Catalunya XI: "Etapismoaren" ondorioak, Trantsizioko esperientzia

Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren XI. atala.

Trantsizioa bezala ezagututako garai haietan, PSOE eta PCEko agintariak akordiora iritsi ziren eskuin frankistaren ordezkariekin. Aurpegia garbitu nahi izan zioten sistemari, boterea betikoen eskuetan geratzeko (oligarkia finantzarioa, industriala eta terratenientea). Horrela 70eko hamarkadan garatzen ari zen iraultza soziala bertan behera uztea lortu zuten. Gogoratu behar da gainera, garai haietan CiUren ordezkariek oso paper aktiboa jokatu zutela Trantsizioa "bideratzeko" eta diktaduratik zetorren aparatu errepresioa inolako depuraziorik gabe mantentzeko. Orain, oligarkia kataluniarraren ordezkari berberekin "hautsiko" da Trantsizioko erregimena? Langile klasea eta gazte mugimendua erreprimitu dutenekin? PPren neurri antidemokratikoak eta antisozialak babestu dituztenekin egingo zaio aurre Estatu espainiarrari?

70eko hamarkadan, PSOEko Felipe Gonzalez eta PCEko Santiago Carrillo akordiora iritsi ziren Suarez eta Fraga frankistekin. PSOEko eta PCEko agintariek zerbait taktikoa bezala aurkeztu zituzten akordio hauek, "demokrazia kontsolidatzeko" omen ziren. Hori bai, sozialismoaren aldeko borroka etorkizunerako uztea proposatu zuten. Gaur, ERC eta CUPeko zuzendaritzek ere zerbait taktikoa bezala aurkezten dituzte CiUrekin egindako akordioak. Diotenez, beharrezko akordioak dira "gaur egungo etapan" herri kataluniarraren "eskubide demokratikoak" defendatzeko eta independentzia lortzeko, eta etorkizunean ikusiko dugu nolako izaera izango duen Estatuak. Ikuspegi etapista honen arabera, lehendabizi burgesia kataluniarraren menpeko Estatu kapitalista kataluniarra sortuko da, eta, ondoren, iritsiko da sozialismorantz joateko garaia. Historiak erakutsi du, ordea, nolako ondorioak izan dituzten ikuspegi etapista hau hartu duten ezkerreko erakundeek: sistema kapitalistara egokitu izan dira eta langileen eta gazteriaren aurrean autoritatea galtzen joan dira.

Batzuen ustez, burgesia kataluniarrarekin fronte bat osatzearen arrazoia auzi demokratikoari lotuta dago, eta esaten dute akordio honek ez duela oztopatzen CiUren aurkako posizioa auzi sozialean eta ekonomikoan. Baina banaketa hau egitea ezinezkoa da. Beharrezkoa da gauzak argi eta garbi esatea: CiU ez dago autodeterminazio eskubidearen alde. Eskubide honen alde daudela esaten dute, baina ez honen alde borrokatzeko, herri kataluniarra engainatzeko eta Estatu espainiarraren laguntzarekin honen kontrako neurriak hartzen jarraitzeko baizik.

ERC eta CUPeko diputatuek hitz egin dezakete aberatsen eta murrizketen aurka, baina herri kataluniarra krisiaren eta eraso antidemokratiko eta antisozialen ondorioz sufritzen ari den egoerari aurre egiteko oinarrizko taktika CiUrekin aliantza bat egitea bada, zabaltzen den mezua akordio honi lehentasuna ematea eta CiUren aurkako borroka soziala bigarren maila batean uztea da. 

Informazio gehigarria