Sozialismoaren aldeko borroka da bide bakarra!

Hamarkadetan zehar agindu duen erregimen politikoa hautsi egin da. Parlamentuak eta justizia botere ekonomiko handiengandik beregainak diren erakundeak direnaren moduko ideiak, lehen barneraturik egon arren, orain iruzur handi gisa ikusten dira. Eta garrantzitsuena: geroz eta langile eta gazte gehiagok ikusten dituzte gobernuak, eskuinekoak nahiz sozialdemokratak, bankarien eta, orokorrean, kapitalisten interesen alde egiten duten exekutiboen komite huts gisa. Eta kapitalista hauek, inork aukeratu ez dituen eta esku gogorrez gure bizitzak baldintzatzen dituen pribilegiatuen kasta osatzen dute.                          

 

 

Krisi kapitalistako bost urte hauetan protagonista izaten ari diren elementu guztien artean nabarmenena klase arteko borrokaren gorakada izan da. Mobilizazio sozialak tamaina ikaragarria hartu du, eta aurrekari gertukoena 70eko hamarkadako frankismoaren aurkako borrokak dira. Kapital handiaren eta bere gobernuaren eraso guztiek oposizio zabala eduki dute aurrean, kaleetan.

 

Urte hauetan, langile mugimendua eta gazteria, murrizketek eta kontraerreformek kolpatu dituzten hainbat sektore, langabezia eta kaleratze masiboak jasan dituztenak, gai izan dira mobilizazio eta adierazpen bideak aurkitzeko. Eta hau guztia, hainbat agintari sindikalek greba orokorrei jarraipena ez ematen temati segitzen duten arren eta itun soziala eta negoziazioa defendatzen dituztenn arren. Agintari sindikal hauek, gobernuak eta patronala "zentzudunak" bihurtu eta aurrera eramaten ari diren ofentsiba "hauen borondate aldaketarekin" geratu daitekeela planteatzen dute.

 

Greba orokor arrakastatsuek, LOMCEaren aurkako eta eskola publikoa defendatzeko egindako ikasle greba bikainek, PAHren bitartez aurrera eramandako etxe kaleratzeen aurkako borrokak, lan gatazketan langileen greba mugagabeak eta borrokak... Mobilizazio eredugarri guzti hauek, batzuk aipatzearren, borrokatzea posible dela eta irabaz daitekeela erakutsi dute. Langile klasea bere tradizio ederrenak berreskuratzen ari da: asanblada demokratikoak, erresistentzia kutxak, elkartasuna lortzeko mobilizazioak zabaltzea, greba mugagabeak... Garaitu daiteke eskuina, bai noski, baina tinko borrokatzen bada, indartsu, mobilizazioak elkartzen badira eta egoerak eskatzen duen alturan dagoen programa bat defendatzen bada.

 

Langile klasea da eraldaketa sozialaren motorra

 

PPren, EAJren eta UPNren gobernuak etengabe saiatu dira protesta soziala kriminalizatzen errepresio polizial basatienaren bitartez edota askatasun eta eskubide demokratikoak erasotzen dituzten legeekin. Hala ere, errepresioak ezin du borroka geratu. Aitzitik, borroken erradikalizazioak eta geroz eta gehiago diren greba mugagabeek argi uzten dute, alde batetik, langileen sektore zabalek beren eskubideak defendatzeko amaierara arte iristeko duten determinazioa eta, bestetik, patronalaren erasokortasunaren aurrean moketazko sindikalismoaren porrota. Zeinen ikasgai izugarria beren akademietako atril erosoetatik eta egunkarietako zutabeetatik langile klasea ez zela existitzen eta, noski, ez zela subjektu iraultzailea zioten horientzat!

 

Goraka doan dinamika baten aurrean gaude, bere nahitaezko gorakada eta beherakadekin, baina garatzen jarraituko duena. Hori eragingo dute PPk, EAJk eta UPNk zerrendan dauzkaten murrizketa berriek, eta baita mugimenduek eta garaipenetatik nahiz porrotetatik ateratzen diren ikasgaiek ere.

 

Korronte orokorra aukera iraultzaile eta sozialista bat eskala handian garatzearen aldekoa da. Honen helburua eskuineko gobernuekin amaitzea baino askoz haratago doa. Ez da nahikoa bozkatzea eta eskuina gobernuetatik kentzea, hau beharrezkoa bada ere. Beharrezkoa da parlamentuan, baina batez ere kalean, modu tinko eta kontsekuente batez langileen interesak eta kapitalismoak zapaldurik daukan gehiengo sozialarenak defendatuko dituen proiektu politikoa altxatzea.

 

Sozialismoaren aldeko borroka estrategia

 

Agerian dago langile mugimenduan eta bere erakundeetan posizio politikoen espektro zabala dagoela. Posizio erreformistenetatik eta sozialdemokraziatik gertuen daudenetatik borrokarekin eta eraldaketa sozialarekin kontsekuenteenak diren sektoreetara arte. Sozialismo iraultzailearen ideiak defendatzen ditugun Euskal Herria Sozialistako gazte eta langileak ahaleginak batzen jarraituko dugu langile mugimenduan eta bere erakundeetan sozialismoaren aldeko borroka antolatu eta kontzientea bultzatzea beharrezkoa dela defendatzen.

 

Beharrezkoa da programa sozialistaren defentsan eta langile klasearen indarrean, borroka gaitasunean eta sormenean oinarrituko den estrategia. Pentsatzen dugu Sortuko, LABeko edo ELAko zuzendaritzek argi utzi behar dutela ez dutela onartzen sistema kapitalista honen logika; sektore finantzariaren eta monopolio handien (banku, elektrizitate, garraio, telekomunikazio...) langileen kontrol demokratikopeko nazionalizazioa defendatzen dutela; etxe kaleratze guztien aurka eta banka handiaren jabetza diren etxebizitza multzoaren desjabetzearen alde borrokatzen dutela, horiek alokairu sozialean ezartzeko; hezkuntzaren kontraerreforma frankistaren (LOMCE) aurkako eta osasungintzaren pribatizazioaren aurkako mobilizazioaren buruan jartzen direla; greba orokorren jarraipena eskatzen dutela kaleratze masiboei aurre egiteko; 35 orduko lan astearen alde daudela...

 

 

Sortu, LAB eta ELAko zuzendaritzek beste mota bateko gizarte bat behar dugula seinala dezakete eta seinalatu behar dute, monopolio handi batzuen, milioidun eta bankarien gutxiengoaren diktaduratik askaturik egongo dena. Gizarte sozialista honen aldeko borroka ez da asmo oneko utopia bat, gizateriaren konkistak mantentzeko presazko behar bat baizik. Hori da langileek eta gazteek Euskal Herri aske eta sozialista bat lortzeko nahi dugun eta behar dugun bidea.

Informazio gehigarria