrelazio indarretan eragin handia izan duten borroka ugariz ere bai. PPren erasoaldiak eragindako errebolta sozialaren tamaina ez zen ikusten 70eko hamarkadan frankismoaren aurka antolatu ziren mobilizazio handietatik.

ArgazkiaEditoriala

 

M15aren leherketa 2011n eta greba orokorrak 2012ko martxoan eta azaroan; urte hauetako ikasle mugimendu handia, Gamonal auzoko altxamendua eta Duintasun Martxa 2014ko martxoan Madrilen milioi bat parte hartzailerekin; pagen ezabaketaren eta kaleratzeen aurkako sektore publikoko langileen manifestazioak, meatzarien martxak, Marea Zuria edo langileen gatazkak, erabakitze eskubidearen aldeko Diada masiboak Catalunyan eta, nola ez, Euskal Herrian eskubide demokratikoen eta preso politikoen eskubideen alde izan ditugun manifestazio guztiak.

2014ko ekainean Rubalcabak bere dimisioa iragarri eta Juan Carlos I.ak erregetza utzi zuenean, begirale politiko askok mobilizazio soziala eta Podemosen sorrera planteatu zituzten Estatu espainiarreko auzi erabakigarri bezala. M25eko hauteskunde europarretan Pablo Iglesiasek zuzentzen duen erakundeak milioi bat bozka eta 5 eurodiputatu lortu zituen, bipartidismoari kolpe gogorra emanez. Hurrengo hilabeteetan, Podemoseko milaka talde antolatu ziren Estatu guztian eta bertan milaka gazte eta langilek hartu zuten parte. Indar honek bultzada handia eman zion Podemosi eta 2015eko urtarrileko CISen inkestan PSOE eta PPren aurretik zen (bozken %28arekin). Babes hau baieztatu zen hilabete horretan bertan, Madrilen 300.000 pertsona bildu zituen Aldaketaren Martxan.

Ez ezkerreko, ez eskuineko?

Sistema kapitalista krisi sakona jasaten ari da 2008tik. Milioika langile langabeziara bota dira eta soldatak ikaragarri murriztu dira. Bitartean, murrizketa sozialak, pribatizazioak, prekarietatea eta desberdintasunak iraganeko lorpenak suntsitzen ari dira. Burgesiak ez du zalantzarik klaseko gerra honetan gogor ekiteko. Bost axola zaio bere politikak eragiten duen sufrimendua. Arrazoi honengatik, langile familien bizi baldintzak hobetzeko edozein saiakerak kapitalista handien eta hauen instituzioen (gobernua, parlamentua, Nazioarteko Diru Funtsa, Mundu Bankua, Europako Banku Zentrala…) aurkako borroka eskatzen du. Hauteskundeak, Greziako adibideak erakusten duen bezala, ez dira nahikoa: politika iraultzailea eta mobilizazio eraginkorra behar dira klase dominatzaileari aurre egiteko eta gizartea aldatzeko.

Milioika pertsonek ilusioarekin begiratu zioten Podemosi, baina fenomeno honek mota guztietako arribistak eta oportunistak erakarri zituen eta horrek indartu egin zituen zuzendaritzaren diskurtso interklasista eta eskuineranzko bira. Erakunde tradizionaletatik gero eta gutxiago ezberdintzen joan da Podemos, eta aldi berean, klase dominatzaileak bultzatutako Ciudadanos alderdiaren gero eta antz handiagoa hartzen. Bitartean, ezkerreko ideiak defendatzen edo sozialismoaren alde borrokatzen dutenak gutxietsi dituzte.

Pablo Iglesias, Errejón, Bescansa, Pascual eta zuzendaritzako kideek behin eta berriro esan dute ezkerraren eta eskuinaren arteko diskurtsotik atera beharra dagoela eta beraien proposamenek “zentzu komuna” dutela, PPren politika axolagabekeriak zuzenduko balu bezala, eta ez kapital handiaren interesek. Klaseko eta ezkerreko programari uko eginez, beste alde batera begiratu dute atzerakoiek Venezuelako iraultza eraso dutenean, edo are okerrago, udaletxeetan edo parlamentuetan kolpista faxisten askatasunaren aldeko ebazpenak babestu dituztenean. Tsiprasen kapitulazioa ere justifikatu zuten, beraiek ere egoera berean berdina egingo zutela esanez. 

Zoritxarrez, hauteskundeak gerturatu heinean biderkatuz joan dira atzerakadak: “Zor ilegala ez ordaintzea” delakoaren eta sektore estrategikoen nazionalizaziok baztertzea, erretiratze adinaren murrizketarekiko anbiguotasuna, AEB eta NATOrekin akordio militarrak betetzea…

Albert Riveraren alderdiaren gorakada Podemosek “erdigune” politikora egindako birarekin batera gertatu da. Serio eta fidagarria izatea, gainontzeko alderdiei Estatu Akordioak eskaintzea, “trantsizio garaiko izpiritu onena” berreskuratzea (orain dela ez asko 78ko erregimenarekin hausteaz hitz egiten zuten)… PSOE eta Ciudadanosen programak ere horrelako gauzez beteta daude. 

Podemosek uko egiten dio EHBildurekin aliatzeari

Zalantzarik gabe, azken urte hauetan milioika pertsonen kontzientziak aurrera pauso garrantzitsua eman du: parlamentarismoa eta ustelkerian murgilduta dauden alderdi tradizionalak auzitan daude. Askorentzat kapitalismoa bera auzitan jarri den une hauetan, sektore askok beharrezkoa ikusten dute ezkerraren bandera altxatzea programetako eta ekintzetako kontzesioei amaiera emateko. Marxismo iraultzailearen ideiak berreskuratuko dituen ezkerra.

Helburu honetan aurrera egiteko baldintzak badaude. Maiatzaren 24ko udal hauteskundeek garbi utzi zuten: hiri handi askotan, herri batasuneko hautagaitzek emaitza oso onak eskuratu eta eskuina kanporatu zuten. Hamarkadetako zapalkuntzaren ondoren, udaletxeetara eraman ziren errebolta sozialaren eskaerak: etxe kaleratzeen amaiera, pribatizazioen bukaera, zerbitzu sozialen defentsa eta hauen bermunizipalizazioa, hezkuntza eta osasun publikoa, oroimen historikoa…

Langile klasea eta gazteria borroka egiten duen ezkerraren batasuna eskatzen ari dira, eta hori ez da adierazten Trantsizioko izpirituan, mobilizazio handietan baizik. Hau da gehiengoa eskatzen ari dena, baina Podemosen zuzendaritzak ahal zuen guztia egin du aukera honi bidea ixteko. Podemoseko arduradunak PSOE “aldaketa politikora” erakartzeaz hitz egiten aritu dira, eta bitartean uko egin diote Euskal Herrian EHBildurekin akordiora heltzeari edo Estatu mailan Izquierda Unidarekin. Zein daude gertuago behar dugun aldaketatik? Pedro Sanchez edo ezker abertzaleko, Izquierda Unidako, etxe kaleratzeen aurkako plataformako… kideak? Erantzuna erraza da.

EH Bilduren aldeko botoa, autodeterminazioa eta sozialismoa

Euskal Herria Sozialistatik, EHBilduren aldeko botoa eskatu dugu abenduaren 20ko hauteskundeetarako. Aldi berean, beharrezkoa dela uste dugu ezker abertzaleak mobilizazio soziala bultzatzea eta kapitalismoaren aurkako borrokan programa sozialista defendatzea.

Urte hauetako esperientziak erakusten du beharrezkoa dela ezker abertzaleak programa iraultzaile, sozialista eta internazionalista defendatzea gure herriaren askatasuna lortzeko. EH Bildu eta Sortuko zuzendaritzaren gehiengoa EAJrekin fronte subiranista eratzearen alde agertzen da eta bitartean gutxiagotzen joan da murrizketen aurkako mobilizazio soziala. Zalantzarik gabe, egokia da instituzioetan parte hartzea ezkerreko politikak defendatzeko, baina gauzak aldatzeko indarra ez dago hor, kaleetan, borroketan eta mobilizazio sozialetan baizik. Estrategia ezin da izan euskal burgesiarekin akordiora iristea: euskal kapitalistekin eta honen alderdi politikoa den EAJrekin. Ez dira irtenbidea, arazoa baizik, eta burgesia espainiarraren eta frantziarraren aliatuak izanik Euskal Herriko zapalkuntza nazional eta sozialaren arduradunak dira.

Garbi daukagu bozkatzea ez dela nahikoa. Parlamentarismoak erakutsi du nolako mugak dituen, are gehiago instituzioak ez badira kapitalismoaren aurka langileak eta gazteak mobilizatzeko eta antolatzeko erabiltzen. PP, EAJ, UPN eta Ciudadanos garaitzeko eta gehiengo sozialarentzat aldaketa politikoa errealitate bihurtzeko, programa sozialista defendatuz erasoaldira doan ezkerra behar dugu, eskubide demokratiko nazionalen defentsa, autodeterminazio eskubidea barne, gizartearen eraldaketara lotuko duena. Hau da eginkizun garrantzitsuena eta horretara bideratuko ditugu marxistok gure indar guztiak.

Sozialismoa, autodeterminazioa, amnistia!

Antolatu Euskal Herria Sozialistan eta egin borroka gurekin programa honen alde!

Informazio gehigarria