MARX, ENGELS eta ARAZO NAZIONALA

Arazo nazionalak historia luzea du marxismoaren artsenal teorikoan. Marxen eta Engelsen idatzietan aipamen benetan sakon eta interesgarriak aurki ditzakegu auzi honi buruz. Lenin, gerora, idazki hauetan oinarritu zen nazionalitateei buruzko bere teoria klasikoa taxutzeko. Marxismoaren kritikari askok Marxek arazo nazionalari garrantzirik ez ziola eman argudiatzen badute ere, honi erantzuteko modurik hoberena testu orijinalak irakurtzea da, lehen pertsonan ikustea nola bai Marxek eta bai Engelsek nazioen auzia tratatzen duten Manifestu Komunistatik bertatik abiatuta euren azken artikuluetaraino.

 

Marxek zehaztasun handiz aztertu zituen Poloniako eta Irlandako auzia, XIX. mendean zehar langile mugimendu europarraren atentzio puntu izan zirena. Alde horretatik, interesgarria da Marxek arazoa planteatzeko duen modua, ez bere inguruko arau finkoak ezarriz baizik eta modu dialektiko batean, kasuan kasuko erantzuna emanez.

Dialektika iraultzailearen eta pentsamendu abstraktuaren arteko ezberdintasuna argi geratu zen Marxek eta Proudhonek Lehen Internazionalaren garaian arazo nazionalari buruz izan zituzten eztabaidetan. Proudhonek, sozialista frantziarra eta anarkismoaren aintzindaria izan zenak, arazo nazionalaren existentzia ukatzen zuen. Lehen Internazionalaren Kontseilu Orokorrean proudhondarrek poloniarren, italiarren eta irlandarren askapen nazionalerako borrokek ez zutela garrantziarik azpimarratzen zuten. Beharrezkoa zen gauza bakarra iraultza bat zen Frantzian eta dena perfektua izango zen, denbora kontua zen dena. Baina herri zapalduek ezin zuten itxaron eta ez zuten itxarongo. 1866an Marxek Engelsi honako hau idazten zion Parisko "kamarilla proudhondarra" salatuz: "...nazionalitatea absurdua dela dio, Bismarck eta Garibaldi erasotzen ditu. Txobinismoaren aurkako polemika bezala, bere taktikak erabilgarriak eta ulergarriak dira. Baina Proudhonen jarraitzaileek (zeintzuen hartean Lafargue eta Longuet nire lagun onak aurkitzen diren) Europa osoa lasai egon daitekeela eta hala egon behar duela pentsatzen dutenean, bere ipurmasailak aulkiari itsatsita, Frantziako jaunek miseria eta ezjakintasuna ezabatzen duten arte... irrigarri bilakatzen dira "(Marxen gutuna Engelsi, 1866ko ekainaren 7an).

Lehen Internazionalaren Kontseilu Orokorrean edota Langileen Nazioarteko Elkartean Marxek bi frontetan egin behar zuen borroka: batetik Mazzini bezalako nazionalista burges txikien aurka, eta bestetik Proudhonen jarraitzaile erdianarkisten aurka. 1866ko ekainaren 20an honako hau idatzi zuen Marxek: "Atzo Internazionalaren Kontseiluan egungo gerrari buruzko eztabaida bat izan genuen...Eztabaida, pentsatzekoa zen bezala, "nazionalitateen" auzira eta gure posiziora mugatu zen orokorrean... "Frantzia gaztearen" ordezkariek (langileak ez direnak) nazionalitate oro eta nazioa bera "aurreiritzi kadukatuak" zirela defendatu zuten. Stirnearianismo proudhondarraren ustez... gainerako herrialdeen historiak gelditu egin behar du eta mundu guztiak itxaron ea frantziarrak iraultza sozialerako prest noiz dauden...". Baina Marxek eta Engelsek arazo nazionalari duen garrantzia ematen bazioten ere, Proudhonen aurrean beti langileen auziaren barruan ipintzen zuten, hau da, langile klasearen eta iraultza sozialistaren ikuspuntutik soilik tratatzen zuten.

 

Poloniaren auzia

 

Leninek bezala, Marxek oso jarrera malgua zuen arazo nazionalaren inguruan, proletalgoaren eta nazioarteko iraultzaren ikuspuntutik tratatu zituen beti. 1840, 1850 eta 1860ko hamarkadetan Marxek Poloniarentzat ez zuen autodeterminazio eskubidea soilik defendatu, baita independentzia ere, une hartan, mugimendu independentista poloniarra aristokrata poloniar erreakzionarioenek zuzendurik bazegoen ere. Bere azken lanetako batean, Tsarismo errusiarraren kanpo politikan, Engelsek azpimarratu egiten zuen nola herri poloniarrak, Errusia tsaristaren aurkako bere borroka heroikoengatik, Europako iraultza asko salbatu zituela. 1792-1794 bitartean, esaterako, poloniarren eta errusiaren arteko gatazkak Frantziako Iraultza salbatu zuen.

1863an, poloniarrak beste behin matxinatu egin ziren. Altxamendua Polonia osoan zabaldu zen eta gobernu nazional baten osaketa eman zen. Baina mugimenduaren zuzendaritza noblezia txikiaren eskuetan geratu zen eta berau ez zen gai izan masak matxinadan parte hartzera bultzatzeko. Boterea lurjabe handien eskuetara igaro zenean, hauek Frantziaren eta Britainia Handiaren eskuhartze diplomatikoa espero zuten, tsarrarekin akordio batera iristeko. Errusiak berehala apurtu zuen akordioa eta mugimendua zapaldu zuen. Britainiarrek eta frantziarrek ez zuten behatzik ere mugitu. Poloniarren matxinadak Europako langileen atxikimendua eta elkartasuna piztu zuen. Lehen Internazionalaren sorrera bera, mugimendu iraultzaile poloniarrari laguntzeko sortu zen nazioarteko ekimen baten emaitza zuzena izan zen 1863an. Matxinada poloniarraren itxaropen bakarra langile klase europarra zela zioen Engelsek. "Denbora batez mantentzen badira" idatzi zion Marxi 1863ko ekainaren 11ean "mugimendu europar orokorrera gehituko dira, eta honek salbatuko lituzke. Baina ez badute lortzen, Polonia borrokatik kanpo geratuko da hamar urtetan zehar; halako altxamendu batek herriaren borroka gaitasuna erabat xahutzen baitu denbora luzerako" (Engelsen gutuna Marxi, 1863ko ekainaren 11ean).

Marxek auzi poloniarrarekiko zuen jarrera mundu mailako iraultzaren estrategia orokorrak determinatzen zuen. Une hartan Errusia tsarista zen langile klasearen eta demokraziaren etsairik nagusiena, Europa osoan eragina zuen elementu erreakzionario izugarri bat, bereziki Alemanian. Errusian langile klaserik ez zegoenez, ez zegoen aukerarik berehalako iraultza batetarako. Leninek aurrerago esango zuen bezala: "Errusia ez zegoen aktibo eta Polonia irakiten" (Lenin, Nazioen autodeterminaziorako eskubidea). Marxek independentzia poloniarra babesten zuen etsai nagusiari, tsarismo errusiarrari, kolpe gogor bat emateko baliabide gisa. Bai Marxentzat bai Leninentzat, autodeterminazioaren eskaera eta arazo nazionala beti klase borrokaren eta langile iraultzaren perspektibaren barruan zeuden.

Informazio gehigarria