Katalunia: Pujol kasua, klase arteko borroka eta arazo nazionala

Uda honetan agertu da albistea. Jordi Pujol Soley 23 urtez Generalitateko presidente izan zenak Andorrako paradisu fiskalean 30 urtez dirutza ikaragarria ezkutatu zuela onartu zuen. Nahiz eta President ohiak dirutza horren jatorria familia herentzia batena zela esan, pixkana, hori gezurtatzen joan zen eta argitara irten ziren Pujol, bere familia eta gertukoak eta CiU inguratzen zituzten hainbat eta hainbat ustelkeria kasu.

 

 

 

Azpimarratu behar da milioietako iruzur fiskal hori ongi ezagutzen zuela burgesia espainiarrak, PPk eta PSOEk, bi alderdiak ere adituak baitira azpijoko hauetan (ikusi PPren buruzagien dirutzak, Barcenas kasua, Felipe Gonzalezen dirutza edota PSOEko ministro ohien papera multinazional handien administrazio kontseiluetan). Pujolek eta CiUk Estatu espainiarraren gobernantzaren alde eta klase dominatzaileko kolektiboen interesen defentsan eginiko lan politikoen truke, bere negozio ilegalak isilarazi eta estatu sekretu balira bezala gorde ziren. Ez zuen kasualitatez Jordi Pujol bera urteko espainiar gisa izendatu 1986 urtean ABC egunkariak. Orain, burgesia espainiarrak eta estatu aparatuak, horiek ere egiturazkoa den ustelkeria honetan inplikaturik egonik, karta hau jokatzea erabaki dute: erreferendumaren auziari buruz, aurrekontuen banaketari eta beste hainbat gairi buruz isilpean mantentzen ari diren negoziazioan CiU "apaltzeko" Pujol kasua erabiltzea.

Ustelkeriaren tradizioa Pujol familian, eta gainerako klase dominatzailean

Adibide on bat Banca Catalanarena da; Jordi Pujolek eta bere aitak sortu zuten eta sekulako ustelkeria zuloa izan zen. Azkenik, entitateak porrot egin zuen eta Estatu espainiarrak erreskatatu behar izan zuen diru publikoarekin 300.000 milioi pezetako injekzio baten bitartez. Hori bai, zuzendaritzakoek, horien artean Pujol familiak, lortu zuten beren higigarriak salbatzea. Kalkulatzen da Pujolen Andorrako dirutik 1.200 milioi pezeta (7 milioi euro) eskandalu finantziario honetatik datozela. Une horretan auziko fiskala zen Jimenez Villarejok Pujolen inputazioa eskatu zuen, baina azkenik Bartzelonako Audientziak atzera bota zuen eta ez zuen inor epaitu, ezta kondenatu ere, iruzurrezko hondoratze honengatik. Azken batean, Bankiarekin eta gainontzeko finantza entitateekin egungo krisian gertatu den bezala, ez dago ezberdintasunik.

Hala ere, hori ez zen izan Pujol familiaren lehen abentura finantzarioa. President ohiaren aitak, Florenci Pujolek, bere dirutzak dibisekin trafikatuz egin zituen diktadura frankista garaian eta 1959an Suitzan kontuak zituzten zerga saihesleen zerrenda batean sartzeraino iritsi zen. Zerrenda horretan zeuden, Pujolen izenaren alboan, Botin, Ybarra, Villalonga, Oriol eta burgesia kataluniarreko, euskal herritarreko zein espainiarreko beste hainbat familia handi, erregimen frankistako buruzagi izanik kapitalista handi bihurtu zirenekin batera. Nahiz eta garai hartako 400 milioi dolar atera ziren (Estatuaren kanpo erreserbak 45 milioi ziren), informazio azaleratze hau erregimen frankistaren aurpegi garbitze irrigarri bat besterik ez zen; bertan ageri ziren guztiek beren negozioekin jarraitu zuten 10.000 pezetako isun lotsagarriak ordaindu ostean. Egia esan, praktikan 1959ko zerrenda horretan agertzen ziren berberak dira egun Katalunian eta Estatu espainiarrean botere ekonomikoa eta politikoa maneiatzen dutenak. Ez da kasualitatea oroimen historikoa lurpetik atera nahi ez izatea.

Pujol auziak aurrera jarraitu du, gainera, honen seme-alabekin. Oriol, CDCko idazkari orokor ohia, egun inputaturik dago ITVen kasuagatik. Sekulako negozioak egin zituen Parlamentean zuen posiziotik, multinazionalei Catalunyan geratzeagatik diru laguntzak eman eta opariak eginez; bitartean bere emazteak multinazional horiek (Sharp, Yamaha eta Sony) nola deslokalizatu aholkatzen zuen gertuko lagun baten enpresan lan egiten zuenean. Bestalde, Jordi Pujol Ferrusola, oinordekoa zena, UDEEFen arabera 32,9 milioi euro biltzera iritsi zen, eta egun inputaturik dago dirua zuritzeagatik eta delitu fiskalagatik. Zerrendak jarraitu egiten du, baina ez Pujol familiarekin bakarrik, baita elite ekonomiko eta enpresari gorenekin ere, eta ez soilik Kataluniakoekin. Azken batean, Barcenas kasua edo Pujol kasua txanpon beraren bi aurpegi dira, Trantsizioaren ondoren heredaturiko boteretsuen sarearen ondorio, non betikoek jarraitzen duten agintzen eta negozioak egiten.

A9ko galdeketa: PPren jarrera erreakzionarioa eta CiUren maniobren zinismoa

Galdeketari dagokionez, espero bezala PPren gobernuak galdeketaren aurka egin du. PPk eta estatu aparatuak beste behin beren benetako aurpegia erakusten dute: erregimen frankistaren oinordekoak dira eta nazio zapalduen eskubide demokratikoak ukatzen dituzte. Badakigu PPk hainbeste errepikatzen duen legezkotasuna neurrira eginda dagoela, bere neurrira alegia, orain lan erreforma bezala.

CiUk bere aldetik ibilbidea “azkenera arte” jarraituko duen itxura egiten saiatu da.  Abuztuaren 11n, Joana Ortega Governeko lehendakariordeak argi eta garbi  esan zuen kontsulta atzeratu egingo zela Auzitegi Nazionalak azaroaren 9koa legez kanporatzen bazuen. Hauxe esan zuen: “Nik azaroaren 9 horren alde lan egiten dut; eta ezin bada, beste azaroaren 9 bat egongo da”. Joana Ortegak ERCri ere ohartarazi zion gobernuko alderdia izan nahi bazuen ezin ziola legeak betetzeari utzi. Santi Villa Territori i Sostenibilitateko consellerrak oso argi esan zuen TV3ko elkarrizketa batean: “Zuzenbide estatu batean oso garrantzitsua da mundu guztia, logikoki oinarrizko hiritarretatik hasita bere Gobernura arte, beti kontuz ibiltzea, guztiok babesten gaituen legearekin errespetuz jokatuz".

CiUk argi izan du bere bide orria zein zen: galdeketa legea Parlamentean onartzea, ondoren ofizialki galdeketarako deia egitea eta, gero, ezezkoa etortzen denean hau onartzea, bere traizioa ahalik eta hobekien mozorrotuz. Hemen, ordea, ez dago ustekabekorik; Artur Masek hasieratik ezarri zuen galdeketaren deialdia bi faktoreren menpe: PPren aldetik onarpena edo baimena edukitzea eta ERCek CiUren murrizketa politika babestea. Hala ere, oso aurreikustekoa izanagatik, ezin  nabarmendu gabe utzi CiUk estatu boterearekiko duen jarrera sumisoa, bere zinismoa eta koldarkeria. Oraingoan ere oinarrizko eskema betiko berdina izan da: inongo erreparorik gabe herri kataluniarraren sentimendu demokratikoekin jolastea ordezkatzen duen klasearen, burgesia kataluniarraren, interesak indartzeko. Kataluniako bankari eta enpresari handiek ez dute independentzia nahi, itun fiskala eta kontrol politikoko palanka gehiago nahi dituzte, “Estatu mekanismo”deritzen horiek.

Autodeterminaziorako eskubidea eta sozialismoaren aldeko borroka

Begi bistakoa da hasiera batetik, CiUk galdeketaren “deialdia ezeztatzearen” kasuan ez zuela B plan bat bakarrik, eta bazituela C, D eta E planak ere. Gehien “filtratu” dena datozen hauteskunde autonomikoei izaera plebiszitario bat ematearena izan da; horrela legealdia 2016ra arte amaitzen saiatuko litzateke, osasungintza, hezkuntza eta zerbitzu publikoen deuseztatze lanak osatzeko.

 

Zein izan behar du Katalunian benetako aldaketa sakon bat nahi duen ezkerraren lehentasuna? CiUren maniobra tamalgarriak, bere traizioa eta ustelkerian duen eskandaluzko inplikazio hori guztia erabili behar dira, behingoz, Generalitatetik kanporatzeko; eskuina, bai kataluniarra bai espainiarra, garaitu behar da hauteskundeetan nahiz kalean, eta baita honen babesle den sozialdemokrazia ere. Autodeterminazio eskubidea gizartearen eraldaketa sozialistaren programari loturik duen benetako ezkerreko programa eduki eta hau modurik hoberenean praktikara eramango duen ezkerreko Generalitat baten alde borrokatu behar da.

Informazio gehigarria