Catalunya IX: Agintari sozialdemokraten paper lotsagarria

  • Inprimatu

Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren IX. atala.

 

CiU ari da agenda markatzen gero eta ahulago, sinesgarritasun gutxiagorekin eta barne krisiarekin egon arren. Nola da posible baldintza hauetan CiU "prozesuaren" buru izatea? Honen erantzuna, ezkerreko alderdietako eta sindikatuetako agintarien programa eta estrategia sozialdemokrata eta erreformista da. Hau da oinarrizko puntu zentrala.

Gogoratu behar da auzi nazional kataluniarreko tentsioak ez direla izan beti CiUren mesederako. PPren erasoaldi españolista eta antilangilearen ondorioz, 2003an Catalunyan egindako hauteskundeek ezkerrera egin zuten bira. 22 urte ondoren, CiUk gobernua galdu zuen. Hala ere, PSCk, ERCk eta ICVk osatutako gobernuak (Tripartita bezala ezagutu zenak) ez zuen gizartearen ezkerreranzko bira baliatu politika sozialen eta eskubide demokratikoen defentsan aldaketa erradikal bat egiteko. Politika kontinuista bat izan zen, eta ez zen eskuinaren neurrietatik bereizi: zerbitzu publikoen pribatizazioa, multinazionalen kaleratzeen onarpena hauek ikaragarrizko diru laguntza publikoak jaso arren, ikasle mugimenduaren aurkako errepresioa…

Tripartitaren neurri zentraletako bat Kataluniako Hezkuntza Legearen onarpena izan zen. Hezkuntza publikoa pribatizatzeko gidaliburua zen, eta, gainera, patronalaren eta CiUren babes osoa izan zuen. Neurri honen aurka, hezkuntza komunitateak lau greba orokor arrakastatsu antolatu arren Tripartitak aurrera jarraitu zuen. Zapateroren gobernuak langile publikoen soldaten %5eko murrizketa iragarri zuenean Tripartitak murrizketa handiagoak zituen plana aurkeztu zuen. Honek, Kataluniako 260 enpresa publiko eta semipublikori eragin zien.

2010ean CiU Generalitatera itzuli zen. Ez zen izan bere indarrari esker, zazpi urtetako gobernuaren ondoren Tripartitaren politika lotsagarriak eragindako ezkerreko boto-emaileen abstentzioari eta desmobiliazioari esker baizik. Oposiziora pasa zirenean, PSC eta ICVko zuzendaritzek politika segidista lotsagarria hartu zuten. Hitzez murrizketen aurka egon arren, eskua luzatu zioten CiUri, "fronte bateratua" eginez akordio fiskalaren auzian eta beste hainbat neurritan. Honi esker, "kanpoko inposizio" bezala aurkeztu zituen CiUk murrizketak. 2012ko uztailaren 25ean akordio fiskalaren proposamena onartu zen CiU, ERC, ICV eta Joan Laportaren taldearen babesarekin.

Bitartean, Catalunyako CCOO eta UGTko zuzendaritzek taktika desmobilizatzailea mantendu zuten. CCOO eta UGTko aparatuek akordio bat sinatu zuten Foment de Treball patronal kataluniarrarekin "ekonomia produktiboa bultzatzeko". Aldi berean, Generalitatearen murrizketa basatien eta langileen aurkako patronalaren erasoaldiaren aurrean beste aldera begiratu zuten. 2013ko Metaleko greba orokorra bertan behera utzi zuten, patronala hitzarmenen aurka antolatzen ari zen erasoaren aurkako erantzuna saboteatuz. Honen ondorioz, adibidez, greba mugagabean zeuden Panricoko langileak salduta utzi zituzten. Krisia, erasoak, murrizketak... ikaragarriak izan arren, CCOO eta UGTko zuzendaritzek ez dute mobilizazio eraginkor eta bateraturik antolatu Catalunyan 2012ko azaroaren 14ko greba orokorretik.

2012ko azaroaren 25eko hauteskundeetan burgesia kataluniarrak eta CiUk kolpe gogorra jaso ondoren, lehenago esan dugun bezala, Artur Masek baldintza bat jarri zion "etorkizuneko Catalunyari" buruz kontsulta (edukietan zehaztugabea zena) deitzeari: ERCk CiUren murrizketa sozialen politika babestea (neurri hauek bai zirela zehatzak). Maniobra oso garbia izan zen eta ERCko agintariek onartu egin zuten, eskuinaren politika antisozialaren konplize bihurtuz.

PSC, desegite usaina duen krisi larrian sartuta, jokoz kanpo geratu da. Bere agintariek, PPren españolismo atzerakoiari jarraitzen diote edo CiUrekin negargarriak diren aliantzak akordatzen dituzte, Tarragonako joko eta prostituzioaren makrokonplexuaren kasuan bezala. Eraldaketa sozialaren alternatiba txikienik gabe, burgesia baten edo bestearen, CiUren edo PPren, txotxongilo besterik ez dira. Nahiz eta PSOE PPtik bereizten saiatu bere "federalismoarekin", Pedro Sanchez idazkari nagusi berria autodeterminazio eskubidearen aurka posizionatzen da (lehen Rubalcaba bezala). Sanchez eta Rajoik "lerro gorri berberak" defendatzen dituzte auzi nazionalean.

Bere politika aurrera eramateko ERCko agintariek ezkerreko hanka eskaintzen dioten arren, CiUk zailtasunak ditu gobernatzeko. Egiten dutena egiten dutela ere, burgesiaren alderdiek, edo praktikan politika kapitalista sostengatzen dutenek, zailtasun handiekin gobernatuko dute ezegonkortasunez betetako garai historiko honetan. Gizartearen polarizazioa, mobilizazio sozialak, krisi ekonomiko eta sozial sakona, iraultza eta kontrairaultza, dira bizi dugu eskenatokiaren ezaugarriak.