Trotsky eta arazo nazionala Errusiako iraultzaren baitan VIII

  • Inprimatu

Metodoaren inguruko irakaspen bikaina dakarkigu Trotskyk oraingoan, nazio zapalduen inguruko bere Errusiako Iraultzaren Historiatik dakarkiguna. Marxismoak ez du herrialde guztietarako berdin eta era berean balio duen programa finkorik, herrialde bakoitzaren egoera, bere klase arteko oreka, faktore objetibo eta subjetiboen arteko balantza, erabat desberdinak baitira. Hori dela eta marxismoak, eta gradu jakin bateko unibertsaltasuna ukatu gabe, helburuetan bereziki, herrialde jakin bakoitzaren esperientzia historikotik eratortzen ditu bere epe luzeko estrategia eta bere epe laburreko taktika. Txina, Errusia eta Austria, ditu aipagai honakoan Trotskyk. Eta, burgesiaren paper iraultzailea, Errusiako Iraultzaren eztabaida handia, herrialde hauekin eta Stalinek ordezkatutako burokraziaren ideiekin lotua.

 

 

“Epigonoen akats larriena, bereziki Stalinena, honako hau izan da: Leninek nazio zapalduen borrokaren garrantzia historiko aurrerakoiaren inguruan aurkeztutako doktrinatik herrialde kolonialetako burgesiaren misio iraultzailea ondorioztatu dutela. Aro inperialistan iraultzak duen izaera etengabea ez ulertzeak garapenaren eskematizazio pedanteak prozesu konbinatu bizia dena garai ezberdinetatik ateratako eta elkarren artean erlaziorik ez duten esaldi hutsaletan desartikulatzeak, honek guztiak, demokraziaren, edota bestela esanda, diktadura inperialista bat edota proletalgoaren diktadura bat izan daitekeen “diktadura demokratikoaren”, idealizazio baldar batera eraman zuen Stalin. Pausoz pauso, Stalinen taldeak, bere bidean, Leninek auzi nazionalaren inguruan zuen posizioarekin apurtzen eta Txinan politika katastrofiko bat aplikatzen amaitu zuen.”

 

“1927ko abuztuan, Oposizioaren aurkako borrokan (Trotsky, Rakovski eta beste hainbat), Stalinek hauxe baieztatu zuen boltxebikeen Komite Zentralaren osoko bilkuran: “Iraultza herrialde inperialistetan gauza bat da: hauetan burgesia (...) iraultzaren fase guztietan kontrairaultzailea da. Eta herrialde kolonial eta menpekoetako iraultza beste gauza bat da (...). Hauetan, fase jakin batean eta denbora jakin batean, burgesia nazionalak bere herrialdeko mugimendu iraultzailea babes dezake inperialismoaren aurka eginez”. Bere buruarekiko konfiantza falta besterik erakusten ez zuten itzulinguru eta arinkeriekin, Stalinek burgesia nazionalari Errusiar Iraultzako martxoan burgesia errusiarrari egozten zizkion ezaugarri berberak onartzen zizkion. Bere izaerari jarraituz, oportunismo stalinistak, grabitate legeen eraginpean balego bezala, ubide ezberdinetatik irekitzen du bere bidea. Argudio teorikoen hautaketa, kasu honetan, erabat zorizkoa da.”

 

Txinan, dinastia inperialaren aurkako borrokan, Kuomintanga, txinatar burgesiaren ordezkaria, izan zen buruzagitzara iritsi zena, behe mailako klaseek borroka horretan izan zuten papera arbuiatuz eta hauen aspirazio sozialak oztopatuz. Adibide horretara jotzen du Trotskyk Stalinen kanpo politikari aurre egiteko:

 

“Hau dena Txinako gobernu “nazionalera” lekualdatuta, Errusiar Iraultzako martxoko erregimenaren inguruan zuen iritzi berberak Kuomintangarekin hiru urtez elkarlanean aritzera bultzatu zuen Stalin, eta historia modernoko gertakari harrigarrienetariko bat bilakatu da: ezkutari fidel gisa, epigonoen boltxebismoak 1927ko apirilaren 11ra arte bere laguntza eman zion burgesia txinatarrari, Shangaiko proletalgoa eraitsi zuen errepresio odoltsura arte alegia. “Oposizioaren akats nagusia –zioen Stalinek Chang-Kai Chekekin zuen arma-anaitasuna justifikatzeko– 1905eko Errusiako Iraultza, beste herri batzuk zapaldu dituen herrialde inperialista batean gertatu zena, Txinako Iraultzarekin, herrialde zapaldu baten iraultzarekin, identifikatu izana da”. Harrigarria da Stalinek berak Errusiako Iraultza ez “beste herri batzuk zapaltzen dituen” nazio baten ikuspuntutik, baizik eta Errusiak berak zapaldu dituen “beste herri horien” esperientziaren ikuspuntutik ere aintzat hartu ez izana, txinatarrek jasan dutenaren adinako zapalkuntza jaso badute ere.”

 

“Errusiak bere hiru iraultzetan erakutsi duen esperientzia ikaragarrian nazionalitate eta klaseen arteko borroken aldaera posible guztiak topa daitezke, bat izan ezik: ez da inoiz ikusi ahal izan nazio zapaldu bateko burgesia bere herriarekiko paper askatzailea jokatzen. Bere garapenaren etapa guztietan, periferiako burgesia, bera biltzen zuen kolore politikoa edozein izanik ere, banku zentralekiko, trustekiko, merkatal konpainiekiko, hots, Errusia osoko kapital agentziekiko, menpekotasunean zegoen, eta hauen joera errusifikatzaileen aurrean belaunikatuz, eta joera horietara intelligentsia liberal eta demokratikoko kapa zabalak bultzatuz. Zenbat eta “helduago” agertu, Estatu aparatu orokorrarekiko are estuago lotzen zen periferiako burgesia hau. Bere osotasunean aztertuta, nazio zapalduetako burgesiak burgesia zentralaren erosle paper berbera jokatzen zuen mundu mailako kapital finantzieroarekiko. Menpekotasun eta antagonismo hierarkia konplexuak ez zuen desagerrarazten, ezta egun bakar batean ere, masa matxinatuen aurka burgesia hauek erakutsiko zuten elkartasun sakona.”

 

“Kontrairaultzaren garaian (1907tik 1917ra), mugimendu nazionalaren zuzendaritza atzerriko burgesiaren eskuetan kontzentraturik zegoenean, honek liberal errusiarrek baino zintzotasun handiagoarekin bilatu zuen monarkiarekin ongi moldatzea. Burges poloniar, baltiko, tartariar, ukrainar eta judutarrak elkarren arteko lehian zeuden pazifismo inperialistaren karreran. Errusiar Iraultzeko otsaileko altxamenduaren ostean denak kadete burgesen atzean ezkutatu ziren, edo hauen jokabideari jarraituz, kontziliatzaile nazionalen atzean. 1917ko udazkenean periferiako nazioetako burgesia separatismorantz lerratu zenean, ez zuen zapalkuntza nazionalaren aurka borrokatu, hurbiltzen ari zen langile iraultzaren kontra baizik. Azken finean, nazio zapalduetako burgesiak burgesia errusiar handiak erakutsi zuen areriotasun berbera erakutsi zuen iraultzaren aurrean.”

 

“Hiru iraultzen ikasgai historiko esanguratsu honek ez zuen, bestalde, aztarnarik utzi gertakari haietan parte hartu zuten askorengan, eta Stalin hauen artean lehen lekuan zegoen. Nazio kolonialen barneko klaseen arteko erlazioen inguruko ikuspuntu kontziliatzailea, hau da, burges txikia, 1925-27ko Txinako iraultza porrotera eraman duena, Internazional Komunistaren programan bertan idatzi dute epigonoek, Ekialdeko herri zapalduentzako amarru larri bilakatuz.”

 

“Leninen politika nazionalaren egiazko izaera ulertzeko hoberena, kontrasteen metodoa jarraituz, sozialdemokrazia austriarraren politikarekin konparatzea da. Boltxebismoa, hainbat hamarkada lehenagotik iraultza nazionalen leherketari begira lerratu eta langilerik aurreratuenak ikuspegi honetan hezten zituen bitartean, sozialdemokrazia, otzanki, klase agintarien politikara egokitu zen, hamar nazioren bortxazko elkarbizitzaren abokatua izan zen monarkia austro-hungariarrean; eta aldi berean ez zuen gaitasunik izan nazionalitate desberdinetako langileen arteko batasun iraultzailea osatzeko, alderdian eta sindikatuan euren artean bertikalki isolatuz. Karl Rennerrek, Habsburgotarren funtzionario heziak, Habsburgotarren Estatua gaztetzeko baliabideak bilatzen zituen nekerik gabe austromarxismoaren tintontzian, monarkia austro-hungariarraren alargun teorikoaren papera bete behar izatera iritsi zen arte. Erdialdeko Europako Inperioak erori zirenean, Habsburgotarren dinastiak, bere baitan, nazio autonomoen federazio baten bandera bat jaso nahi izan zuen; sozialdemokrazia austriarraren programa ofiziala, monarkiaren baitan gertatuko zen eboluzio baketsu bati begira kalkulatua, une batetik bestera lau urteren osteko odol eta lohiez estalitako monarkia baten programa izatera igaro zen.”

 

“Pipiak jotako burdinazko zirkuluak, pieza bakar batean hamar nazio biltzen zituenak, eztanda egin zuen hainbat zatitan. Austro-Hungaria hondoratu egin zen, joera zentrifugo sakonek dislokaturik, Versallesko kirurgiak berretsiko zuena. Estatu berriak sortu ziren eta iraganeko batzuk birjaio. Austriako alemaniarrak amildegi baten aurrean zeuden. Beraien arazoa, jada, ez zen euren subiranotasuna gainerako nazioen gainetik mantentzea, besteren agintepean erortzearen arriskua bera baizik. Otto Bauerri, sozialdemokrazia austriarraren “ezker” hegalaren ordezkariari, nazionalitateek euren buruaz erabakitzeko duten eskubidearen formula planteatzeko une egokia iritsi zela iruditu zitzaion. Aurreko hamarkadetan, Habsburgotarren eta burgesia agintariaren aurka proletalgoaren borroka inspiratu behar izan zuen programa bezperan zapaltzaile izan zen eta orain askaturik zeuden herri esklaboen mehatxua sentitzen zuen nazioaren instrumentu bilakatu zen. Sozialdemokrazia austriarraren programa erreformista une batez hondoratzen ari zen monarkiak eutsi nahi izan zuen helduleku izan zen bezala, austromarxismoaren formula higatua burgesia alemaniarraren aingura salbatzailea bilakatuko zen.”

 

Historiaren ikasgaiak, behin eta berriro. Euskal Herrian ere errepikatu beharreko galdera antzekoa da. Euskal Herriaren historian topatzen ditugun klase eta nazio arazoarekin lotutako hainbat eta hainbat borroketan, noiz egin zuen euskal burgesiak Euskal Herriaren askapen nazionalaren alde borroka, behin bakarrik bada ere? Gerra Zibilean bertan ere Estatutu bat eskatu besterik ez zuen egin Eusko Jaurlaritzak, askatasunaren aldeko borrokagatik edota iraultza sozialaren beldurragatik jokatu ote zuen horrela? Ezkerreko indarren eskuetan zeuden Defentsarako komiteei, estatu kolpearen lehen unetik, EAJk izan zituen antzeko zalantzarik gabe, Altxamendu Nazionalaren aurka lerratu ziren haiei, desjabetzeak edota frankistak hurbil zeudenean hauen eskuetan gera ez zitezen lantegiak suntsitzea exijitu zuten ezkerreko borrokari haiei guztiei autoritate osoa kentzeko ez ote zuen sustatu Estatutuaren onarpen prozesuaren azelerazioa, II. Errepublika osoan zehar lortu ez zuena? Garai hartako Vatikano faxistarekin izan zituen harremanak ez ote ziren nahiko kontraesankorrak burgesia honen ustezko errepublikazaletasunarekin? Edo Iparraldeko frontea erori ostean, zergatik eskaini zituen Jose Antonio Agirre lehendakariak, hain azkar, euskal tropak Katalunian iraultzaren alde borrokan ari ziren sektore haiek zapaltzeko? Galdera asko dira euskal burgesiak berak erantzun ez dituenak. Baina euskal langile klasearentzat beste hainbeste arrazoi dira burgesia honekiko ustezko konfiantza askatzailea alde batera uzteko. Marxek zioen Historia lehendabizi tragedia gisa errepikatzen dela, baina une batetik aurrera errepikapen hori fartsa bilakatzen da. Gure Historia garaikideak nahi adina adibide utzi dizkigulakoan alde batera utzi behar da burgesia “aurrerakoi” honekiko sinesmen oro, eta askapen nazionala gertatzeko fronteak soziala izan behar du, langile independentziarena, eta ez proletalgoa burgesiaren menpe ipiniko duen fronte nazionala.