Sistemak masen borroka feministari erantzuten dio. Euren morala eta geurea

Martxoaren 8ko greba feministak historia egin du. Aurrekaririk gabeko mobilizazio eguna izan da eta ez da errez ahaztuko. Azken aldian, emakume langile eta borrokalarien arteko harremanaren indartzearen lekuko eta protagonista izan gara, inoiz baino gehiago batu baitira egoera lazgarri honetatik askatzeko, kateak apurtzeko. Lapikoa bor-bor dago eta begiak sutan. Mobilizazioak erabat agerian utzi ditu eskuineko buruzagiak, gizon zein emakumeak, erasoen benetako erantzuleak; baita hankaz gora utzi ere greba egun hau deskafeinatzeko edo saboteatzeko alderdi zein sindikatu erreformistetako buruzagien asmoak. Martxoaren 8an izan dugu masen, eta eskuarki emakumeen, izaera iraultzailea ikusteko parada ezin hobea, eliteei erakusteko ez gaudela prest euren esklabo material eta sexualak izateko eta nekez isilaraziko dutela munduko populazioaren erdia.

DXxFVz5XcAALd5U

 

Argentinatik AEBetara, Poloniatik Egiptora, milioika emakume ari gara iraultza bat aurrera eramaten, eta hori ez zaie oharkabean pasa munduko boteretsuenei. Aipaturiko iraultza honek irismen historikoa dauka eta bere sustraiak bete-betean ditu erroturik sistema honen krisi ekonomiko luzean eta munduko populazioaren erdiak duen etorkizunera begirako esperantza faltaz elikatzen da. Emakume zein gizon boteretsu horiek –nazioarteko plutokrazia bera osatzen dutenak– desafio erraldoi honen oso jakitun dira, datorren martxoaren 8an inoiz ez bezalako greba feministan gauzatuko dena, klase borrokarako eszenatoki ezinbestekoa bilakatu baita. Horretarako, boterearen propaganda zentroek jarri dute euren makinaria lanean buru-belarri, emakume langilearen askapenerako mugimendu erraldoia hutsaltzeko asmoz –bere eduki iraultzailea karrakatuz, hauxe bera asimilatzeko–.

Biktimak borrero bihurtuta

Eraso zitalenetan zitalena dugu Catherine Milletek bidalitakoa, MeToo-ren kontrako manifestu famatuan, ehun bat emakume frantsesek sinatu zutena. Emakume estatubatuarren mugimendua mehatxu garbia da, argudiatzen du Milletek, “puritanismo” berria berpiztu eta gizonen aurkako “sorgin-ehiza” bat abiarazteko arriskua baitakar.

Catherine Millet mespretxu krudel baten erakusgarri agertu da, bere manifestu-kideekin batera, indarkeria matxistaren biktimekiko: “Asko sentitzen dut bortxatua ez izana, horrela bortxaketa bat gainditzerik ere badagoela erakusteko” esan zuen ez duela asko elkarrizketa batean. Beste batean, argi utzi zuen berriz ere moral usteldua duela erabat: “Duela gutxi, gaztetan bortxatua izana zen emakume abokatu baten elkarrizketa irakurri nuen. Honek bere bezero emakumeei ez salatzeko eta auzitegitara ez joateko aholkatzen zien, beraien sufrimenduaren menpekoak izaten jarraitu nahi ez bazuten. “Ondorio fisiko larriak dauden kasuetan salbu, nik uste dut buruak gorputza garaitu dezakeela”.[1]

Enpatia ez da inoiz izan burgesiaren bertutea. “Izate sozialak kontzientzia determinatzen du”, baieztatzen zuen Marxek, eta idazle, aktoresa, filosofo, kazetari eta arte-kritikari emakumeen talde honek adibide paregabea eskaintzen du, diruaz gainezka bizi direlako, luxu, arropa esklusibo, etxe galantak eta gizarte-aintzatespena daukatelako barra-barra.

Generoa eta klasea

Ez al diote feministek hitza liberatu dela? Ba, horrela bada, gure hitzak haien hitzak bezain beste balio du.2

Catherine Millet

Emakume langilearen bizitzak egon behar du inguratuta erosotasun berdinez, garbitasun berdinez, higiene berdinez, edertasun berdinez, orain arte klase dirudunetako emakumeen ingurunea osatzen baino ez zuena.

Alexandra Kollóntai, Komunismoa eta familia (1918)

Euren baldintza materialek ez dute zerikusirik emakume zapaldu, diskriminatu eta abusatuek jasan behar dituztenekin, bai etxean bai fabrikan edo langabezian. Lehenengoak emakume arrakastatsuak dira kapitalismoari esker. Hortaz, kapitalismo hori bera defenditzen dute, hori egiteak matxismoaren aldarrikapen latza egitea esan nahi badu ere. Hain da horrela, non manifestuaren beste sinatzaile batek baieztatzen baitu “orgasmo bat eduki daitekeela bortxaketa batean”.

Ez dira iritzi bakanak. Emakume burgesaren ideologia da, emakume burgesaren baloreak eta emakume horiek ideologia eta balore horien bozeramaile publikoak. Frantzian, AEBn, espainiar Estatuan… adibideak soberan daude. Mónica Oriolek, Enpresaburuen Zirkuluko zuzendariak, nahiago du “45 urte edo gehiagoko emakume bat edo 25 urte baino gutxiagoko bat, emakumea haurdun geratuz gero, arazo bilakatzen delako”. Horixe laburpen ondradua soldatapekoak eta enpresariak lotzen dituen “ahizpatasunaz”.

Askatasuna? Berdintasuna?

Gizon batek gogaitzen zaituenean, askatasuna duzu esateko hori egiteari utz diezaion.4

Catherine Millet

Askatasunaren oinarria da, beraz, geure buruen eta kanpoko naturaren gaineko menderatzea (…) banakoen existentzia-bitartekoengatiko larritasunik gabe...

Federico Engels, Anti-Dühring (1878)

Ez, emakumeak ez gara berdinak genero berdina izateagatik. Askatasun desberdinez mintzatzen zara zure paristar bulegoan, non Art Press aldizkaria zuzentzen baituzu, edo zure lanpostuan zaudenean El Corte Inglés-en eta zure nagusiak “chochito” deitzen dizunean.5 Gure askatasuna beste faktore batzuek baldintzatzen dute: gure klase sozialak, etxe-esklabotzatik emantzipatzeko ditugun aukerak, independentzia ekonomikoa eta goza genezakeen heziketa kulturala.

 

Milioika emakumeentzako hain da mugatua askatasun hori non ezin baitute ihes egin umiliatu, jipoitu eta erailtzen dituztenetatik. Ez da beharrezkoa marxista izatea hori ulertzeko. NAO-k honakoa dinosku emakume eta neskatila pobreen inguruan: “aukera gutxiago dituzte harreman biolentoetatik ihes egiteko, diru-sarrera eta baliabide-gabeziagatik, pairatzen baldin badute bortizkeria domestikoa zein bikotearen aldetiko bortizkeria”.6

Gure askatasuna ez da horrelakoa, emakumeak izateaz gain, langileak ere bagarelako eta gure kateak existitu egiten dira. Esklabu baten esklaboak gara, eta guztiok, langile klaseko emakume zein gizonok, burgesiaren jabetza gara. Soldatapeko esklabo modernoak garenez gero, burges batek behar duenean baino ez da erosten gure lana. Hori dela eta, antzinaroko esklaboek ez bezala, ez dugu existentzia ziurtaturik.

Justizia?

Milleten arabera, “justiziak akatsak ditu eta ukaezina da gauzek ihes egiten diela, baina bizi garen gizarteak onartzen du gizartea bera dela epaitzeko arduraduna eta ez auzitegi popular bat”. Ideia horiek ez dira inolaz ere inuzenteak: defendatzen dute Estatu kapitalistak berak gure segurtasuna “zaindu” behar duela, emakumeen aurkako bortizkeria babestu eta sozializatzen duen bitartean. Horregatik, Millet bera ere bada kontsekuentea horrelako justizia baten alde agertzean, hots, bere klaseko izaera basatia erakusten duena egunero, matxista eta patriarkala.

Tarana Burkek7, Harlem auzo newyorktarreko aktibistak, azaltzen duen legez: “MeToo  biziraun dutenen arteko elkarrizketak hasi zuen txinparta da: jakizu ez zaudela bakarrik, niri ere gertatu zait eta”. Emakume erasotuak Milleten justiziagatik abandonaturik sentitzen dira. Mundu osoko Juana Rivas-ak, gaizkileak bihurtuta euren seme-alabak babesteagatik tratu txarrak ematen dizkieten aitengandik; milioika emakume asesinatuak, martirizatuak eta bortxatuak, La Manada-k modu basatian erasoturiko neska gaztea bezala Iruñean… haiek inoiz ez dute aurkituko ez kontsolamendurik ez justiziarik Milleten gizarte “aske eta justuan”.

Sexualitatea

Gazteagoa nintzenean, inoiz gizonen bat etorri zitzaidan nire kontra igurtzera garraiobide publikoetan, eta ez nintzen horregatik hil edota ezindua bilakatu

Catherine Millet.

“Erreprimitu hutsa zara. Langile borrokalaria izan nahi baduzu, sexualki askatu behar zara”. Eta nik horri erantzuten nion: “Askatuko naiz nahi dudanean eta nik nahi dudanarekin. Eta hori erreprimitua izatea bada, banaiz eta kitto”.

Paqui Jiménez,  langilea eta1971eko Bartzelonako greban borrokalaria

Fintasun intelektualik ez dugunoi erakusten digu Milletek onberatasunez heziketa sexuala. Izan ere, berak baieztatzen du “harreman sexualak izatea eta desira sentitzea jarduera bananduak direla. (…) Ez nabil handizkatzen, diodanean 35 urteak bete arte ez nuela kontuan hartu neure gozamena harreman sexual baten helburutzat”.8 Hori al da “bere” askatze sexuala? Herria garenez gero, errefrauen bildumatik abiatuta erantzungo diogu: Esaidazu zertaz presumitzen duzun, eta esango dizut zer ez duzun.

Aitorpen horiek “hogeita hamarna bat gizonek berataz gozatu dutela ordu batean” bezalako informazioarekin batera datoz, bere La vida sexual de Catherine M. liburuan. Ez gara bere sexualitatearen jendarmeak izango, bere morala ez baita geurea. Ez dugu promiskuatzat joko, puritanismoak gogaitzen gaituelako, matxismoak, homofobiak eta transfobiak gogaitzen gaituzten bezala. Pertsonen intimitatea inbaditzearen aurkakoak gara, soilik exijitzen dugu egiazko askatasuna indibiduo bakoitzak erabaki dezan zer nahi duen eta zer ez, bere harreman sexualetan –honek, bide batez, prostituzioa izurri kriminal bat bihurtzen du–. Eta, hortaz, borrokan jarraituko dugu, edozein enpresarik, nagusik, bikotek, familiarrek, auzokidek edo lankidek emakume bat bortxa ez dezan.

Borrokak aske egiten gaitu

Utzi behar diogu sinesteari emakumea beti dela biktima.

Catherine Millet

Antola zaitez, antolatua izan nahi ez baduzu.

Kellyak, pisuetako zerbitzariak.

Emakume langileen zapalkuntza ez da indibidualki prozesa dezakegun sinesmen bat, ezin hobeki dokumentaturiko errealitate bat baizik, gizateriaren erdiaren sufrimendua eragiten duena.

Izan ere, “berdintasuna, askatasuna eta justizia” kontzeptu burgesa da, hain zuzen ere, zapalkuntza moral, ideologiko eta ekonomikoaren biktima bihurtzen gaituena eta Milletek, Angela Merkelek, Esperanza Aguirrek, Cristine Lagardek eta beraien klase kideek eusten duten kontzeptu bera. Kapitalismoa matxista izan zen eta izango da. Hala ere, horri dagokiolarik, Millet lasai egon daiteke. Ez gaude prest babesgabeko biktimak izateko. Espartarrak eta Kelly-ak gara, bizirik, aske eta borrokalari nahi ditugu geure buruak. Badakigu inork ez digula ezer oparituko, baina martxan gaude eta ez dugu etsiko, gure gogo biziak betetzen ditugun arte.

El País, 13/01/18.

El País, 13/01/18.

3 El País, 15/01/18.

4 El País, 13/01/18.

El País el 6/12/16

6 http://www.unwomen.org/es/news/in-focus/end-violence-against-women/2014/poverty7 eldiario.es, 11/12/17

8 http://www.letraslibres.com/mexico/libros/la-vida-sexual-catherine-m-catherine-millet

Informazio gehigarria