LOMCE eta 3+2ren aurkako apirilaren 13 eta 14ko greba arrakastatsua izan da!

Antolatzeko eta borrokatzeko garaia da! M15ean denok plazetara!

M15

[Deskargatu eskuorria]

Pasa den apirilaren 13 eta 14an hezkuntza publikoa gerarazi zuen greba burutu genuen. 2,4 milioi ikaslek institutuetako eta unibertsitateetako ikasgelak hustu genituen eta ehun manifestazio baino gehiagotan hartu genuen parte. Ehunka milak hartu genuen parte Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz, Catalunya, Galiza eta Estatuko lurralde ezberdinetako manifestazioetan, murrizketa eta hezkuntza publikoaren aurkako eraso guztiei EZezko borobila emateko eta LOMCE (EAEn Heziberri) eta 3+2ren berehalako indargabetzea eskatzeko. Greba masibo honekin argi utzi dugu beste behin ez dugula onartuko elite pribilegiatu baten aldeko politikarik. Elite honek guztion aberastasuna lapurtu eta paradisu fiskaletara eramaten du! Ez ditugu ez beren murrizketak eta ezta dirurik ez dagoenaren argudioak onartuko!

Antolatuta indartsuagoak gara!

Hezkuntza guztion eskubidea izan beharrean negozio bihurtu nahi dute eta argi geratu da azken urteetan kalean egindako borrokarekin bakarrik dela posible erasoaldi honi aurre egitea. Horrela lortu genuen errebaliden aplikazioa atzeratzea, horrela lortu genuen Wert ministroa botatzea eta horrela lortu genuen 3+2ren aplikazioa ere atzeratzea. Baina ez da nahikoa neurri hauek atzeratzearekin. Guztiekin amaitu nahi dugu! Hau lortzeko antolatuta egon behar dugu, zeren horrela indartsuagoak gara, dena kendu nahi diguten kapitalistak baino askoz indartsuagoak. Beraiek antolatuta daude Nazioarteko Diru Funtsean (NDF), EAEko Confebask patronalean, Nafarroako CEN patronalean, CEOE patronal espainiarrean, EAJn, PPn, Ciudadanosen, PSOEko zuzendaritzan. Guk ere antolatuta egon behar dugu indar berdinarekin erantzuteko. Horregatik beharrezkoa da antolatzea institutu eta fakultate bakoitzean, irakaskuntza publiko, euskaldun, duin eta doakoaren eta denontzako etorkizun duin baten alde borrokatzeko.

Hemen Baionan edo Parisen bezala! Denok plazetara M15ean!

Badakigu zein diren kapitalisten planak datozen hilabeteetarako: NDFk dagoeneko eskatu dio Estatu espainiarreko gobernuari 2.000 milioi euroko murrizketa berria, eta gainera, adierazi dute hau hasiera bakarrik izango dela, hau da, ehunka mila milioi euro gehiago murrizteko plan baten hasiera besterik ez. Beti bezala, gure hezkuntzatik eta gure osasunetik atera nahiko dute. Horregatik, gure indarrak elkartu behar ditugu eta prest egon erantzuteko. Madrilen, Gasteizen edo Iruñean gobernatzen duenak gobernatzen duela ere, gure aldarrikapenak ez dira negoziatzen!

Hego Euskal Herriko gazteak ez gara elite finantzarioaren erasoak jasotzen ditugun bakarrak. Langabeziak, prekarietateak eta kapitalismoaren beste izurriteek familia umiletatik gatozenak kolpatzen gaituzte mundu osoan. Azken asteetan, Ipar Euskal Herriko eta estatu frantziarreko ikasleak, langileekin batera, kalera atera dira prekarietatera eta soldata miserableetara kondenatu nahi dituen lan erreforma ankerraren aurka. Ehunka milak plazak hartu dituzte, M15aren adibidea jarraituz! Beren borroka eredua inspirazio bat da guretzat, zeren azken finean borroka berdinean gaude, murrizketen aurka, gehiengoa zapaltzen duen gutxiengoaren gobernuaren aurka.

Ipar Euskal Herriko eta estatu frantziarreko gure kideek dei egin diote Europa osoko gazteriari M15aren urteurrenean denok batera mobilizatzeko eta berriro plazak hartzeko, gure bizi baldintzen aurkako murrizketa eta erasoen kontra eta gure eskubideen defentsan. Ikasle Sindikatutik eta Euskal Herria Sozialistatik babesa ematen diogu deialdi honi gure indar guztiarekin eta institutuetako eta fakultateetako ikasle guztiak batzarrak antolatzera, pankartak egitera eta datorren maiatzaren 15 igandean hiri guztietako plazak hartzera deitzen ditugu.

Denok kaleetara M15ean!

Borrokak balio du! Borrokak jarraitu egiten du!

Informazio gehigarria