Krisi ekonomikotik ateratzen ari gara?

Bost urte igaro dira subprime hipotekek eztanda egin zutenetik eta finantza sistema estatubatuarra eta europarra hondoratu zirenetik. Ordutik hona, sistema kapitalistak ezegonkortasun jarrai eta orokorra jasan du. Egoera honekin aldera daitekeen aurrekari historiko bat aurkitzekotan 1929ko crackaren eraginetara eta 30eko hamarkadako gorakada iraultzailera edo 70eko hamarkadako langile klasearen mugimendu handietara joan beharko genuke. Testuinguru honetan, beharrezkoa egiten da aztertzea ea ekonomia internazionalak susperraldi azkar bat biziko duen (propaganda burgesaren zaparradak dioen bezala) edo, aitzitik, geldialdia eta atzeraldia denbora gehiagoan luzatuko diren.

 

 

 Gezurtatze ofizial asko egon arren, herrialde kapitalista aurreratuek zailtasun handiak pairatzen jarraitzen dute. AEBek, 2013an %1,6ko hazkuntza tasa izanik, burua altxa ezinik dauzka etxeko kontsumoa eta ekoizpen inbertsioa. Europako BPGaren maila oraindik ere 2008ko mailatik %3 azpira dago, eta EBko ekoizpen osoa ere %10 baxuagoa da. 2014rako aurreikuspenek ez dute funtsezko aldaketarik suposatzen. Munduko Bankuak bere azken dokumentuan dio urte honetan hazkuntza globala %3,2koa izango litzakeela, 2013an baino hiru hamarren gehiago! Bere aldetik, NDFak euro barneko herrialdeentzat aurreikusten du "BPGaren %1eko gorakada egongo dela 2014an eta %1,4ekoa 2015ean; eta AEBri dagokionez berriz, espero denak nekez gainditzen du %2,5a. Datu horiei benetan arduratzekoak diren beste albiste batzuk gehitu behar zaizkio: Txinaren eta "garapen bidean dauden" beste herrialdeen dezelerazio nabarmena.

 

Errealitatea burugogorra da: atzeraldia eta geldialdia dira nagusi euroguneko, AEBetako eta Japoniako ekonomietan -zor publiko izugarrien oztopoarekin-, baina zurrunbilo berriak eta indartsuagoak ageri dira jada begi bistan. Txinako ekonomiaren gainean dabilen burbuila finantzieroak eztanda egiten badu, mundua depresio fase berri batera zuzendu daiteke. Horrenbestez, burgesiaren propaganda organoek jaurtitzen dituzten gezurrez haratago, bazterturik dago 90eko hamarkadan eta 2000ko hamarkadako lehen erdian ikusi zenaren antzeko berpizkunde baten perspektiba epe motzean eta ertainean.

 

Estatuaren esku hartzeak ez du ekonomia berpiztea lortzen

 

Etenik gabe erortzen bost urte eman ondoren, klase dominatzaileak ez du lortu beheranzko dinamikarekin haustea eta oreka berreskuratzea; ez du lortu susperraldi ekonomiko bati bide ematea herrialde erabakigarri bakar batean ere. Asko jota, bere lorpenik handiena kolapso orokor bat eragotzi izana da historiako pizgarri monetario handienari esker. AEBetako Erreserba Federalak 12,6 bilioi dolarretan zenbatzen du finantza sektorea zulotik ateratzeko mobilizatu zuen diru kopurua, 2007ko BPGaren %80a baino gehiago, emaitza gisa bere gain hartu ezin dituen zor kroniko mordoa sortuz. Datu ofizialen arabera, zor publiko estatubatuarra egun BPGaren %73aren inguruan dabil, ia 17 bilioi dolar. Europan dinamika berdintsua da; Eurostaten arabera, euroguneko zor publikoa jada 8,75 bilioi eurora iritsi da, BPGaren %93,4ra.

 

Zer erakusten dute emaitza horiek? Ezkerreko erreformisten nahaspila teoriko guztiaren aurrean, estatuaren esku hartzeak ez dituela aldatzen kapitalismoa mugitzen duten oinarrizko legeak eta kontraesanak. Bigarren Mundu Gerra ondorengo hamarkadetan, iraultza europarraren mehatxua zegoenean eta SESBen, ekialdeko Europan eta Txinan erregimen stalinistak egonkortu zirenean, Estatu frantziarra eta Britainia Handia bezalako herrialdeetan estatuak hartu zuen kapital pribatuak errentagarri ikusten ez zituen ekoizpen adarraren kontrola. Estatalizaturiko sektore horiek (mehatzeak, altzairua, trenbideak, eraikuntza, etab.), susperraldia lagundu eta gogortu zuten lehengaiak eta garraiobidea eskainiz prezio merkean; baina gerra ondoko gorakadaren funtsezko gakoa ez zen hori izan, baizik eta kapitalaren inbertsioaren handitzea, ekoizpen adar askoren garapena, mundu mailako merkataritzaren zabaltzea eta nazioarteko lan banaketa berria.

 

Kapitalismoaren egungo gainbehera fase honetan ere, estatua palanka indartsu bezala erabilia izaten ari da. Era berean, "merkatu askean" estatuen esku hartze lotsagabeak eman dira. Sistema finantzieroa "salbatzearen" aitzakiarekin murrizketa sozial basatiak eta lan erreformak, enpresari handiei deskontu fiskalak, zerbitzu publikoen pribatizazioak... izan dira. Hala ere, baliabide publiko horiek guztiak xahutu arren ("liberalek" inoiz onartu nahi ez duten "esku hartzea"), klase dominatzailea ez da gai izan ziklo ekonomikoaren funtsezko beheranzko dinamikari buelta emateko: ezerk ezin du kapital pribatuaren inbertsioa ordezkatu, suspertze kapitalistarentzat erabat ezinbestekoa baita. Bost urte ondoren, joera espekulatiboak, burbuilak eta gezurrezko kapitala desagerraraztetik urrun, bueltan etortzen dira. Mundu mailan pilatu den aktibo finantzieroak 198 bilioi dolarren parekoak dira, azken urteotan sarturiko zor publikoaren iturritik elikatu da, eta ez dauka inolako aurrekaririk historia modernoan.

 

Honela azaldu zuen Trotskyk kapitalismoaren beheranzko dinamika hori: "(...) Kapitalismoa ez da bereizten zikloen aldizkako errepikakortasunagatik, bestela historia errepikapen konplexu bat izango litzateke eta ez garapen dinamiko bat. Ziklo komertzialak eta industrialak izaera ezberdinekoak dira garai ezberdinetan. Horien arteko ezberdintasun nagusia harturiko ziklo bakoitzeko krisi aldiaren eta gorakada aldiaren arteko interrelazio kuantitatiboek determinatzen dute (...) Garapen kapitalistako aldi osoak ematen dira ziklo kopuru jakin bat gorakada oso delineatuek eta krisi ahul eta bizi laburrekoek bereizten dutenean. Emaitza gisa garapen kapitalistaren oinarrizko kurbaren goranzko mugimendu azkar bat daukagu. Geldialdiko garaiak dauzkagu kurba hori, nahiz eta oszilazio zikliko partzialetatik igaroz, maila berean mantentzen denean hamarkadetan zehar. Eta azkenik, zenbait aldi historikoetan, oinarrizko kurba, nahiz eta beti bezala oszilazio ziklikoetatik igaro, beheraka joaten da bere osotasunean, ekoizpen baliabideen gainbehera markatuz...". Egungo garaiaren izaera ekoizpen modu kapitalistaren gainbehera aldi horri dagokio, susperraldiak ahulak eta denboran laburrak direnekoa eta kontrakzio garaian suntsituriko ekoizpen indarren maila berreskuratzea lortzen ez dutenak; aldiz, atzeraldi faseak luzatu egiten dira eta sakonagoak bihurtzen dira.

 

 

Kapital kontzentrazioa eta desbertinasuna

 

Egungo krisiaren beste bereizgarri nabarmen bat kapital finantzariaren kontzentrazio handia da, eta ondorioz, merkatu monopolistaren agintea. Banku sektorearen "kontrolari" eta "erregulazioari" buruzko hitzontzikeria guztia entzun behar izan arren, AEBetako lau entitate finantzario handienak orain dela bost urte baino %30 handiago dira. Zuricheko Unibertsitateko ikerketa baten arabera, soilik 147 korporazio transnazionalen talde txiki batek kontrolatzen du praktikan mundu mailako ekonomia.

 

Estatu kapitalistak irabazi tasa globala berreskuratzeko emaniko laguntzaren beste ondorio deigarrienetako bat eragin duen desberdintasunaren hazkuntza esponentziala da. Oxfam Intermon GKEak eginiko Eliteentzako Gobernatu. Bahiketa demokratikoa eta desberdintasun ekonomikoa informeak dio 85 gizabanakok munduko biztanleria pobreena osatzen duten 3.570 milioi pertsonak adina aberastasun dutela. Aberastasunaren polarizazio honek atzean ezkutatzen duena da herrialdeak masen miseria, bazterketa eta langabeziaren zuloan hondoratzen ari direla. Lanaren Erakunde Internazionalak argitaraturiko Enpleguaren Mundu Mailako Joerak 2014 informearen arabera, munduko langabetuen kopurua 2013an bost milioi pertsona gehiagorekin hazi zen, 202 milioira iritsi arte. Gazteriaren langabeziari dagokionez, 24 urte azpiko 74,5 milioiri eragiten die, eta kontuan hartu behar da zifra horiek gobernuek emandako zifra ofizialak bakarrik erregistratzen dituztela. Nazioen artean ere igotzen ari da desberdintasuna. Credit Suisse Ikerketa Institutuak 174 herrialdeen estatistika nahiko osatua garatu du (Global Wealth Report). Horren arabera AEBek eta Europar Batasunak, bertan mundu mailako biztanleriaren %13,2a bizi da, aberastasunaren %59,3a kontzentratzen dute. Beste muturrean berriz, Afrikako kontinenteak, Indiak, gainontzeko Europak, Latinoamerikak eta Txinak biztanleriaren %63,1a osatzen dute baina aberastasun globalaren %17,8ra bakarrik iristen dira.

 

“Garapen bidean dauden” herrialdeengan jarritako esperantza zapuzten ari da

 

Analista burges askok beren esperantzak ezarri zituzten garapen bideko herrialde deritzenetan. Txinarekin batera kategoria honetan sartzen dira Brasil, India, Errusia eta baita Turkia eta Hegoafrika ere. Herrialde horietako hazkuntza tasak askogatik gainditzen zituzten Europako eta AEBetakoak. Atzeraldi handiko lehen urteetan eman zezakeen ekonomia horiek krisiari eusten ziotela, baina 2013an ilusio hori ere zapuztu egin da. Lira turkiarra, peso argentinarra eta Brasileko erreala erortzen ari dira; Txinako, Indiako eta Errusiako burtsak urteari balantze negatiboekin esan zioten agur; "Garapen bidekoen" BPGaren hazkuntza eta, batez ere Txinakoa, mantsotzen ari da eta atzeraka egiten hasi da modu kezkagarri batean.

 

Munduko merkatuaren erabateko agintearen garaian bizi gara eta arlo finantziario, produktibo eta komertzialeko komunikazio hariak indartsuegiak dira garapen bideko herrialdeak, erraldoi txinatarra barne, banandu daitezen eta gain-ekoizpen krisitik ihes egin dezaten. Txinaren lehengaien eskari handia, Latino Amerikan, Afrikan eta Asian hazkuntza ekonomikorako motor gisa jokatu duena, ahitzen ari da; aldi berean, herrialde horietara pasatu ziren kapital espekulatiboen kopuru handi bat, AEBetara eta Europara itzultzen ari da ziurtasun gehiagoren bila.

 

AEB: larriki zaurituriko erraldoia

 

Begirada guztiak orain planetako ekonomiarik boteretsuenean jarrita daudela dirudi. AEB hainbat aurreikuspen optimisten objektu bihurtu da. Egia esan, ekonomia estatubatuarraren ahultasun organikoak partzialki baretuak izan dira orain dela bi urte Obamaren administrazioak martxan jarri zuen pizgarri monetarioen programa erraldoia dela eta: FEDak hilero 85.000 milioi gastatu ditu zor publikoaren bonoen erosketan. Zirkulazioan diru kopuru ikaragarri hori jartzeak interes tasak %0aren inguruan mantentzea baimendu du eta enpresei kredituaren hornikuntza piztea eta inbertsio produktiboa bultzatzea zuen helburu, kontsumoa eta enpleguaren sorkuntza piztearekin batera. Zer gertatu da ordea? Europan bezala, banku handien kontuak eta balantzeak saneatu direla injekzio monetario horiei esker; bestalde, enpresa handiak eskudiru asko lortu dute kostu oso txikian, baina inbertsiorako erabiltzetik urrun, bitarteko horiek neurri handi batean burtsako espekulaziora bideratu dira.

 

Kapital publikoek, funtsean, ez dute balio izan geldialdi egoerari buelta emateko, baina irabazi tasak berrezartzeko lagundu dute, eta asko gainera. S&P 500 indizeak, Wall Streeteko konpainia handienak hartzen dituenak, 1997az geroztik irabazien urteko itzulera handiena lortu du, %31 batean balioztatu delarik. Dow Jonesen kasuan, igoera %27koa izan zen, 1995az geroztik izan duen hoberena. Errendimendurik hoberena Nastdaqean izan zen ordea, %40eko igoerarekin. Bien bitartean, etxeko kontsumoak deprimiturik jarraitzen du eta sorturiko enplegua prekarioa da, soldata baxuekin eta lan eskubiderik gabe. Nahiz eta AEBetan atzeraldia ofizialki 2009ko ekainean amaitu zen, milioika estatubatuarrentzat egoera erabat tamalgarria da. Bi urte baino gutxiagoan (2007-2008) 8,7 milioi enplegu suntsitu ziren eta langabetuen kopuru osoa 14,7 milioietaraino igo zen. Bost urte geroago, 10,9 milioi langabetu daude eta 10,6 milioi pertsona azpienpleguan. Estatistika ofizialetan, ekonomia iparramerikarrak bertako langabezia tasa %7,3ra arte jaitsi zuen 2013ko azaroan, bost urte hauetako maila baxuena. Teorian, sektore pribatuak 8,1 milioi lanpostu sortu ditu, horietatik 2,3 2013an. Baina enplegu horietako zati handi bat denbora partzialekoa da, osasun asegururik gabe, aparteko orduen ordainketarik gabe eta pertsona askorentzat horiek onartzeak dakartzan gastuak ere konpentsatzen ez dituen enplegu prekarioak dira. Ekonomia estatubatuarraren benetako geldialdi maila nabarmentzen duen datu oso esanguratsu bat dago: lan okupazioaren tasa %63an dago, mailarik baxuena hiru hamarkada eta erdian.

 

AEB desberdintasun sozialaren erdigunea ere bada. Egun, 45 hilabete enplegua "sortzen" egon ondoren, 50 milioi pertsona daude pobrezia mehatxupean, 13,4 milioi haur barne. Bizirauteko laguntza publikoen menpe dagoen langile pobrearen irudiak modu ezin hobean deskribatzen du "suspertze" iparramerikarra. 2007an, 26 milioi estatubatuarrek jasotzen zituzten elikagai bonoak; egun kopurua ia 48 milioikoa da, eta familien "etxeko janariko" gastu guztien ia %11 bono horiekin ordaintzen da. Sozialdemokratei asko gustatzen zaie “Obama eredua” goratzea, baina administrazio demokratak ere berdin-berdin kapitulatu du. Ideia hori irudikatzeko adibidea: errepublikarrekin aurrekontuaren inguruko negoziazio sutsuen erdian zegoela (kongresuaren behin behineko itxiera eragin zuten), bi alderdiak 40.000 milioi dolarretako murrizketa basati bat onetsi zuten hurrengo hamar urtetarako janari kupoietan; aldi berean, nekazaritzako elikagaien enpresa handiek jasotzen dituzten diru laguntza erraldoiak haztea erabakitzen zuten eta aberatsenentzat opor fiskalak onartu zituzten.

 

Sistema amerikarraren pobrezia adibideak biderkatzen ari dira. Detroit, indar automobilistiko iparramerikarraren erakusgarria, hondoratzen ari da. Orain dela sei urte zuenaren biztanleria erdia du, 700.00 biztanle inguru, %18tik gorako langabezia tasa jasaten du eta orain bere kontuen porrota aitortu berri dute. Batzorde independente batek egin duen Los Angelesen inguruko informe berri baten arabera, A Time for truth (‘Egiaren ordua’) izenekoa, hiriko biztanleriaren %40a pobrezian bizi da eta "langileen %28ak ez du bizitzeko adinako ordainsaria jasotzen". Herrialdeko hiriburu ekonomikoan, New Yorken, krisi kapitalistak marka hautsi du behartsuentzako ostatuetara familiak eramaten: 52.000 pertsona (22.000 haur) bizi dira ostatu horietan erregistro ofizialen arabera, eta beste milaka bizi dira tuneletan, tren geltokietan eta zubi azpietan.

 

Egoera honek azaltzen du Obamaren gobernuak hain desgaste gogorra jasan izana eta klase arteko borrokak gora egin izana. Udaberri arabiarraren berotasunean piztutako Occupy Wall Street mugimendua edota Wisconsineko eta Seattleko langile borroken ondoren, 2013an soldata hobeak eskatzeko greba bolada izan da langile zapalduenek eta lan baldintza okerrenak jasaten dituztenek antolatuta: janari azkarraren sektorea eta supermerkatuen erraldoia den Walmarteko borroka. Jakina da denentzat Walmart bezalako merkatal gune handien "oparotasuna" bertako milaka eta milaka langile pobreziaren lerro azpitik bizitzean oinarritzen dela, eta hauek, bizirauteko janari kupoien gisako estatu laguntzako programez baliatu beharra daukatela.

 

Geldialdia eta atzeraldia Europan

 

Mundu mailako krisi hau AEBetan azaleratu zen lehenik, baina Europa izan da, eta batez ere eurogunea, honen erdigunea. Herrialde ahulenak (Grezia, Irlanda, estatu espainiarra, Portugal...) bata bestearen atzetik erortzen joan dira, eta hainbat kasutan 90eko hamarkadan herrialde latinoamerikarrek jasan zituzten hondoratze ekonomiko egoera antzekoetara iritsi da.

 

Dinamika eta interes ezberdinak (askotan aurkakoak) dituzten ekonomientzat eta estatu nazionalentzat txanpon bakarra egoteak sortzen dituen kontraesanak mantendu egiten dira. AEBetan baino are gehiago, sistemari likidezia kopuru erraldoiak injektatzeak ez du funtsezko arazo bakar bat bera ere konpondu (inbertsio produktiboak eta enpleguak hondoraturik jarraitzen dute) eta maila historikoetara igoarazi du zorra. Eurogune osoan 2007 eta 2013ko azken hiruhilekoaren artean zor publikoa BPGaren %66,4 izatetik %95,1 izatera pasatu da. Grezian, %107,4tik %171,8ra; Italian %103,3tik 132,9ra; Portugalen %68,4etik %128,7ra; Irlandan, %24,9tik %124,8ra; estatu frantziarrean, %64,2tik %92,7a; estatu espainiarrean, %36,3tik %93,4era eta Alemanian %65,1tik %78,4era.

 

Europan krisia gogortasun handiagokoa izatea eragin zuten "egiturazko arazoak" bere horretan jarraitzen dute. Nahiz eta hedabide burgesek titular asko eskaini euroguneko banka batasunaren aurrerapenei, benetako joera lerro nazionaletako geroz eta finantza zatiketa handiagokoa da, merkatu maioristan maileguak emateko orduan herrialde ezberdinetako bankuen arteko geroz eta mesfidantza handiagoa, maileguen eta deposituen segurtasunen interes tipoetan ezberdintasun gehiago, etab.

 

Bankak, zorpetze honen arduradun eta aldi berean mozkinaren irabazle izanik, eztanda egitear dagoen bonba izaten jarraitzen du. Informazio batzuek Europako bankaren berkapitalizazio beharrak 767.000 milioi eurotan kokatzen dituzte (entitate frantsesak dira zulo handiena dutenak, 285.000 milioikoa, eta jarraian alemaniarrak 199.000 milioikoa). "Krisitik irtetearen" inguruan bota diren suziri guztiak bota arren, Europako ekonomiak erdi paralisiko egoeran jarraitzen du. Alemania, "Europako lokomotora", %0,4 hazi zen 2013an, 2009tik izan den tasarik txikiena. Hazten ari den zorpetzeak, urteetan luzatzen ari den geldialdiarekin batera, kaudimen-gabezia egoera berriak eragin ditzake, eta estatuak edo banku "sistemikoak" kaltetuko lituzke.

 

Mundu mailako klase arteko borroka

 

Testuinguru hauxe da kapitalismoa, demokrazia burgesaren instituzioak eta politika ofiziala ezbaian jartzea indartzearen atzean dagoen oinarri orokorra. Azken urteetako esperientziak milioika pertsonen aurrean erakutsi du munduan agintzen duen kapital finantzieroaren diktadura eta instituzio "demokratikoen" klaseko izaera. Oreka kapitalistaren galera eta sistemaren egonkortasun sozialaren zutabeak ziren oinarri materialen porrota sozialdemokraziaren eta burgesiaren alderdi tradizionalen krisi sakon bihurtu da. Erdi mailako geruzak pobretzearen eta proletalgotzearen ondorioz, eskuin tradizionalak bere oinarriaren zati handi bat galdu du. Aldi berean, langile mugimenduaren konkista historikoen aurkako gerrak polarizazioa, erradikalizazioa eta langileen eta langile alderdietako buruzagi erreformisten arteko banaketa geroz eta handiagoa sortzen du. Sozialdemokraziako eta sindikatuetako zuzendaritzak kapitalismora egokitu izanak (ekintzez edo utzikeriaz) murrizketen eta erasoen konplize bihurtzen ditu, masak engainatzeko duten tartea murriztuz.

 

Klase arteko borrokaren mundu mailako gorakada baten aurrean gaude eta horren ondorioak agerikoak dira. Herrialde ezberdinetako burgesiak gorakada hori geldiarazteko prestatzen ari dira langileen aurkako legeak onartuz eta errepresioa geroz eta gehiago erabiliz. Dena dela, erreakzio honi aurre eginez, mundu guztian zehar ikus dezakegu langileen eta gazteriaren indar erakustaldi harrigarri bat. Latinoamerikan masa mugimendu berriak (Mexiko, Brasil, Kolonbia) eta azken urteetako ezkerrerako biraketaren jarraipena (Ekuadorreko hauteskundeak, Venezuela, Argentina, Txile, Honduraseko iruzurra...). Greziako egoera aurreiraultzailea eta klase arteko borrokaren gorakada estatu espainiarrean eta Portugalen, Britainia Handiko, Suediako edo Alemaniako hirietako eztanda sozialekin konbinatzen dira. Honi herrialde arabiarretako iraultzaren jarraipena gehitu behar zaio, inperialismoaren eta bertako oligarkien maniobra eta golpe kontrairaultzaileei aurre eginez.

 

 

Sistemaren aurkako altxamendu giroa geroz eta geruza zabalagoetara iristen ari da. Hori da marxismo iraultzailearen ideiak eta indarrak garatzeko baldintzak eta datorren garaietan zapalduen gehiengoaren babesa irabaziko dute.

Informazio gehigarria