PPren ofentsiba frankista Katalunian

Errepresioa garaitzeko eta eskubide demokratikoak defendatzeko: Greba Orokorra antolatu behar da!

Kataluniako herriak erabakitzeko eskubidea dauka!

Protestascontrarepresioncatalunya

 

Kataluniako herriak duen erabakitzeko eskubidea eragozteko, PPren gobernuak errepresio masiboa erabiltzea erabaki du, eskubide demokratikoak gogor zapaldu dituen errukirik gabeko ofentsiba polizial eta judizialaren baitan. Diktadura frankista gogora ekartzen duen operazio batean, Guardia Zibilak urriaren 1eko erreferenduma antolatzen parte hartu duten Generalitateko 14 kargu atxilotu ditu. Ekintza autoritario horren berri izan eta berehala, milaka gazte eta langilek hartu genituen Bartzelonako eta beste hainbat hiritako kaleak, errepresioari erantzuna emateko eta Kataluniako herriaren askatasuna eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko.

Inprentetan eta egoitzetan indarrez sartu eta propaganda ebastea, zentsura informatibo masiboa inposatzea, kartelak jartzeagatik gazteak atxilotzea, ehunka alkate kartzela zigorraz mehatxatzea, Govern-aren egoitzak erregistratzea eta CUPen egoitzara indarrez sartzeko saiakera, erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak debekatzea Madrilen, Gasteizen, Gijonen, Generalitataren finantzetan eskua sartzea Gobernu zentralak, milaka polizia bidaltzea Kataluniara herritarrak izutzeko eta de facto salbuespen egoera indarrean jartzea... hori da PPk, estatu aparatuak, Ciudadanos alderdiak eta PSOEko zuzendaritzak duen errezeta; Kataluniako herriak Estatu espainiarrarekin izan nahi duen harremanaz eta independentziarako eskubideaz erabakitzeko duen bozkatzeko eskubidea urratu nahi dute.

Eskubideen eta askatasunaren aurkako aurrekaririk gabeko erasoa

Ofentsiba poliziala aurretiaz prestatua zuen gobernuak. Hori dela eta, irailaren 20ko lehen orduetan, Rajoy Pedro Sanchezekin bildu zen Moncloan, eta ondoren Albert Riverarekin. Lotsagarria da PSOEko agintariek Kataluniako herriaren aurkako ofentsiba frankista hau defendatu izana!

PPk Kataluniako herria zapaltzeko eta urriaren 1ean bozkatzea debekatzeko PSOEko agintariek emandako laguntza sozialdemokraziaren historiko orrialde ilunetara pasatuko da. Horiek dira urte luzez nazionalismo españolista besarkatzearen eta oinarrizko gaietan klase agintariarekin fusionatzearen emaitzak. Auzi nazionalarekiko sozialismoak duen ikuspuntua (beti defendatu du nazio zapalduen autodeterminazio eskubidea) galtzeaz gain, PSOEko agintariek, erretorikoki, “negoziarako” deia egiten badute ere, praktikan frankisten ondoan daude: Katalunia nazioa dela ukatzen dute eta prest daude beste “gurutzada” bat abian jartzeko eta, horretarako, indarkeria eta estatuaren errepresioa erabiltzeko.

U1eko erreferenduma Kataluniako sektore baten aurkako “estatu kolpea” eta inposizio “antidemokratikoa” delako idea komunikabideek burgesia espainiarrari mesede egiteko saldu nahi duten inoizko gezurrik handiena da. Gainera, absurdoa da. Estatua, PP eta bere menpeko alderdiak horren ziur badaude independentistak gutxi batzuk direla, zergatik ez dute onartzen hautets-ontziak jar ditzaten? Zergatik eragotzi bozkatzea? Zergatik Venezuela bai eta Katalunian ez?

Autodeterminaziorako bozketa demokratiko batean, independentzia babesten ez duen orok du ezezkoa bozkatzeko aukera edota ez bozkatzeko aukera. 78ko erregimena babesten duten PPk, Cs edo PSOEk baliabide mordoa eta eragin zabala dute beren argumentuen aldeko eta independentziaren aurkako kanpaina egiteko. Hori dela eta, eskuinaren eta Estatuaren jarrera baldar hori ez da demokrazia babesteko, guztiz kontrakoa: Kataluniako herria nazioa dela eta erabakitze eskubidea duela ukatzen dute. Jarrera hori burgesia espainiarrak eta bere estatu zentralistak historikoki izan duen jarrera berbera da, manu militari zapaldu ditu Kataluniaren, Euskal Herriaren eta Galiziaren aldarrikapen demokratiko-nazionalak. Hori gertatu zen diktadura frankistaren garaian, eta Trantsizioaz geroztik lortu diren eskubidea guztiak mobilizazio masiboen ondorio izan dira.

Kontseilariz inguraturiko prentsaurreko batean, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak honela azaldu du egoera: “Estatu espainiarrak de facto indargabetu du Kataluniaren autogobernua, eta salbuespen egoera ezarri.” Sinestezina da alderdi nazionalista burges bateko agintari batek horrela hitz egitea. Hara, noraino heldu den PP oinarrizko eskubide demokratikoak zapaltzen! Orain argi ikusten da Rajoyren alderdiak zergatik ez duen inoiz diktadura frankista gaitzetsi, eta argi ikus daiteke marxistok beti defendatu duguna: estatu aparatua elementu faxistez eta atzerakoiez josia dago, eta Trantsizio deituriko horretan ez zen depuraziorik eman, babestu eta adorea eman zitzaien.

Hain zuzen ere, Katalunian ikusi duguna Estatutaren eta Governaren indargabetzea izan da; horrela beren funtzio politiko nagusiak ezerezean geratu dira. Pozik daude PP eta bere aliatuak, burgesia espainiarraren komunikabideen laguntzarekin: azkenean legea eta zuzenbide estatua bete dira, eta “demokrazia” nagusitu da. Demokrazia zer den erakutsi nahi digu ustelkeria kasuz betea dagoen alderdiak, hezkuntzan eta osasunean murrizketa basatiak egin dituen alderdiak, bankariei 100.000 milioi euro oparitu dizkien alderdiak, etxetik kaleratzen gaituen alderdiak, prekarietatera eta soldata baxuetara kondenatu gaituen alderdiak, Maroko eta Saudi Arabiako erregimenak babesten dituen alderdiak, inperialismoaren esku hartze militarrak babesten dituen alderdiak.

Langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio masibo batekin erantzun behar da: Greba Orokorra!

Herri katalanak kalean tinko eta irmoki erantzun dio ofentsiba frankista honi, eta erantzun eredugarri hori haziz doa egunez egun. Dena den, beharrezkoa da langile klasea borroka horretara batzea, eta gazteekin eta geruza ertainekin batera mobilizatzea. Era berean, nahitaezkoa da Kataluniatik kanpo ere erantzuna indartzea; izan ere, eskubide demokratikoen aurkako eraso hori estatu osoko biztanleen eta, batez ere, langileen, gazteen eta beren erakunde borrokalarien aurkako mehatxu ikaragarria da.

Esquerra Revolucionáriak erabateko babesa ematen die Kataluniako eta estatu osoko mobilizazio horiei, baina Gobernu zentralaren eraso autoritarioa menderatu nahi badugu, beharrezkoa da borrokatzen duen ezkerrak, gizarte mugimenduek eta klaseko sindikatuek (CUP, ERC, Catalunya en Comú, Intesindical, CCOO, UGT, CGT...) erantzun ahalik eta indartsuena antolatzen hastea, eta hori Kataluniako bizi ekonomiko eta soziala 24 orduz geldituko duen greba orokorra antolatuta lor daiteke.

Kataluniako greba orokorrak lotuta egon behar du herri katalanaren eta bere eskubide demokratikoen alde, estatu osoko gazte eta langileen mobilizazio deialdiekin. Gainera, inflexio puntu bat izan behar du borrokatzen duen ezkerrak prozesuaren gidaritza hartzeko eta autodeterminazio eskubidearen defentsa murrizketa sozialen aurkako programarekin uztartzeko. Ezaugarri horiek lituzkeen mobilizazioa litzateke PP eta bere politika frankistak garaitzeko eta Kataluniako Governetik eskuin katalanista kanporatzeko bide eraginkorrena.

Ekintzak aurrera jarraitu behar du, antolatuago, indartsuago eta zabalago. Catalunyan Sindicat d´Estudiantsek gazteriaren borroka indartzeko erabakitze eskubidearen alde eta errepresioaren aurka komiteak sortzea proposatu du ikastetxe guztietan. Horrekin batera, asanbladak, mobilizazioak eta ekintzak antolatzeaz gain, borroka elkartuko duen ikasle Greba Orokorra deitu dute Irailaren 28rako. Ikasle Sindikatua Euskal Herritik greba deialdi horretara batu da eta Ernaien mobilizazioetara dei egin du. Estatu mailan ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko komiteak eta mobilizazioak antolatuko dira kale eta ikastetxeetan Sindicato de Estudiantesen eskutik. Elkartasun hori eta hitzetatik ekintzetara pasatzea da biea.

Errepublika sozialista katalanaren alde

Katalunian dagoen haserrea Estatua, PP eta bere politika kapitalistak garaituko dituen benetako errebolta sozial batean bihurtzea eragotzi duen arrazoi nagusia da sozialdemokraziaren ezkerretara dauden formazio parlamentarioek (CUP, Podemos, Catalunya En Comú, Izquierda Unida) eta sindikatuek uko egin izana masen mugimendu indartsu baten buruan jartzeari, autodeterminazio eskubidea langile klaseak, gazteek eta sektore xumeek dituzten aldarrikapen ekonomikoekin eta sozialekin uztartuko duen programa batekin.

Estatuaren eta PPren aurkako borrokaren zuzendaritza formala PDeCATen esku utzi da, eta politikari burges horiei eskuin españolistaren biktima bakartzat agertzeko aukera eman zaie. Horren ondorioz, zatiketa negatiboa egon da langile klasearen barruan. PDeCAT alderdia “Procéseko” gidari izateak ez du mugimendua indartzen CUPeko eta ERCko agintariek dioten bezala, ahuldu baizik. Eskubide nazionalen defentsaren ikuspegittik begiratuz gero, PDeCATeko agintariek aitzakia asko bilatu izan dituzte erreferendumerako deialdia ez egiteko. Azkenik, mugimenduaren presioaren poderioz eta hauteskundeak galduko zituzten beldur (barne zatiketen ondorioz), data jarri behar izan zuten.

Erreakzioaren asmoak eta komunikabideetan jaurtikitako gertakarien manipulazio higuingarria gorabehera, errealitatea bestelakoa da: A9ko galdeketan bozkatu ez zuten edo Diadan parte hartu ez zuten milioika gazte eta langilek ez dute erabakitze eskubidearen aurkako jarrerarik. Horietako gehienak PPk ordezkatzen duen guztiaren aurka mobilizatu dira: murrizketak, etxe kaleratzeak, ustelkeria... Erreferendumagatik orain arte gauza bera egin ez badute, “Procésaren” gidaritza Puigdemonten eta Masen esku dagoelako izan da, Palau kasukoen eta % 3aren ustelkeria tramaren berdinak.

Hala ere, hori guztia alda daiteke. Zalantzarik gabe, PPren errepresioak gogor astindu ditu Katalunia osoko langile auzoetako milioika langile eta gazte. Guardia Zibilen atxiloketak eta Rajoy neurri errepresiboengatik harro egoteak Kataluniako eta kanpoko milioika pertsonen kontzientzian eragiten ari dira, frankismo garaiko belaunaldiek bizitutako errepresio bera baita. Ezin ahaztu dezakegu gaur egun ditugun eskubide demokratikoak, baita Estatut-a eta Generalitat-a Kataluniako langileen borroka masiboari esker lortu zirela; horietako asko Bartzelonako eta beste hirietako gerriko gorrian bizi ziren etorkinak izan ziren.

Oraintxe bertan baldintza bikainak daude mobilizatzen eta kalean erreferenduma babesten ari diren milioika pertsonak errepresioaren aurka borrokatu nahi duten baina PDeCATez fio ez direnekin batzeko. Estatuko eta Kataluniako ezkerreko agintariek eta klaseko sindikatuek greba orokorrerako deia egin eta langile klasea eta sektore xumeak erabakitzeko eskubidearen alde eta PPren eta estatuaren errepresioaren aurka mobilizatuko balituzte, Katalunian bertan eta hortik kanpo, PDeCATenagandik bereiziz —CUPek berehala egin beharko luke hori, eskuin katalanistarekin duen ituna hautsiz— eta borroka hori murrizketen aurkako, lanpostu duinen aldeko, osasun eta hezkuntza publikoaren aldeko borrokarekin elkartuko balute, errepresioa garaitzeaz gain, ezkerreko gobernuei eta Kataluniako errepublika sozialistari ateak irekiko litzaizkieke.

Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko modu bakarra, Kataluniako biztanle gehienak batzea da, eta lehenik eta behin Kataluniako langile klase indartsua, txanpon beraren bi aldeak uztartuko dituen programa batekin: autodeterminazio eskubidea eta kapitalismoaren aurkako borroka. Burgesia katalanaren eskutik, ezinezkoa da Kataluniaren askapen nazional eta soziala.

Esquerra Revolucionàriatik Kataluniako gazte eta langileei dei egiten diegu PPren eta Estatuaren kolpe autoritario honen aurka eta erabakitze eskubidearen eta U1ean bozkatzearen alde gogor borroka egin dezaten, murrizketarik ez eta lanpostu duinak dituen, etxe kaleratzerik ez duen eta aberastasuna gehiengoaren zerbitzura jartzeko banka eta enpresa handiak nazionalizatuko dituen Kataluniako errepublika sozialistaren alde.

Kataluniako errepublika sozialista horrek estatu osoko eta Europa osoko langileen babesa lortuko luke (etsai berbera baitute, burgesia, eta eraso berberak jasaten baitituzte), eta aukera irekiko luke munduko herri zapalduen askapenerako eta gizartearen eraldaketa sozialerako

Errepresioaren aurka eta sozialismoaren alde, antola zaitez Esquerra Revolucionàrian!

Informazio gehigarria