Katalunia: CiUren benetako asmoak eta askapen nazionala eta sozialismoaren aldeko borroka uztartzearen beharra

  • Inprimatu

Kataluniako gatazka nazionala egoera politikoaren erdigunean dago eta espainiar estatuan hain gogor kolpatzen ari den mundu mailako krisi ekonomikoaren ondorio zuzena da. Inflexio politikoko garaiak izan ziren 30. eta 70. hamarkadetan gertatu zen bezala, klase arteko borrokaren gorakadarekin batera, gatazka nazionalaren auziak azaleratu egin dira espainiar estatuan.

 

 

2012 eta 2013 urteetako Diadetan izandako manifestazio masiboek eta hainbeste iragarri duten "independentziaren kontsultak" (2014ko azaroan "egitekoa" denak) oihartzun handia izan dute eta hurrengo hilabeteetan ere eztabaida eta polemika ugari ekarriko dituzte. Izan ere, joan den abenduaren 12an Generalitateko presidente den Artur Masek ERC, Iniciativa eta CUPekin lortutako akordioaren berri eman zuen eta 2014ko azaroaren 9an egingo den erreferendumerako galdera adostu zutela ere jakinarazi zuen. Bertan hurrengo galdera bikoitza izango dute: “Katalunia estatu bihurtzea nahi duzu?” eta erantzuna baiezkoa izan bada, “Estatu hau independentea izatea nahi duzu?” Nahiz eta komunikabideek erreferenduma egingo dela iragarri duten, Masek deialdi hau PPren gobernu zentralarekin adostu nahi du, edo gutxienez PPren gobernuak erreferendum hau "onartzea" nahi du, eta hau gertatzea ez da oso probablea.

 

Zein da marxistok Kataluniako gatazka nazionalaren aurrean dugun jarrera?

 

LOMCEarekin, abortuaren legearen aurreproiektuarekin eta manifestazio eta adierazpen askatasunaren aurkako neurri errepresiboekin bezala, gatazka nazionalarekin ere jarrera guztiz atzerakoia du PPren gobernuak. Hau dena eskubide sozial eta askatasun demokratikoak erasotzeko, langile klasea ildo nazionaletan banatzeko, PPren oinarri atzerakoiena histeria egoeran mantentzeko eta protesta sozialen aurkako errepresioa justifikatzeko erabiltzen duen salbuespen egoera sorrarazteko egiten du. Hala ere, PPren homologo kataluniarra den CiUrengan konfiantza edukitzea ere akats larria litzateke.

 

Herri kataluniarraren autodeterminazio eskubidearen defentsak ezin du ondoriotzat izan langile klase kataluniarrak eta bere erakunde sindikal eta politikoek burgesia kataluniarraren helburu eta arrazoiei, aktiboki edo pasiboki, men egitea. Hau gatazka nazionalari dagokionez marxismoaren oinarrizko puntua dugu. Burgesia espainiarrak, burgesia kataluniarrak eta bere alderdiak (CiU) bezala, beren gidoia du gatazka nazionalaren auzian: beren klaseko interesak defendatzeko iruzurra, manipulazioa eta demagogia erabiltzen dituzte etengabe.

 

Artur Masen “estatu propioa”

 

2012ko urrian Jordi Evole kazetariarekin izandako elkarrizketa batean Masek oso argi utzi zuen CiUk irudikatzen duen kataluniar “estatu propioan” ez zutela bertan behera utziko lan erreforma, ezta pentsioen erreforma ere. Era berean, osasunaren alorrean egindako murrizketek, bere horretan jarraituko luketela esan zuen, baita autopistetako ordainsariek ere. Aipatutako elkarrizketa berean, bere politika ekonomikoa Alemania eta frantziar estatuko kapital finantzieroaren interesen menpean egongo zela onartu zuen. Arlo militarrari dagokionez, Kataluniako defentsarako “gaur egun existitzen diren ejertzitoen” babesaz hitz egin zuen; eta zer esanik ez Masen buruan dagoen estatu horren polizia ereduari dagokionez, egungo Mossoek erabiltzen duten errepresio basatia ikusi besterik ez dago.

 

Masek izendatutako aholkulariez osatutako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak duela gutxi gomendatu zuen kataluniar estatu berriak espainiar estatuarekin nolabaiteko batasun bat eduki beharko lukeela, eta zenbait arlotan –monetarioan, industrialean, fiskalean, kulturalean, azpiegituretan, defentsan eta migrazioaren alorretan, besteak beste– bi estatuek kooperazio bat mantendu behar luketela dio. Halaber, erakunde honek berak Barça eta Espanyol futbol taldeek espainiar ligan jokatzen jarraitzeko gomendioa egiten du eta espainiar estatuarekinn dituzten harremanak “gaur egungoak baino sendoagoak, baina berdintasun maila batean” eduki beharko lituzketela dio. Independentzia eta autodeterminazio mota xelebrea benetan! Gainera, Masen proiektu “independentista” hau ordezkatzen dituen botere ekonomiko handiekiko eta bere klasearen anaiekiko, hau da kapital espainiar eta europarrarekiko, guztiz esanekoa da, eta hau agerian geratu da CiUk Generalitatean agindu duen guztietan.

 

“Kontsulta” honetara iristeko ibilbidea trikimailuz betea utzi du burgesia kataluniarrak. Honen beste adibide bat dugu kontsultaren deialdia gauzatu ahal izateko ERCk Katalunian izugarriak diren murrizketa sozialetan haratago doazen 2014ko aurrekontuak babestu behar izana. Azken urte hauetan, burgesia kataluniarrak ahal izan duen guztia egin du gatazka nazionalaren auzia lehen lerro politikoan jartzeko, eta hau bi arrazoi nagusigatik egin du: egiten ari diren murrizketa sozial ikaragarrien politikatik arreta desbideratzeko eta burgesia espainiarrari ahalik eta botere gehien kentzeko, bereziki, arlo ekonomikoan eta aurrekontuei dagokien esparruan. Gainera, Masen intentzio “independentista” atzeratu ahalko da hala komeni baldin bazaio edo burgesia espainiarrarekin botere banaketa eta aurrekontuei buruzko nolabaiteko akordio berriren bat lortzen badu; izan ere, hau da bere benetako helburua.

 

Masek erreferenduma egiterik ez badu, dagoeneko prest du bide orria: hurrengo hauteskunde autonomikoei itxura plebiszitarioa eman, baina, jakina, 2016raino egungo legealdia agortuz eta, bitartean, osasun eta hezkuntza publikoa suntsituz. ERC gobernuan sartzeko aukera ere hor dago, horrela, “batasun nazionalaren” itxura emateko eta atzerapauso sozialen politika estaltzeko.

 

Klase arteko kolaborazioa: bide oso txarra

 

CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPen artean adostutako galderari buruzko eszenifikazioa bera ere burgesiaren ordezkariak bukaeraraino erabiltzen ari diren klase arteko kolaborazioaren gailurra dugu. “Momentu historiko honetan, denak bide beretik goaz, demokrata kristauetatik 'antisistema' direnetaraino” mezua zabaldu nahi dute. Guztiz agerikoa da, CiUk ezkerreko alderdien babesa behar duela bere azpijokoak sinesgarri egin eta itxura historiko eta liluragarri bat emateko. Baina, langile eta ikasle mugimenduak hain bortizki erreprimitu eta PPren neurri antidemokratiko eta antisozial guztiak babesten dituztenen eskutik etorriko al da herri kataluniarraren askatasuna?

 

Ezkerreko alderdi haeutako arduradunek, burgesia kataluniarrarekin fronte hau egitea erabakitze eskubidea bezalako auzi demokratikoari irtenbidea emateko dela argudiatzen dute; eta gai sozial eta ekonomikoetan, aldiz, erabateko oposizioa egiten diotela esaten dute. Hala ere, benetako egoera hurrengoa da: batetik, CiU ez da autodeterminazio eskubidea defendatzen ari, honen faltsifikazio bat baizik ("erabakitze eskubidea" bultzatzea bere politika antisoziala babestearen truke egiten du CiUk) eta, bestetik, eztabaida politikoa burgesiari interesatzen zaion terminoetan zentratzen du, langile klase eta gazteriaren borroka alboratuaz. IC eta CUPeko diputatuek aberatsen aurkako borrokaz hitz egin dezakete, baita murrizketei aurre egin beharraz ere, baina praktikan, gehiengoak sufritzen duen egoerari buelta emateko oinarrizko puntutzat kontsulta bat egin eta kapitalista izango den estatu propio bat sortzea baldin badute eta horretarako taktika burgesia kataluniarraren ordezkariekin adostea baldin bada, orduan, jendeari heltzen zaion mezua da akordio hori hobesten dela borroka sozialaren kaltetan.

 

Autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka eta sozialismoa

 

Gatazka nazionalen auzia, betidanik, etengabeko borrokari lotuta joan da: alde batetik, burgesiak (berdin dio hau kataluniarra, espainiarra edo euskal herritarra izan) bere klasearen domeinua berresteko erabiltzen du; bestalde, langile klaseak nazio zapalduen auzia sistema kapitalistaren aurkako borrokarekin uztartzeko aukera du, baina hau egiteko beharrezkoa da bere erakunde politiko eta sindikalek programa eta estrategia iraultzaile, sozialista eta internazionalista defendatzea, ez hitzetan soilik, baizik eta ekintzetan.

 

Klasekoa eta internazionalista den posizio bat defendatzen dugun langile eta gazteok nazionalismo espainiarraren aurreiritziei aurre egitearekin batera burgesia kataluniar eta euskal herritarraren demagogiari ere aurre egin behar diogu. Honetarako, beharrezkoa da Marx eta Leninen bandera altxatzea: edozein muga nazionaletik haratago, langile klasearen batasuna defendatu eta Katalunia, Euskal Herria eta Galiziako eskubide demokratikoen defentsa, autodeterminazio eskubidea barne, sozialismoaren aldeko borrokarekin uztartu. Katalunia, Euskal Herria eta gainerako herri zapalduen benetako askatasuna berdintasun sozialarekin eta gizartea zapalkuntza guztietatik askatuta bakarrik lortuko da.