Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko greba eta mobilizazioak EAEn

Irakasle, langile eta ikasleak elkarrekin borrokan aurrera jarraitu behar dugu, kalitatezko hezkuntza publiko eta euskaldun baten alde!

Heziberri eta 3+2 kanpora!

 

Pasa den abenduaren 12an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Irakaskuntza Publiko ez unibertsitarioko milaka irakasle eta langilek greba egun bateratua egin zuten ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek eta baita CCOO eta UGT sindikatuek deituriko greba egunean. Greba egun hau ELA, LAB eta STEILASek udazkenean hezkuntza publikoan bultzatu zituen mobilizazioen puntu goren gisa planteatu zen.

Ikasle Sindikatutik beste behin bat egin dugu borroka honekin, ikasleak hezkuntza publikoaren aldeko borrokaren garrantziaz kontzientziatuz eta irakasle eta langileekin batera kalera ateratzera deituz. Aurreko ikasturte hasieran errebalida frankisten aurka ikasleek hasi genuen borroka masiboaren ondoren, udaberrian irakasle eta langileak jarraitu zuten ikasleekin batera Eusko Jaurlaritzak euskal hezkuntza publikoan mantendu dituen murrizketa politiken eta Heziberriren -euskal LOMCEaren- aurka.

EAJ-PSEren jarrera, beste behin, mobilizazioaren aurka egitea izan da, hori kriminalizatuz eta arrazoirik ez dagoela esanez, bertan bizi den egoera prekarioa eta arazoak ezkutatzen saiatuz. Ez da harritzekoa ordea beren jarrera. EAEn hezkuntza pribatu eta kontzertatuaren negozioa inon baino handiagoa da eta bertara bideratzen den diru publikoan patronalek dituzten interesak defendatu nahi dituzte. Hezkuntza publikoaren egoera tamalgarria, krisi kapitalistaren aurrean enpresari handiak eta bankariak are gehiago aberasteko eta langile familien bizi maila zentzu guztietan okertzeko politiken ondorio zuzena da. EAJ betidanik izan da politika hauen defendatzaile, PP eta PSE bezala. Horien arabera, ez dago dirurik zerbitzu publiko eta sozialetarako, funtsean enpresariak aberastu behar direlako. Beraz, ordaindu dezakeenak bakarrik edukiko du kalitatezko hezkuntza edo osasungintza, etab. jasotzeko aukera.

Esate baterako, EITBk urtero gabonetan antolatzen duen maratoian aurten bildu dena AHTren 6 metro kostatzen den berbera. Hor argi ikusten da, kaltetarako besterik ez diren AHT eta Zubietako erraustegian milaka euro gastatzen dituzten bitartean, gizarteak beharrezkoak dituen zerbitzuetan murrizketak egiten direla. Dena beste behin, enpresa pribatuak aberasteko helburuarekin.

Egoera hau iraultzeko min gehien egiten zaien tokian jo behar zaie: kaleko mobilizazioan. Horregatik borrokak aurrea jarraitu behar du. Horrela lortu zen pasa den ikasturtean errebalida frankistak eraistea. Kaleko borrokarekin lortu ziren eskubide sozialak, hezkuntza publikoa barne, eta modu horretan bakarrik defendatu ahalko ditugu. Horregatik, beharrezkoa da kaleko borrokarekin jarraitzea, EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzak -PPrekin aliatua dagoena- atzera egin arte eta gure aldarrikapenak onartu arte.

Udazkeneko eta Abenduak 12ko mobilizazioak aurrerapauso bat izan dira Hezkuntza Publikoaren aldeko borrokan. Urte berrian borrokak aurrera jarraitu behar du, batasun eta indar handiena lortuz irakasle, langile eta ikasleen artean.

Informazio gehigarria