Hezkuntza publikoaren aldeko gazteriaren borrokak Wert botatzea eta errebalida frankistak bertan behera uztea lortu du

“Wert Legea” bezala ere ezagutzen den LOMCEk ikaslegeletan izango dituen ondorioei buruzko zalantzekin hasi da ikasturtea. Euskal Autonomi Erkidegoaren kasuan, EAJren gobernuak LOMCE ez dela aplikatuko esan arren, martxan jarriko dira lege frankista honek biltzen dituen aldaketa batzuk. Horregatik, hezkuntza komunitateak ezin du EAJrengan konfiantzarik izan Madrilen aplikatutakoari aurre egiteko. EAJk hezkuntza publikoa suntsitzea defendatzen du hezkuntza negozio bezala ulertzen dutenen mesedetan. Gurasoen, irakasleen eta ikasleen borroka bateratuak bakarrik berma dezake kalitatezko hezkuntza publiko, doako, laiko eta euskalduna. Nafarroan ere, mobilizazioa oinarrizkoa izango da gobernu berriak atzera egin dezan bermatu ahal izateko, azken urteetan UPNk hezkuntza publikoan aplikatutako murrizketak bertan behera uzteko eta euskaraz ikasteko eskubidea errealitate bihurtzeko.

wert

 

Pasa den uda honetan Rajoyen Gobernuak emandako atzera pausoek erakusten dute ikasleen antolakuntza eta borroka eraginkorra direla hezkuntza publikoaren aurkako erasoak geratzeko bide bakarra. Wert gobernutik atera zuten atzeko atetik eta zaratarik atera nahi izan gabe. Hezkuntza frankista inposatu nahi zuen ministro honek hezkuntza komunitate osoaren gorrotoa irabazi zuen. Wert eta hezkuntzako bere eredu klasista karga bat ziren PPrentzat hauteskundeetarako eta gobernuak paretik kentzeko erabakia hartu zuen; hori bai, erdi gordeka ibili ziren errealitatea zena ezkutatzeko helburuarekin: Wert ez da joan, bota egin dugu! 

Presio sozialaren ondorioz PPk hauteskundeetarako aurpegia garbitzeko zuen beharragatik, Werten kanporatzeari mobilizazioaren beste garaipen bat gehitu zitzaion: DBH eta Batxilergoko errebalida frankistak ezabatzea, LOMCEren neurri gogorrenetakoa. Azken urteetan estatu mailan izandako mobilizazio erraldoien ondorioz atzera egin behar izan dute hezkuntza publikoa suntsitzeko beren estrategiako neurri gogorretako batean. Gobernutik bota baino lehenago! 

PP amildegiaren hertzean dabil eta puntuak irabazi nahi ditu. 2016ko aurrekontuak “errekuperazioaren” aurrekontuak bezala saldu nahi izan dizkigute. Osasunaren eta hezkuntzaren alde egingo dutela diote, baina propaganda hau guztia gezurra besterik ez da. Beken partida %0,2 bakarrik igotzen da Estatuko Aurrekontu Orokorretan, 1.472 milioi eurotaraino (PP gobernura iritsi baino lehen beketara bideratzen ziren 1.600 milioien azpitik geratzen da).

Beste “neurri handietakoa” jangela eta testu liburuetarako laguntzak berreskuratzea da, 24 milioi eurorekin. Lau haizetara zabaldutako neurri hau, ordea, kasualitatez, PPk berak kendu zuen eta PPk guraizea sartu baino lehen aurrekontua 100 milioi eurokoa zen, eta orduan ere inondik ere ez zen nahikoa.

PP eta EAJ LOMCE aplikatzen ikasturtearen hasieratik

Propagandak propaganda, garbi dago PPren bide orriak berdina izaten jarraitzen duela: murrizketak eta murrizketa gehiago hezkuntza publikoari langileen seme-alabak ikasgeletatik kanporatzeko eta ikasketak ordaintzeko aukera aberatsek bakarrik izan dezaketen sistema sortzeko. Estrategia honekin bat egiten du, erabat, euskal eskuinak. Ikasturte honen hasieratik ikusi dugu EAJk zer egiten duen benetako orduan. Betiko helburuak bilatzen jarraitzen du eta, azken finean, PPk duen jomuga berbera du: hezkuntza publikoa eta gainontzeko zerbitzu publikoak suntsitzea eta hezkuntza pribatuaren, bankuen, enpresa handien eta inbertsio fondoen interesak eta pribilegioak defendatzea. 

Euskal Herriko azken urteetako gurasoen, irakasleen eta ikasleon mobilizazio sozialaren presioak EAJren benetako aurpegia erakutsi du. EAJren gobernuak mota guztietako eufemismoak bilatu behar izan ditu LOMCE aplikatzeak dakartzan neurriei buruz hitz egiteko (Heziberri Curriculuma). Jartzen dioten izena jartzen diotela ere, EAJren helburua LOMCE aplikatzea izan da ikasturte hasieratik. 

Ondorioa garbi dago. EAJk LOMCE aplikatzeko helburuan atzera egiteko bide bakarra dago: borroka antolatua. Komunikabideek datozen hauteskunde orokorretara mugatzen dute lege honen etorkizuna, baina PPk hauteskundeak galduko balitu ere ez dago bermatuta gobernu berriak LOMCE bertan behera utziko duela edo murrizketa gehiago egingo ez dituela. Gobernu berriak kapitalista handien presio handiak izango ditu, Iruñean Joseba Asironi, Barcelonan Ada Colauri edo ezkerreko gobernuak dauden udaletxeei gertatzen zaien moduan. Ikasle Sindikatuan borrokaren bandera altxatuta mantentzen dugu Estatu osoko ikasleekin batera, bai PPren gobernutik datozen murrizketei, eta baita Gasteizko EAJren gobernuak aplikatzen dituenei ere, aurre egiteko.

Kuporik ez! Murrizketarik ez! Errefuxiatuak ongi etorri!

Bestetik, ikasturte hau gazteriarengan ere eragin handia izan duen gertakizun batekin hasi da. Gerratik eta basakeriatik alde egin duten ehunka mila errefuxiaturen irudiak ikusi ditugu Europa “zibilizatuarekin” talka egiten: ilara amaigabeak, alanbradak, poliziak eta baldintza miserableak dituzten kontzentrazio esparruak. Merkel, Cameron eta Rajoy bezalako agintari politiko europarren jarrera lotsagarria izan da eta saminez bete gaitu. Agintari hauek ez dute inolako zalantzarik izan Afrikan eta Ekialde Hurbilean gerra inperialistak babesteko multinazional gutxi batzuen izenean. Herrialde osoak suntsitu dituzten hauek itxurakeria galanta egiten dute kameren aurrean errefuxiatuen egoeraz larrituta baleude bezala, baina beraiek dira milioika pertsonek sufritzen duten amesgaiztoaren arduradunak.   

Banku eta multinazional handiei milaka milioi oparitzeko hezkuntza eta osasun publikoa suntsitzen dituzten berberak dira, Melilla eta Ceutan harresiak egiten dituztenak eta pasatzea lortzen duten etorkinak espetxeen moduko zentroetan sartzen dituztenak. Ikasle Sindikatutik, solidarioz aurkeztu nahi diren agintari europarren hipokresia salatzen dugu. Eta aldi berean, Euskal Herrian eta Europa osoan herritarren zati handi batek adierazitako elkartasuna ospatzen dugu. 

 

Honegatik guztiagatik antolatu du Ikasle Sindikatuak irailaren bukaeran errefuxiatuen aldeko kanpaina Euskal Herriko eta Estatuko institutuetan eta unibertsitateetan: garbi uzteko gu zapalduen aldean gaudela, bankuak salbatzeko baliabide guztiak errefuxiatuak hartzeko erabiltzea exijitzeko eta Europan bizi garen langile eta gazte guztiontzat ogia, aterpea, etxebizitza, osasuna eta hezkuntza bermatzeko.

Informazio gehigarria